AEBek Iran ekonomikoki estutu nahi dute, programa nuklearrarekin aurrera jarraitu ahal izan ez dezan, batik bat IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak jarduera militarrekin loturak dituela ohartarazi duenetik. Helburu horrekin Irango BankuZentralaren aurkako zigorrak onartu dituzte Senatuan, erabateko babesarekin.
Senatari guztiak ados jarri dira Teherani aurrez ezarritako zigorrak indartzeko, baina hainbat funtzionariok neurria kritikatu dute, petrolioaren prezioan gorakada eragin dezakeela eta ekonomiarentzat kaltegarria izango dela argudiatuz. Herenegun, hain justu, Wendy Sherman estatu politikarako senatuko zuzendariak jakinarazi zuen banku zentralarekin harremanak hausteko erabakia arriskutsua izan daitekeela nazioartearen babesik gabe eginez gero. Teherani presioa indartzearekin ados dauden arren, zigorrak ongi aztertu eta neurtu behar direla nabarmendu zuen atzo.
Gerra arriskua
Israelgo inteligentzia zerbitzuetako buruzagi ohi Meir Daganek, berriz, ohartarazi du Irani eraso egiteak eskualdean gerra pitz dezakeela eta Hezbolak eta Hamasek gatazka horretan parte hartuko luketela. Hain justu, aitortu du kezkatuta dagoelako erabaki dutela hitz egitea. «Hutsak gerta daitezke, eta nahiago dut hondamendia gertatu baino lehen hitz egin».
Benjamin Netanjahu Israelgo lehen ministroak, bestalde, herenegun adierazi zuen «oraingoz» Irani ez diotela eraso egingo baina aukera guztiak irekita daudela. Teheranek gogor erantzun du, eta herrialdearen interesen alde egiteko prest daudela jakinarazi du.
Bestalde, Erresuma Batutik alde egin dute Irango enbaxadoreek, Londresen ultimatuma betez. Asteartean ehunka ikasle islamikok Londresek Teheranen duen enbaxadari eraso egin zioten, eta Erresuma Batuak enbaxada ixtea eta Irango diplomazialariak herrialdetik kanporatzea erabaki zuen.
Irango Banku Zentralaren aurkako zigorrak onartu dituzte AEBek
Irango diplomazialariak Erresuma Batutik atera dira; Teheranek dio herrialdearen interesen alde egingo duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu