Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Iran galtzen ari den gerra

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Hirugarren mundu gerra batekin amesgaiztoa eduki zutenak lasai daitezke. Ez dirudi oraingoan AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek gerra ireki batekin konponduko dituztenik beren desadostasunak. Zuk nire jeneralik ospetsuena hil didazu, nik tentu handiz inor hil gabe base militar pare bat bondardatu dizkizut, eta listo. «Dena ongi», Donald Trumpen hizkera sinplean azalduta. Zorte pixka batekin, Washingtonek eta Teheranek azken urteetan bezala jarraituko dute, hau da, proxien edo hirugarren aktoreen bitartez borrokan Ekialde Erdiko hegemonia lortzeko, baina nekez sartuko dira bati txikizioa eragingo liokeen gerra batean, besteak ongi jakinik gatazka amaigabean katramilatuta geratzeko arriskua oso handia dela.

Dena ongi, orduan? Bada, ez. Ikuspegi ekonomiko huts batetik, oraingo egoeran jarraitzeak badu galtzaile argi bat: Iran. AEBei eraso egiteko gaitasuna duela erakusteak balioko dio Teherango erregimen erlijiosoari paparra ateratzeko eta bere jarraitzaileei harrotasun dosi bat emateko, baina ez du ezer egingo Iranen arazoak konpontzeko. Eta arazo nagusia, askatasun politiko eta sozial eskasiez gain, herritar gehienen bizi baldintza gero eta okerragoak dira.

Trumpen agintaldia hondamendia izan da Iranentzat. Haren lehen erabakietako bat izan zen Barack Obamak, EBk, Txinak eta Errusiak Teheranekin sinatu zuten akordio nuklearretik ateratzea. Diplomaziak Ekialde Hurbila baretzeko lortutako garaipen apurrenetako bat izan zen. Itunaren funtsa hauxe zen: bonba atomikoa lortzeko saioak alde batera uztearen truke, Iranen gaineko zigor ekonomiko gehienak bertan behera uztea. Zigor horien artean bi nabarmentzen ziren: Iranek traba handiak zituen bere ondasun nagusia atzerrian saltzeko —petrolioa—, eta atzerriko konpainiek zail zuten Iranen negozioak egitea. Bi debeku horiek kentzea funtsezkoa zen Irango ekonomia ahulduarentzat: diru gehiago lortuko zuen bere herritarren bizitza hobetzeko, eta nazioarteko inbertsioak jasoko zituen bere industria zaharkitua berritzeko.

Akordio hori «okerrenetan okerrena» zela argudiatu zuen Trumpek AEBen sinadura kentzeko. Beste modu batera ere esan zezakeen: AEBek eskualde horretan dituen bi aliatu nagusiei, Israeli eta Saudi Arabiari, ez zien grazia zipitzik egiten Iran sendotzeak, eta Trumpen lehentasuna haiei laguntzea izan zen, eta ez nazioarteko tentsioak baretzea.

Petrolio salmentak amildu egin dira

Washingtonek 2018an zigorrak berriro ezartzeak kalte handia egin dio Irango ekonomiari. Petrolio salmentak amiltzen ari dira —lau milioi ziren 2017an, 2,8 milioi inguru izan ziren iaz, baina milioi batera ez dira iritsiko 2020an—, eta bidean ziren Europako enpresen inbertsio batzuk ezerezean geratu dira, Totalenak, PSArenak eta Renaultenak, haien artean. Ondorioz, zulotik atera beharrean, zulo sakonagoan sartu da Iran: BPGa %4,8 uzkurtu zen 2018an, eta, NDFk kalkulatu duenez, %9,5 txikituko da aurten. Inflazioa %40 ingurukoa da, eta herritarren aurrezkiak eta soldatak jaten ditu.

Egoeraren gordintasuna argi ikusi zen joan den azaroan. Gerrikoa estutzeko, gasolinari ematen dizkion diru laguntzak erdira murriztu zituen gobernuak. Neurri horrek 1979ko iraultzaz geroztik ikusi gabeko kale protestak eragin zituen Irango hiri askotan. Manifestari gehienak gazteak ziren, krisi ekonomiko luzeak itxaropenik gabe utzitako gazteak. Errepresio bortitzarekin erantzun zuen erregimenak, eta, Amnesty Internationalen arabera, gutxienez berrehun manifestari hil zituen.

Ostiralean, Trumpek zepoa gehiago estutzea erabaki zuen, eta blokeotik libre ziren jardun batzuk ere zigortu zituen —eraikuntza, meatzaritza, jantzigintza...—.

Isun horien aurrean, indarge azaldu da Europako Batasuna. Teorian, akordio nuklearrari eusten dio, eta Instex sistema prestatu zuen Iranekin negozioak egin nahi dituzten bere enpresak AEBetako isunetatik salbuesteko, baina ez da gai izan indarrean jartzeko. Haren hutsunea Errusia eta Txina ari dira betetzen, AEBen aurkari naturalak, eta, itxura batean, Trumpen erabakien irabazle nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.