Hormuzko itsasartea ixteko mehatxua egin ondoren, Iranek ez du AEBen presioei men egiteko asmorik, eta lehengo asteburuan Persiako Golkoan hasi zituen ariketa militarrekin jarraitzeko asmoa du. Mahmud Mussavi almiranteak jakinarazi duenez, irismen luzeko misilekin probak egiteko asmoa dute gaur. Israeleraino eta AEBek Ekialde Hurbilean dituzten baseetaraino ailegatzeko gaitasuna duten misilak ditu Iranek. Maniobrak heldu den aste hasieran dira bukatzekoak. «Azken partean itsas armada prestatuko dugu, gerra egoera batean etsaiari aurre egiteko», azaldu du Mussavik.
Teheranen programa nuklearra dela eta, AEBek eta haien aliatuek Irango Banku Zentralaren aurkako zigorrak ezartzeko asmoa dute, horrek herrialdearen petrolio industria ito lezake. Horri erantzuteko, Persiako Golkoa eta Indiako Ozeanoa lotzen dituen Hormuzko itsasartea ixteko mehatxua egin du Iranek, neurri horrek, era berean, AEBetara, Europa mendebaldera eta Asia ekialdera doazen petrolio esportazioak etengo lituzkeelako. Azken egunetan AEBek eta Iranek elkarri erasotzeko mehatxuak egin dizkiote.
Israel ere mehatxuka
Israel ere gehitu da tentsio eta mehatxu girora. Benny Gantz armadako buruaren ustez Iranen programa nuklearrari «aurre egitea» posible da «Israelgo eta nazioarteko prestaketa lanekin». Lan horien zehaztasunak, baina, oraingoz ez dituela emanen erran du Gantzek. Armadako buruaren ustez Iran arma nuklearrak egiten ari da, eta hori «larritzeko motiboa da Israelentzat eta mundu osoarentzat». Iragan azaroan ere Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk Irani erasotzeko aukera aipatu zuen, programa nuklearra aitzakiatzat hartuta. Hori izan zen Mendebaldearen eta Teheranen arteko azken tentsio aldi handia. 2010eko azaroan, berriz, Joe Biden AEBetako presidenteordeari erran zion soilik Irani erasotzeko mehatxu «sinesgarriak» utzi zezakeela bertan behera programa nuklearra.
Iranek irismen luzeko misilak probatuko ditu Persiako Golkoan
Hormuzko itsasartea ixteko mehatxuari eutsi dio Teheranek; «gerra egoerarako» prestatzen ari dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu