Iranek Irakeko Kurdistanen egindako erasoak are gehiago narrastu du egoera Ekialde Hurbilean

Teheranek Arbil bonbardatu du, eta gutxienez lau zibil hil. Helburutzat «Israelgo espioiak» zeuzkala esanez justifikatu du erasoa.

ARBIL. IRAKEKO KURDISTAN
Pertsona bat, gaur, Arbilgo erasoaren jomuga izan den etxebizitzaren paretik pasatzen. EFE
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 16a
15:00
Entzun

Arbilen, hau da, Iraken menpeko Kurdistango hiriburuan gaur goizaldean egin duen erasoak «Israelgo espioiak» zituen helburu, Irango iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Jaurtitako misilek, ordea, lau zibil hil dituzte, eta gutxienez dozena bat zauritu. Hango eskualdeko gobernuak, Irakek eta nazioarteak, oro har, bonbardaketa gaitzetsi dute, baina Teheranek justifikatu egin du, argudiatuz eskubidea duela «herrialdearen segurtasunarentzako mehatxuei» aurre egiteko. Gaineratu du, bide batez, Razi Musavi Irango Guardia Iraultzailearen buruzagiaren hilketari —abendu bukaeran hil zuten, Damaskon, Israeli egotzitako eraso batean— emandako erantzuna izan dela. Edonola ere, gaur gertatutakoak are gehiago narrastu du Ekialde Hurbileko egoera.

Masrour Barzani Kurdistango Eskualde Autonomoko lehen ministroa Munduko Ekonomia Foroan parte hartzen ari da, Davosen (Suitza), eta han nabarmendu du Iranek emandako arrazoiek ez dutela oinarririk. Irakeko Gobernuak ere esan du Iranen azalpenak «faltsuak» direla.Horrekin lotuta, Iranen aldeko milizia batek 2023 amaieran esan zuen Israelgo indarren base bati eraso egin ziola Arbilen; halere, gobernu autonomoaren bozeramaileak azpimarratu zuen han ez dagoela indar horien baserik.

Gertatutakoaren harira, Bagdadeko gobernuak dei egin dio Teheranek Iraken duen enbaxadoreari, eta iragarri du, gainera, kexa bat plazaratuko duela NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan.

Iranen erasoa
 

Arbilgo erasoan hildakoetako bat Peshraw Dzeyi enpresaria da, Falcon Group enpresa taldearen jabea, Iraken menpeko Kurdistango iturri ofizialean arabera. Gutxienez bost misil lehertu dira haren etxebizitzan. Ez da, dena den, Iranek Irakeko Kurdistango enpresari baten aurka egindako lehen erasoa. Duela bi urteko martxoan, dozena bat misil jaurti zituen Arbilen, hango beste enpresari baten etxebizitzaren kontra —ez zuten izenik plazaratu—; Irango Guardia Iraultzaileak esan zuen «konspirazio sionistaren gune estrategiko baten» aurkakoa izan zela bonbardaketa hura.

Irakeko Parlamentuko ikerketa batzorde batek ez zuen aurkitu enpresaria espioitzarekin lotuko zuketen frogarik. Irakeko, Irango eta Turkiako iturriek Reuters AEBetako berri agentziari adierazi ziotenez, ordea, eraso haren arrazoia zera izan zen, enpresari hura plan bat diseinatzen ari zela Israelen laguntzarekin, Turkiara eta Europara gasa esportatzeko, eta Iranek bere interes ekonomiko eta geopolitikoen kontrakotzat jo zuela hori.

Sirian ere bai

Ekialde Hurbilean EI Estatu Islamikoaren aurka egiteko sortutako nazioarteko koalizioak, AEBak buru dituenak, base bat du Arbilen, eta Iranek hiru drone jaurti ditu gaur haren kontra. Irakeko Kurdistango iturriek esan dute txikitu egin dituztela. AEBek base gehiago dituzte han eta Iraken, eta Iranen aldeko milizien helburu izan ohi dira. Eskualde autonomoko gobernuaren iritziz, baina, oraindik ez da AEBek han dituzten tropak erretiratzeko garaia. «Ez dut uste terrorismoa bukatu denik; oraindik ere jokoan dago egonkortasuna».

Iranek, gainera, Siria ere bonbardatu du goizaldean, Guardia Iraultzaileak jakinarazi duenez. Ohar batean zehaztu duenez, «talde terroristak» zituen helburu erasoak, «bereziki Daex [hala deitzen diote EIri]». Aintzat hartu behar da EIk bere gain hartu zuela hilaren 3an Iranen, Kerman hirian, gutxienez 80 pertsona hil zituen erasoa, errepublikan inoiz hildako gehien eragin dituena. Teheranek gaur hartu du mendekua, Sirian, Atzerri Ministerioko bozeramaile Naser Kananiren hitzak kontuan hartuz gero: «Herrialdearen segurtasunaren aurka egin dutenei Teheranek emandako bidezko zigorraren parte dira operazioak [bonbardaketak]».

Bestalde, handik ez oso urrun, Turkiako armadak PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren 23 helburu «txikitu» ditu azken orduetan, Ankarak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.