Iraultzaren alde bizia galtzeko prest

Iazko otsailetik Myanmarko justizia militarrak 117 pertsona kondenatu ditu heriotzara, 2.000 zibil baino gehiago hil eta 15.000 lagun atxilotu, mende honetan eskualde hartan izandako errepresio olde odoltsuenean.

Manifestariak Myanmarko bandera erretzen, iazko azaroan, militarren aurkako protesta batean, Yangonen. EFE.
Josep Solana
Tokio
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Myanmarko heriotzaren korridorean ehun pertsona baino gehiago dauden honetan, demokraziaren aldeko hainbat aktibistaren senide eta lagunek berretsi dute borrokan segituko dutela diktaduraren kontra. NBE Nazio Batuen Erakundeak, zenbait dokumenturen bidez, frogatu du junta militarrak gero eta krimen gehiago egin dituela gizateriaren aurka iazko otsailetik.

Urte eta erdi baino gehixeago pasatu da Myanmarko armadak kolpe militarra eman zuenetik, eta herrialdea ezin okerrago dago politikoki eta sozialki: batetik, armadak beste sei hilabeterako luzatu du larrialdia, iazko otsailean ezarria, matxinada egin eta herrialdeko lider eta 1991ko Bakearen Nobel saridun Aung San Suu Kyi kargugabetu ondoren; bestetik, armadak atzeratu egin ditu datorren urtean ustez egitekoak zituen boz demokratikoak, noiz arte zehaztu gabe.

Uztailaren bukaeran, Myanmarko agintari militarrek demokraziaren aldeko lau aktibista exekutatu zituzten; iturri ofizialen arabera, heriotza zigorrera kondenatuta zeuden «ekintza terrorista basati eta bihozgabeak» egiteagatik. Gobernuz kanpoko hango erakunde baten arabera, 2.000 zibil baino gehiago hil dituzte, 15.000 lagun atxilotu —tartean Suu Kyi, 77 urtekoa—, eta 70.000 lagun baino gehiago desplazatu —250.000 adingabe—; horrez gain, justizia militarrak 117 lagun inguru kondenatu ditu heriotzara matxinada hasi zenetik. Datu horiek erakusten dutenez, baliteke hori izatea eskualdean mende honetan izandako errepresiorik odoltsuena.

Ekintzaileak preso

Zigor horiek ikusita, eta egiaztatuta militarrek erabakia dutela beren izu erregimenari kontra egingo dion edonor suntsitzea, oposizio demokratikoa inoiz baino deliberatuago dago. Heriotza zigorrera kondenatutako 117 lider demokratikoetako baten anaiarekin hitz egitea lortu du BERRIAk, interprete baten bitartez. Gazteak nahiago du izenik ez ematea, segurtasun arrazoiak tarteko. Elkarrizketan, kosta egin zaio hunkidura gordetzea, eta azaldu du anaia joan den urtearen bukaeran atxilotu zutela eta geroztik ezin izan duela harekin hitz egin.

«Nire anaia oso maitatua da familian eta komunitatean, eta ez du inoiz egin terroristatzat jotzeko moduko ezer ere», adierazi du, zeharo hunkituta. «Oraindik ez dut ulertzen zergatik hartu duten preso eta zer leporatzen dioten», azaldu du, justizia eskatu nahian. «Orain, guk, senide eta lagunek, haren ereduari jarraitu behar diogu, eta ahaleginak egin iraultza hau aurrera ateratzeko eta herrialdeari horrenbesteko kaltea egin dion gobernu militarra kargutik kentzeko».

NBEk Myanmarrerako abian duen Ikerketa Independenterako Mekanismoak aste honetan bertan iragarri duenez, «gero eta froga gehiago» daude erakusten dutenak Myanmarren gizateriaren aurkako krimenak egiten ari direla. «Gizateriaren aurkako krimenak sistematikoki egiten ari dira oraindik ere Myanmarren», adierazi zuen NBEren organismo horrek bere urteroko txostenean; hain zuzen, txostena argitaratu eta bi astera, bost urte bete dira Asiako herrialde horretako rohingya etnia minoritarioko ia milioi bat kide samaldaka desplazatu zirela.

Myanmarrerako Ikerketa Independenterako Mekanismoak, duela hiru urte martxan jarri zenetik, «ia 200 iturritako hiru milioi informazio elementu baino gehiago» bildu ditu, eta horretan oinarrituta egin du txostena. «Zantzu ugari daude pentsarazten dutenak Myanmarren hainbat krimen egin direla 2021eko otsailean botere militarra hartu zutenetik, eta biztanle zibilen kontrako eraso orokortu eta sistematiko baten parte direla krimen horiek, kontuan hartuta zenbat diren eta nola egin diren», diote txostenean. Gainera, indarkeria potentziala ere zabaltzen ari da, dokumentuaren arabera; adibide gisa aipatu du Myanmarko armadak oposizioko lau kide exekutatu izana joan den hilean.

Aurrez, juntak beste hainbat pauso emanak zituen zapalkuntza gogortzeko bidean. Besteak beste, iragarria zuen ordainsari handiak emango zizkiela 28 pertsonaren inguruko informazioa helarazten zietenei; 28 horietako gehienak Batasun Nazionaleko Gobernuko kideak ziren, matxinada izan eta aste gutxira ezkutuan sortutako erakundekoak. Erregimen militarretik gertuko zenbait hedabidek ziurtatu zuten «terrorismoaz» akusatuta daudela iheslariak, eta herrialdean desegonkortasuna sortzeaz. Mratt Kyaw Thu kazetariaren bila ere ari dira: berriemailea da zenbait hedabidetan, eta herrialdetik alde egin behar izan zuen kolpea gertatu eta aste gutxira, agintari militarrak bila zebilzkiola jakin zuenean.

Rohingyen jazarpena

Jazarpen horri beste bat gehitu behar zaio: Myanmarko Estatuak rohingya gutxiengo musulmana pertsegitu du urteetan eta urteetan. Munduan gogorren jazarri dioten herritzat jo du NBEk; izan ere, 2012an, dozenaka pertsona hil ziren indarkeria komunitarioaren ondorioz, eta, geroztik, oso gogor jazarri diete. Gainera, 2017ko abuztuaren 25etik, ia 24.000 rohingya musulman hil dira, 34.000 baino gehiago sutara bota dituzte, eta 114.000 baino gehiago jipoitu.

Indarkeria olde horren erdian, Myanmarko indar armatuek ia 18.000 emakume eta neskato rohingya bortxatu dituzte, 115.000 etxe baino gehiago erre, eta beste 113.000 etxe txikitu, Nazioarteko Garapenerako Ontarioko Agentziaren (OIDA) txosten baten arabera. 750.000 errefuxiatu rohingyak baino gehiagok —emakumeak eta umeak dira gehienak— herrialdetik alde egin behar izan dute, Bangladesherantz, 2017ko abuztuan Myanmarko indar armatuek eraso egin zietela eta; hortaz, orain arte, jazarriak izandako 1,2 milioi lagunek baino gehiagok hartu dute aterpe auzo herrialde batean, Bangladeshen. Ordea, Dhakak berak ere aurreratu du rohingyek Myanmarrera itzuli beharko dutela etorkizun hurbilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.