Berrogei egun behar izan ditu Kairoko Tahrir plazak iragan urtarrilaren 25ean Hosni Mubaraken erregimenaren aurkako protestak hasi zirenetik izan duen egoera naturala berreskuratzeko: manifestariz betea, mota eta kolore guztietako leloekin. «Hemen gaude, erregimena erori zenetik aldaketarik egon ez delako», adierazi du Barakat Mahmudek, 33 urteko kazetari nasserzaleak. Historiko bilakatu diren leloak aditu ziren atzo, «herriak erregimena erortzea nahi du» eta antzerakoak, baina oraingoan Mohamed Tantaui mariskala buru duen trantsiziorako gobernu militarraren aurka ari ziren. Ia beti bezala, alderdi islamistak ez ziren agertu.
Iraultzaren bidea berreskuratzeko ortzirala deitu zuten egunean milaka lagun bildu ziren plaza historikoan, Kontseilu Militarrari oroitarazteko iraultzak bizirik segitzen duela. Eskari nagusienak zibilen aurkako epaiketa militarren abolizioa eta hauteskunde legearen erreforma izan ziren atzo. Azken horrek zalaparta handia sortu du Egiptoko alderdi politikoen artean.
Zibilen aurkako epaiketa militarren etetea —erregimena erori zenetik 10.000 baino gehiago dira— iraultzaren hasierako eskaeren artean dago. Kontseilu Militarrak errana du larrialdi legea bertan behera gelditzerakoan baliogabetuko dituztela. Ez du egun zehatzik eman, baina litekeena da heldu den azaroko parlamenturako hauteskundeak baino lehenago izatea hori.
Hauteskunde legeak, berriz, ezinegon handia sortu du politikarien artean, parlamentuko aulkien %50 norbanako hautagaien esku uztea ezarriko baitu, batez ere herrialdeko landa guneetan. Gainerako %50 alderdi politikoen zerrenda itxien esku egonen da. «Lege honek berriz ere aitzineko erregimena ekarriko du», kexatu da Maruan, 28 urteko botikaria. Salafista da, musulman ultra-kontserbadorea.
Eragin pertsonalen garrantzia
Maruanen beldur bera du Aldaketarako Elkarte Nazionaleko koordinatzaile nagusi Abd el Gelil Mostafak. Erakunde hori iraultzaren aitzinetik sortutako plataforma bat da, eta hainbat pertsonaia garrantzitsu dira bertako kideak. Adibidez, Mohamed el Baradei presidentetzarako hautagaia eta Ala al Asuani idazle ospetsua. Mostafarentzat, parlamentuko aulkien %50 norbanako hautagaien esku uzteak ez du lagunduko benetako demokrazia eraikitzen. «Parlamentuko aulki bakoitza alderdi baten programa ordezkatuko duen norbaitek betetzea nahi dugu, eta ez lurralde batean dirua edo eragina duen norbaitek, era zikinean boto-emaileak presionatu ditzakeelako». Adituek diotenez, hauteskunde sistema horren bidez Mubaraken Alderdi Nazional Demokratikoko kide ohiak parlamentuan sartu ahalko dira oraindik ere eragin handia dutelako, landa guneetan batez ere.
Maruan salafistak azaldu duenez, Tahrirko manifestariek ere agintariei eskatu diete egutegi «sinesgarri» bat egiteko «langileen soldatak igo, eta futbol taldeetako ultrekin zero tolerantzia ezartzeko». Azken aipamen hori iragan astelehenean gertatutakoagatik egin du Maruanek. Kairoko futbol talde bateko muturreko zaleek istilu larriak eragin zituzten, eta Tahrirrera ere zabaldu ziren borrokak.
Greba garaia
Gizarte eta lan munduko giro gatazkatsuaren erdian egin zen Tahrirko atzoko protesta. Azken asteetan langileen grebak ugaritu egin dira herrialde osoan, eta gobernuak ohartarazi du indarra erabiliko duela horiek geldiarazteko. Zerrenda amaigabea da, baina nabarmentzekoa da posta zerbitzu publikoko langileen greba. Kontratu mugagabeak, soldaten igoera eta mediku aseguruaren hobekuntza aldarrikatu dituzte. Posta zerbitzua herrialdeko ekonomiaren zutabe garrantzitsua da, diru mugimenduen zati handi bat egiten baita haren bidez. Bankurik ez duten herriak daude Egipton, baina bakar bat ez dago posta bulegorik gabe.
Egyptair herrialdeko aire konpainia nagusiko langileak, energia sektorekoak, autogintzakoak eta hezkuntzakoak ere greban daude. Hurrengo asterako medikuak eta ehungintzako 20.000 langile gehiago deialdietara batzea espero da. Horietaz guztiez oroitu ziren atzo Tahrirren.
Protestak herrialde arabiarretan. Egipto
Iraultza berreskuratuz Egipton
Milaka lagun elkartu dira berriz ere Kairoko Tahrir plazan, hasierako aldarrikapenak bete daitezen exijitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu