Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Irani eraso militarra egiteko mehatxu publikoa egiteko eskatuko dio Barack Obama AEBetako presidenteari datorren astelehenean Washingtonen, Israelgo Haaretz egunkariaren arabera. Iranen programa nuklearraren inguruko jarrerak bi estatuen artean sortutako «konfiantza eza» uxatzeko Netanyahuk tonu gogorragoa agertuko duela iragarri du egunkariak, horrela Obama gerra kutsuko adierazpen publiko egitera behartzeko.
Bitartean, Iranek baieztatu du Partxineko base militarrean ez dagoela inolako jarduera nuklearrik, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak esandakoaren kontra. Nazioarteko erakundeko behatzaileek Iranera egindako azken bidaian —joan den astean— Teherango agintariek ez zieten Partxinera sartzen utzi, eta IAEAk susmoa du base horretan helburu militarretarako erabiltzen ari direla energia nuklearra.
Alabaina, Iranen eta 5+1 Taldearen arteko bilerak hastear daudela iragarri du Ahmet Davutoglu Turkiako Atzerri ministroak: «Hilabeteren barruan egingo dute bilera, asko jota apirilean. Gu beti egongo gara prest bilera horiek Turkian egin ditzaten». AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak osatzen dute 5+1 Taldea, Alemaniarekin batera.
Erasoaren ondorioak
Iranen kontrako eraso militarraren mehatxuak, dena den, airean jarraitzen du oraindik, eta Libanoko Hezbollah talde xiitak erasoaren ondorioez ohartarazi du Mendebaldea. «Gerrak, mugarik gabeko sua piztuko luke eskualde osoan», adierazi du Naim Qassem talde xiitako bigarrenak.
Hezbollahen arabera, Israel ez da gai Iranen kontrako gerra irabazteko, eta AEBak eragin ditzakeen ondorioen beldur da. «Nork irabaziko du? Israelek AEBei egindako presioak ala AEBek Israeli jarritako balaztak?», galdetu du Qassemek. Halere, ez du argitu zein jarrera hartuko lukeen taldeak gerra piztuz gero.
Irani erasotzeko mehatxua egiteko eskatuko dio Netanyahuk Barack Obamari
IAEAk esandakoaren kontra, Teheranek dio Partxingo base militarrean ez dagoela jardun nuklearrik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu