Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Irani erasotzeko gerrako materiala eskatu dio Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariari, Haaretz egunkariak argitaratu duenez. Netanyahuk hegazkinak airean gasolinaz hornitzeko sistemak eta bunkerren aurkako bonbak eskatu dizkio Irango programa nuklearraren gune garrantzitsuenei erasotzeko. AEBetako goi funtzionario bat aipatu du Haaretz-ek iturritzat. Gainera, George Bushen agintaldian Netanyahuk arma horiek berak eskatu zizkiola dio egunkariak, baina Washingtonek orduan ukatu egin ziola eskaera, Tel Avivek Iranen aurka joko ote zuen beldur baitzen. Barack Obama, ordea, arma horiek saltzearen aldeko dela dio Haaretz-ek. Aitzinetik argitaratu denaren arabera, ordea, AEBak kezkatuta leudeke Israelek bere kabuz jotzeko aukerarekin.
Hain zuzen, NetanyahukAEBetako Kongresuko batzorde baten aitzinean nabarmendu du iraganeko hainbat gatazkatan ere Israelek bere kabuz jo dituela erasoak —adibidez, 1981ean Iraken aurka—. Palestinako Hamas talde islamistak, berriz, ukatu egin du Israelen eta Iranen arteko gerra lehertuko balitz Teheranen alde parte hartuko lukeela. «Israelek erasotzen badigu, erantzun eginen dugu. Hala ez bada, ez gara sartuko eskualdeko inolako gatazkatan», adierazi dio Mahmud Zahhar Hamaseko buruzagietako batek BBC kateari.
Mehatxuak eta negoziazioa
Iranen aurkako mehatxu giroa bizi-bizi dago iragan urte amaieratik. «Presioaren, beldurraren eta mehatxuaren bideari» segituz gero auzi nuklearrari dagokionez Mendebaldeak ez duela Iranen «keinurik» lortuko erran du Ali Lariyani parlamentuko buruak. 5+1 taldeak eta Teheranek negoziazioei ekitea hitzartu eta biharamunean egin ditu adierazpen horiek. Erresuma Batuak, AEBek, Errusiak, Txinak, Frantziak eta Alemaniak osatzen dute 5+1. Israelen ustez, negoziazioek helburu izan behar dute Iranek bere «gaitasun militar nuklearra» bertan behera uztea.
Irani erasotzeko gerra materiala eskatu dio Netanyahuk Panettari
Hamasek adierazi du Israelen erasorik jasan ezean ez dela «eskualdeko gatazkatan» sartuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu