Zientzialari nuklearren hilketek ez dute Iran kikilduko, ez haren programa nuklearra etengo. Mohamed Reza Rahimik argi laga du, Teheranen Mustafa Ahmadi-Roxan zientzialaria nuklearra (32 urte) hil dutela jakin ostean. «Etsaiek jakin dezatela ez dutela eragotziko Iranek zientziaren alorrean dituen helburuak lortzea. Ez dira hori oztopatzeko gai». Hiriburuaren iparraldean izan da zientzialariaren kontrako erasoa: motorrean zihoazen bi lagunek bonba bat jarri diote autoan. Zientzialaria eta beste lagun bi hantxe bertan hil dira, eta beste pertsona bat larri zaurituta dago.
Azken bi urteetan gutxienez lau eraso egin dituzte Irango zientzialarien kontra, eta Ahmadi-Roxan hil duten hirugarrena da. Teheranek Israel eta AEB egin ditu hilketen erantzule, baina haiek ukatu egin du atentatua egin izana. «Terrorismoaren kontra daudela diotenek egiten diete eraso Irango zientzialariei», esan du Rahimik.
Teherango Unibertsitate Tekniko irakasle izateaz gain, Natanz zentraleko sail komertzialeko zuzendariordea zen Ahmadi-Roxan. Hain zuzen ere, uranioa aberasteko Irango zentrorik handiena da Natanz. 8.000 zentrifugagailu dituzte bertan, eta Mahmud Ahmadineyad presidenteak hantxe ekoitzi nahi du erregai nuklearra modu industrialean.
Hilketen arteko lotura
«Bonba magnetikoa zen, aurreko urteetan zientzialariei eraso egiteko erabili zituztenen modukoa. Sionisten lana da», salatu du Safarali Baratloo Teherango gobernadoreordeak. Eraso moldea 2010ean Massoud Ali Mohammadi eta Mayid Xahriari zientzialarien hilketetan erabilitakoaren antzekoa izan da oraingoan ere, eta horren atzean Tel Aviv dagoela iradoki du Teheranek. Le Figaro egunkariak, bestalde, Mossad Israelgo zerbitzu sekretua Iraken menpeko Kurdistanen irandar disidenteak errekrutatzen ari dela baieztatu du, Bagdadeko segurtasun iturriak aipatuta. Informazio horren arabera, Ahmadineyaden kontra egiteko eta Iranera bonbak sartzeko erabiltzen ditu Mossadek irandar disidenteak. Iazko abuztuan, hain zuzen, Mayid Jamali Faxi irandrrari heriotza zigorra ezarri zion Irango Justiziak, Mossaden soldatapeko espioia izatea leporatuta.
Azken bi urteetako erasoak ez dituenez inork bere gain hartu, orain artean Iranek ez die atentatuei erantzun. Programa nuklearrarekin aurrera egitea izan beti bere jarrera. «Hurrengo pausoa, baina, Iranek berdinetik berdinera erantzutea izango da», ohartarazi du Richard Dalton-ek, 2002tik 2006ra bitartean Teheranen Erresuma Batuko enbaxadorea izan zenak. «Honen atzean estatu bat badago, nazioarteko estatu terrorismoa da, eta Iran erantzutera bultzatzen ari da. Koska bat estutzen ari direla dirudi, eta horrek begia begi truk eta hortza hortztruk ekarriko du».
Ahmadi-Roxanen hilketaren uneak, gainera, berebiziko garrantzia du, nazioarteko tentsio une betean gertatu baita. Joan den astelehenean baieztatu zuen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Iranek jada%20 aberasten duela uranioa. Israelek eta Washingtonek helburu militarrak dituela eta arma atomikoak prestatzen ari dela leporatzen diote Teherani, eta zigor ekonomikoak ezarri dizkiote. Bruselak, bestalde, hilaren 23an onartuko ditu Iranen kontrako neurriak, eta Teherango petrolioaren bahikuntza Golkoko beste herrialdeekin eta Libiarekin berdinduko duela iragarri du.
«Konspirazioaren biktima»
Badira Iranen aldeko keinuak ere nazioartean. Teheranek IAEArekin lankidetza sendotuko duela uste du Txinako Gobernuak, eta gatazka nuklearra konpontzeko elkarrizketarako deia egin dio nazioarteari. Daniel Ortega Nikaraguako presidente berrautatuak, berriz, Iran «konspirazio baten biktima» dela salatu du. Laguna du Ahmadineyad, eta bere kargu hartze ekitaldian izan zen atzo.
Irango zientzialari nuklear bat hil dute, hirugarrena bi urtean
Uranioa aberasteko Natanz zentroko kidea zen Mustafa Ahmadi-Roxan, eta erasoaren atzean Israel dagoela salatu du TeheranekErasoan bonba magnetiko bat erabili dute, 2010eko erasoetan erabilitako mota berekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu