Hirugarren ahaleginean ere ez dira ados jarri, baina beste hitzordu baterako eguna jarri dute: uztailaren 3an Istanbulen bilduko dira Irango eta 5+1 Taldeko adituak. Bi egun jardun dute berbetan, Moskun, Iranen programa nuklearrari buruz, eta Catherine Ashton seikotearen ordezkariak aurrerapausoak egon direla nabarmendu du: «Azkenean, lehenengo aldiz, xehetasun teknikoak ulertzeko beharrari buruzko benetako eztabaidak izan ditugu».
Kexak ere izan dira, ordea, bereziki Iranen aldetik. «Ez gara soilik eztabaidatzera etorri Moskura. Konponbide bat bilatzeko etorri gara. Baina uste dugu beste alderdia ez dagoela prest horretarako», azaldu dio Irango diplomatiko batek Reuters informazio agentziari, bere izena eman barik. Nazioarteak ezarritako zigor ekonomikoak gutzitzea eta uranioa aberasteko eskubidea aitortzea nahi du Iranek, baina seikotea ez dago gertu horretarako. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek —Errusiak, Txinak, Erresuma Batuak, Frantziak eta AEBek— eta Alemaniak osatzen dute seikotea, eta uste dute Iranen programa nuklearrak helburu militarra duela. Teheranek, baina, behin eta berriz ukatu du hori, eta helburu zibila duela nabarmendu.
Hirugarren saioa
Seikoteko Mendebaldeko herrialdeek Irango programa nuklearra eteteko, behatzaileak bidaltzeko eta uranioaren aberastea geldiarazteko eskatzen dute. Hamabost hilabetean harremanak etenda egon ostean, joan den apirilean hasi ziren berriro berbetan seikotea eta Teheran. Harrezkero hiru bilera saio egin dituzte, Istanbulen, Bagdaden eta Moskun.
Irango eta 5+1 Taldeko adituak uztailaren 3an bilduko dira berriz
Moskuko bileran ez dute akordiorik lortu, eta proposamenak aztertzeko denbora hartu nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu