Irani erasotzeak «ustekabekoak» ekar ditzake, AEBen ustez

Panetta Defentsa idazkariaren aburuz, aukera militarrak kalte larriak eragin ditzake Iranen eta atzerrian

2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
AEBek, hasiera batean, Israelekin bat egin eta Irani erasotzeko mehatxua egin bazuten ere, orain tentuz aritzeko beharra ikusi dute. Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak esan du Irango programa nuklearra deuseztatzeak «ustekabeko» ondorioak ekar ditzakeela, eta Teheren bere asmoetatik uxatu beharrean are eta gehiago indartu eta gogor erantzungo lukeela, eskualdean bertan eta AEBek Iranen dituzten tropengan kalte larriak eraginez.

Irango auziaren inguruan, baina, jarrera ezberdinak dauzkate estatuek, eta ez dirudi konponbide errazik dagoenik; bi aldeetako mehatxu egoerak, baina, okerrera egin dezake. Eraso aukerari, ordea, mesfidantzaz begiratu diote orain AEBek, eta Panettak ikusarazi du Irani presio egitea egingarriagoa eta arrisku gutxiagokoa dela, aukera bideragarriagotzat baitu. Adierazi du militarki bertan sartuko balira Iranen asmoak baztertu beharrean haiek indartu eta ondorio larriak eragingo lituzketela. Hain zuzen ere, uranioa aberastea da Irango programa nuklearraren jarduera nagusia, eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak uste duhorrekin zentral atomikoetarako erregaia egiten duela. Ekoitzitako uranio kopurua, dena dela, oso handia dela diote iturri berberek, bonba atomikoak eraikitzeko adinakoa, eta nazioartea mehatxatzen duela uste du Washingtonek.

Estatuen arteko zatiketak zaildu egin du konponbidea bilatzeko aukera. Esate baterako, Txinak eta Errusiak uko egin diote zigor ekonomikoak ezarri eta gogortzeari, programa nuklearraren aurkako erasoa aitzakia hutsa dela uste baitute, eta horren atzean Irango erregimena aldatzeko helburua dagoela sinetsita daude. Alemaniak, Erresuma Batuak eta Frantziak, ostera, neurri diplomatikoetatik haratago joan nahi dute; Merkelek esan du ez duela eraso militarra erabat baztertzen, nahiz eta hori azken aukeratzat duen.

Aurrez aurreko erantzunak

IAEAk iragan astean kaleratutako txostenak, giroa lasaitu beharrean, alerta egoera piztu zuen. Izan ere, Israel eta AEBak Iranen programa nuklearra suntsitzeko asmoz hari erasotzeko aukera aztertzen ari zirela iragarri zuten, eta, hain justu, horren inguruko ikerketa egin zuen nazioarteko agentziak, herrialdeko ekoizpen nuklearraren egiazko egoera argitzeko. Lortutako emaitzek Washingtonen eta Tel Aviven susmorik txarrenak baieztatu dituzte: Iranek arma atomikoak egiteko azpiegitura eta teknika propioak ditu, eta militarrekin erlazioa duten ekintzak egiten ditu. Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak, baina, berehala eman du erantzuna, eta nabarmendu du programa nuklearrak erabilera zibil eta baketsua duela helburu; minbizia sendatzeko ere erabili nahi dute, gainera, haren hitzetan. Adiz, ikerketa txostena interes politikoetan oinarrituta dagoela deritzo.

Ez hori bakarrik: Ahmadinejadek argi utzi du ekoizpen nuklearrarekin aurrera jarraituko duela, «apur bat ere» atzera egin gabe, eta Israelek, AEBek edota beste estaturen batek eraso egiten badio suspertu eta aurka egingo diela. Haiek ez dute lehen pausoa emango, baina besteek ematekotan, Iran ez da geldirik geratuko, eta erantzun egingo die. Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak, dena den, ez duzalantzan jarri Teheranen indarra, eta operazio militarra baino gehiago lehen zigorrak jartzeko eskatu du.

Estatuak, aldiz, ez datoz bat; ez Iranekin nola jokatu erabakitzerako orduan. Hain zuzen, zigor ekonomikoak jarri ahal izateko, NBEk ados jarri eta horiek finkatu beharko ditu. Frantziak, Erresuma Batuak, AEBek eta Israelek mehatxu egoera oso larria dela deritzote, eta neurririk gogorrenak ezarri nahi dizkiote. Bide beretik, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak adierazi du Iran zigortzeko bideak ez daudela amaiturik, eta Alemaniak ekarpenak egiten jarraituko duela: «Teheran ez da argia; ez ditu bere kartak mahai gainean jarri denok ikus ditzagun. Horregatik, era guztietako baliabideak aztertuko ditugu gardentasuna lortzeko». Gainera, gogor kritikatu ditu kalte-ordainak ezartzeari uko egin dioten herrialdeak, hala nola Txina eta Errusia.

Baina bi estatu horiek, AEBekin batera, beto eskubidea dute NBEko Segurtasun Kontseiluan, eta, beraz, Irani zigor ekonomikoak jartzeko aukera bertan behera utz dezakete. Hala egingo dutelako zantzuak erakutsi dituzte azken egunetan, neurri ekonomikoak ukatuz. Txinak, berriz, elkarrizketaren eta lankidetasunaren alde egin du; haren arabera, arazoaren konponbide bakarra direlako eta presio eta zigorrek egoera okertuko luketelako. «Txinaren eta Iranen arteko harreman ekonomikoek bere horretan jarraitzen dute, eta ez dugu egiten beste herrialdeen interesen aurka, ezta Segurtasun Kontseiluaren araurik urratzen ere», gogorarazi du Txinako Atzerri Ministerioko idazkari Hong Leik. Gainerako herrialdeek ere Iranekin harreman «gardenak» dituztela nabarmendu du.

Moskuk ildo beretik jo du, eta jakinarazi du ez duela zigor bateraturik onartuko. Mijail Bogdanov Errusiako Atzerri ministrordeak Iranera egin du bidaia, auzia landu eta konponbide bat bilatzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.