Irango banku oro nazioarteko finantza sistemarentzat «mehatxua» direla argudiatu, eta herrialdea «dirua zuritzeko eremu» gisa izendatu dute AEBek. Horrenbestez, Irango Banku Zentralarekin edo beste ezein bankurekin lotura duen transakzioren bat egiten duen edonork «ekinbide ez zilegitan» aritzeko arriskua duela ohartarazi du Timothy Geithner AEBetako Altxorraren idazkariak. Neurri horrek Irango Banku Zentralaren kontrako zigorrak ezartzeko aukera ematen dio AEBetako Altxorrari.
Erresuma Batuarekin eta Kanadarekin koordinatuta gogortu dituzte AEBek Iranen kontrako presio neurriak, eta zigor gehiago ezartzea ahalbidetzen duen agindu betearazle bat ere sinatu du Barack Obama AEBetako presidenteak. Irango industria petrokimikorako ondasunak, zerbitzuak, teknologia edo bestelako laguntza ematen duen oro zigortzeko aukera aipatzen du aginduak, eta petrolio eta gas alorrei ere eragiten die. AEBek uste dute Iranek industria jarduera horiek guztiak baliatzen dituela erabilera militarra izan dezakeen programa nuklearra garatzeko.
Europako Batasuna ere prest
Irango enpresa, elkarte eta banako ugariri eragingo lieketen zigorrak ari da prestatzen Europako Batasuna ere, eta neurri horiek abenduaren 1eko Atzerri ministroen bileran onartzea nahi du Bruselak. Frantziak jada proposatu du Irani petrolio gehiago ez erosteko, haren programa nuklearra bazterrera uzten duen arte.
Teherango agintariek adierazi dute batere eraginik ez dutela izango AEBek, Kanadak eta Erresuma Batuak Irango finantza sistemaren kontra hartu dituzten zigorrek. Atzerri Ministerioko eledun Ramin Mehmanparastek gaitzetsi egin du Mendebaldearen jarrera, baina AEBetako eta Erresuma Batuko erakundeekiko harreman ekonomikoak «inoizko apalenak» direna erantsi du. Eta zigor neurriak «propaganda hutsa» direla nabarmendu du.
Errusiak «onartezin» iritzi die AEBen zigorrei, eta nazioarteko legeria urratzen dutela uste du.
Irango bankuak eta petrolioa jomugan jarri dituzte AEBek eta Europak
Mendebaldearen zigorrek ez dutela batere eraginik izango erantzun du Teheranek: «Propaganda hutsa da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu