Iran

Irani zigorrak ezartzeko ateak zabaldu dituzte itun nuklearreko EBko kideek

Akordioan «hartutako konpromisoak betetzea» nahi dutela diote Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak. Iranek hainbat lagun atxilotu ditu Ukrainaren hegazkina botatzea egotzita.

Hegazkin istripuan hildako hainbaten irudiak, Berlinen. HAYOUNG JEON, EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 14a
16:38
Entzun

Kili-kolo dago munduko potentzia nuklear nagusiek 2015ean sinatutako akordioa. Iranek «beste irtenbiderik ez» diela eskaintzen argudiatuta, Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak abian jarri dute akordio nuklearrean sortu ziren eztabaidak konpontzeko mekanismoa. Hiru herrialdeetako Atzerri ministroek prentsa ohar bateratu bat igorri dute; bertan, Iranek joan den urteko maiatzean muga batzuk ez errespetatzeko hartu zuen erabakia mantendu izana kritikatu dute: «Akordio nuklearrak ezarritako murrizketa gako batzuk apurtzen jarraitu du».

Gainera, azken asteetako gatazkaren barruan, Teheranek urtarrilaren 5ean iragarri zuen baztertu egingo zituela uranioa aberasteari ezarritako mugak —Soleimani jeneralaren hilketatik bi egunera—. Abbas Araghchi Atzerri ministrordeak, ordea, esan zuen Iranek ez duela ituna utzi, eta ez duela uzteko asmorik. Araghchiren arabera, «helburua balantza berdintzea da, besteek ere euren betebeharrak bete ditzaten».

Urtebete lehenago, 2018ko maiatzean, AEBek akordioa utzi zuten, Donald Trump gobernura iritsi eta berehala; Trumpen erabakia ere arbuiatu dute Europako Batasuneko herrialdeek. Washingtonen lehentasuna izan zen AEBek eskualde horretan dituzten bi aliatu nagusiei laguntzea, Israeli eta Saudi Arabiari, eta ez nazioarteko tentsioak baretzea.

Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak azaldu dutenez, haiek ez dira gehitu «AEBak Iran presionatzeko egiten ari diren» kanpainara; helburua Iranek «hitzemandakoa betetzea» dela azpimarratu dute, akordioa mantentzeko. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, ordea, AEBen ildoarekin egin du bat: «2015eko akordioa desegiten badugu, beste bat adostu beharko dugu. Posible da itun hori Trumpekin egitea; negoziatzaile bikaina da». Gainera, Irani abisatu dio indarrean den itun nuklearra desegiten bada, «nahi duena» lortuko duela Trumpek.

Mohammad Yavad Zarif Irango Atzerri ministroa izan da Europaren komunikatuari erantzuteko arduraduna. Azaldu duenez, Iranek «modu serio eta egokian» erantzungo dio hiru herrialde Europarrek «asmo txarrez» har dezaketen edozein neurriri. Halere, gehitu du prest daudela «saiakera eraikitzaileak» egiteko, «nazioarteko akordio garrantzitsu hori» mantendu dadin.

Eztabaidak konpontzeko mekanismoaren lehen fasea gainbegiratzeko arduraduna Josep Borrell izango da, EBren Atzerri Politikarako Goi Ordezkaria. Publikoki bederen, akordioa mantentzeko «ahal duten guztia» egingo dutela adierazi dute Europako Batasuneko herrialdeek; Borrellek berak argitu du asmoa ez dela Irani berriz ere zigorrak ezartzea, eta akordioa «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela. Trumpen interesei men ez egiteko ezinbestekoa izango da akordioa sinatu zuten beste bi herrialdeen kolaborazioa ere, Errusiarena eta Txinarena.

Eztabaidak konpontzeko mekanismoak hilabete inguru du gatazka konpontzeko —epea luzatu daiteke—. Helburua lortzen ez bada, herrialdeek akordioa utz dezakete eta espedientea NBEren Segurtasun Kontseilura joango litzateke.

Atxiloketak eta protestak

Ukrainaren hegazkinaren aurkako erasoak, berriz, barne krisia eragin du Iranen. Hura bota izana ukatzen aritu ostean, Teheranek larunbatean onartu zuen «giza huts» baten ondorioz bota zutela airekoa. Gaur, berriz, Gobernuko iturriek jakinarazi dute «hainbat lagun» atxilotu dituztela gertatutakoarekin lotuta, baina zenbat eta nortzuk diren zehaztu gabe.

Gobernuko eledun baten arabera, ikerketa lehen fasean dago oraindik, baina dagoeneko osatu dituzte auziaz arduratuko diren batzorde bereziak. Militarrek, hegazkingintzako adituak, gerra elektronikoari buruzko ikerlariek eta teknikariek osatuko dituzte horiek. Horretaz gain, Teheranek iragarri du hegazkinaren nondik norakoen eta pilotuen elkarrizketak jasotzeko erabiltzen diren kaxa beltzetako bat Frantziara bidaliko dutela, ikertzeko.

Ezohikoa den agerraldi batean, Hassan Rohani presidenteak hutsegitea onartu du, eta iragarri du ostegunean bilduko direla hegazkin istripuaren ondorioz hildakoak izan dituzten herrialdeetako ordezkariekin, tartean Kanadakoak, Ukrainakoak eta Erresuma Batukoak.

Azken egunetan indartu egin dira Irango Gobernuaren aurkako protestak. Sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus daiteke nola segurtasun indarrek manifestarien aurka jotzen duten, eta baita tiro hotsak ere. Gobernuak, ordea, ukatu du halakorik.

Protestekin lotuta, Gholam Hosein Ismaili Irango Justiziaren bozeramaileak gaur esan du Rob Macaire Erresuma Batuko enbaxadorea Irandik kanporatu beharko luketela, herrialdeko barne gaietan nahasteagatik. Macairek Teherango Unibertsitateko kontzentrazio batean hartu zuen parte larunbatean —Iranek «ilegala» iritzi du kontzentrazio hori—, hegazkin istripuan hildako 176 pertsonak oroitzeko ekitaldi batean; geroago, ordea, istiluetan amaitu zuen kontzentrazioak eta Poliziak 30 minutuz atxilotu zuen Macaire.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.