Netanyahuk ohartarazi du Irango «tiranoen» aurka egingo duela

Iranek Israelgo Soroka ospitaleari eraso dio; herrialdeko garrantzitsuenetakoa da. Israelek Iranen zenbait azpiegitura nuklear jo ditu, eta erasoak areagotuko direla jakinarazi du. Trump «bi asteren buruan» da erabaki bat hartzekoa, Etxe Zuriaren arabera.

Holon (Israel), Iranek gauean egindako erasoen ostean. ABIR SULTAN / EFE
Holon (Israel), Iranek gauean egindako erasoen ostean. ABIR SULTAN / EFE
Mikel Garcia Martikorena - Igor Susaeta
2025eko ekainaren 19a
09:19
Entzun 00:00:0000:00:00

Benjamin Netanyahu, Israelgo lehen ministroa: «Irango tiranoen prezio osoa eskatuko dugu». Mezu horrekin gaitzetsi du Israelgo gobernuburuak Iranek gaur goizaldean egin duen erasoa, eta haren agintarien aurka egingo dutela ohartarazi du. Azken egunetan legez, Iranek eta Israelek elkarri misilak botatzen jarraitu dute gaur ere, eta horietako batek Israelgo Soroka ospitalea izan du jomuga, herrialdeko garrantzitsuenetariko bat. Herrialdearen hegoaldeko Beer-Xeva eskualdean dago erietxe hori, eta iturri ofizialek adierazi dute 72 zauritu arin eragin dituela bonbardaketa horrek.

Eraso horrez gain, beste hamaika egin ditu Teheranek: Tel Aviven, Holonen eta Ramat Ganen, besteak beste. Horietan ez da inor hil, eta, larrialdi zerbitzuen datuen arabera, 65 lagun inguru zauritu dituzte.

Netanyahuren bidetik jo du Isaac Herzog Israelgo presidenteak ere. Sare sozialetan argitaratutako mezu batean adierazi duenez, horrelako erasoek gogorarazten diote «zer dagoen jokoan eta zer balio babesten» dituzten. Israelek hainbatetan egin die eraso ospitaleei eta osasun zentroei azken urtean, bai Gazan, bai Libanon, bai Iranen.

(ID_15073362) IRAN ISRAEL CONFLICT
Irango telebista publikoaren eraikina txikituta, gaur. Israelek atzo egin zion eraso. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE

Irango hedabideek kaleratu dutenez, erasoaren helburua ez zen ospitalea, gertu dagoen azpiegitura militar bat baizik. Israelgo hedabideek, ordea, adierazi dute handik bi kilometrora dagoela gertuen dagoen azpiegitura militarra.

Bilera Genevan

Israelek Irango azpiegitura nuklearren aurka egiten jarraitu du gaur. Israelgo armadak ohar batean jakinarazi duenez, erasoaren helburu nagusia plutonioaren ekoizpena gelditzea da. Horretarako, Arak erreaktoreari egin dio eraso —gaur egun geldirik dago—. Armadak argudiatu duenez, Iranek arma nuklearra garatu ez dezan egin dio eraso. Izan ere, plutonioa arma hori egiteko erabil daiteke. Horrenbestez, zazpigarren egunez segidan egin dio eraso Israelek Irani. Eraso horietan gutxienez 224 lagun hil ditu Israelek, Teheranen arabera. Eta Israelgo armadako buruzagi batek hedabideei gaur esan die Iranen 200 misil jaurtigailu inguru txikitu dituztela, joan den ostiralean erasoak hasi zituenetik; hau da, jaurtigailu guztien bi heren inguru.

%82

Zenbat judu israeldar dauden Irani eraso egitearen alde. Israelgo Demokraziarako Institutuak gaur kaleratutako inkesta baten arabera, judu israeldarren %82 daude Israelek Irani eraso egitearen alde; aldiz, israeldar herritartasuna duten palestinarren %65 kontra daude.

Erreaktore horri egindako erasoaren harira, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak baieztatu du ez duela «kalte erradiologikorik» eragin. «Ez dago erabilgarri, eta ez zuen material nuklearrik», zehaztu du NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek, ohar batean. Iranek 2015ean utzi zuen bertan behera instalazio hori handitzeko asmoa; urte hartan AEBekin, Frantziarekin, Txinarekin, Errusiarekin, Erresuma Batuarekin eta Alemaniarekin sinatutako itun nuklearraren ondorio izan zen hori.

Bien bitartean, Iranen kontrako erasoak areagotu egingo direla iragarri du Israelek. Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak sare sozialetan idatzi duenez, armadari agindu dio erasoak areagotzeko: «Lehen ministroak eta biok armadari agindu diogu areagotzeko Irango helburu estrategikoen eta Teherango gobernuaren aurkako erasoen intentsitatea. Horrela, Israelgo Estatuaren aurkako mehatxuak eta aiatolen erregimena bukaraziko ditugu». Geroxeago, Iranek bonbardatutako ospitalera joan denean, komunikabideei adierazi die Ali Khamenei Irango lider gorenak ez lukeela bizirik egon beharko. «Hitler modernoa da». Aintzat hartu behar da Israelek 55.700 pertsona hil dituela Gazan 2023ko urritik, hango iturri ofizialen arabera.

Bien bitartean, AEBek ere Irani airez eraso egiteko plan bati oniritzia eman dio Donald Trump Etxe Zuriko maizterrak. Hori kaleratu dute AEBetako zenbait hedabidek, administrazioko eta Pentagonoko iturriak aipatuz. Dena den, erasoaldian ez parte hartzeko aukera ere mahai gainean dago, informazio horiek diotenez. Etxe Zuriak gaur iluntzean baieztatu du Trump bi asteren buruan dela «erabaki bat» hartzekoa.

Europako potentzia nagusiek Israelen «defendatzeko eskubidea» nabarmendu dute, duela astebete Israelek, lehendabizi, Irani eraso egin zionetik. Dena den, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak proposatu diote Teherani bilera bat egitea, eta herrialde horietako Atzerri ministroak bihar biltzekoak dira, Genevan (Suitza). Reuters berri agentziak hori argitaratu du, Irango hedabideak aipatuz.

Laguntza jaso zain zeuden beste zortzi palestinar hil ditu israelek

Laguntza humanitarioa jaso zain zeuden zortzi palestinar hil ditu Israelgo armadak gaur Gaza erdialdean. Hainbat hedabidek zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu dutenez, droneak erabilita edo ibilgailuetatik tiro eginez eraso egin die armadak. Ekain hasieran GHF Gaza Humanitarian Foundation erakundea —AEBen eta Israelen babesa du— laguntza humanitarioa banatzen hasi zenetik, giza laguntzaren bila joandako 400 pertsona inguru hil ditu Israelek, Gazako iturri ofizialen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.