Iranen aurkako zigorrak onartu ditu EBk, baina petrolio enbargorik ez

Ahmadinejadek ez du uste hartutako neurriek kalte egingo diotenik, Europak petrolio dependentzia duelako

2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Irango erregimena ekonomia eta politika arloan ahalik eta gehien estutu nahi du EB Europako Batasunak, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Teherango programa nuklearrak jarduera militarrekin loturak dituela ohartarazi duenetik. Hori horrela, zigor berriak onartu ditu, Irango finantza sistemari «gogor» eragiteko asmoz: 180 funtzionario eta enpresei batasunean dituzten ondasunak izoztu dizkie, eta hara bidaiatzeko debekua ezarri die.

Teherani petrolioa erosteko debekua onartzeko adostasunik, baina, ez dute lortu, neurria Europaren kalterako litzatekeelako. Izan ere, hainbat herrialdek Irango petrolioarekiko dependentzia handia dute. Dena den, EBko Atzerri ministroek ez dute petrolio enbargo bat onartzeko aukera guztiz baztertu. Bi hilabete barru berriz bilduko dira, eta orduan hartuko dute erabakia. Beraz, ez dirudi iragarritako neurriek Mahmud Ahmadinejaden erregimenari kalte handirik eragingo diotenik.

Iaz, EBk atzerritik erositako petrolioaren %5,4 Irandik eskuratu zuen, baina hainbat herrialdetan ehunekoa askoz handiagoa da. Dena den, Ahmadinejaden erregimena ez dago Europaren petrolio enbargo posible batekin oso kezkatuta. 2010ean ekoizpenaren %18 batasuneko herrialdeei saldu bazien ere, Txinaren —Iranen bezero nagusia— eta Indiaren petrolio egarri ase ezinean irteera topatuko lukeela uste du. Hain justu, Txina NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan zigor gogorragoak jartzearen aurka baldin badago, petrolio beharragatik da.

Erasoa gaitzetsi dute

Atzo onartutako neurriak programa nuklearraren harira hartu dituztela gogorarazi dute, eta ez dutela zerikusirik asteartean Erresuma Batuak Teheranen duen enbaxadari ehunka ikasle islamikok eraso egin izanak. Dena den, EBko Atzerri ministroek erasoa gaitzetsi dute, eta Irani «merezi duen erantzuna emango diotela» jakinarazi dute. Ez dute, baina, neurririk zehaztu.

William Hague Erresuma Batuko Atzerri ministroak, hain justu, ekonomia arloan presioa handitzea eskatu du, Irango finantza sektorea bakartzeko. Era berean, nazioartetik jaso duten elkartasuna eskertu du. Izan ere, herrialde gehienek gaitzetsi dute erasoa. EBko enbaxadoreak Erresuma Batuaren Teherango enbaxada ikustera joan ziren, atzo. Poliziak hurbiltzea galarazi zien hasiera batean, baina gero bidea ireki zien. Eraikina suntsituta dagoela azaldu dute, eta grafitiz josita dagoela. Heriotza Erresuma Batuari! eta Heriotza erreginari! dira gehien errepikatzen diren leloak.

AEBak presio egiten

AEBetako ordezkarien ganberan, alderdi errepublikanoko eta alderdi demokratako buruek Irango Banku Zentralaren aurkako neurriak eskatu dituzte, programa nuklearra oztopatzeko. Wendy Sherman estatu politikarako senatuko zuzendariak jakinarazi du erabaki hori «une egokian» hartuko dutela, izan ere, erabaki arriskutsua izan daitekeela azaldu du, baldin eta babesik gabe egiten bada. Ekintzak eragina izateko bateratua izan behar duela arrazoitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.