Mundua

Irene urakana hasi da AEBetan arrasto iluna uzten

Ipar Karolinatik sartu da AEBetara, eta jada bi heriotz eragin ditu.  Halaber, 200.000 lagun argindarrik gabe daude. Guztira 2 milio lagunetik gora beren etxeetatik ateraraziko dituzte, 370.000 New York hirian. Garikoitz Udabe kazetaria New Yorkeko egoeraren berri ematen ari da BERRIKETAN.INFOn.

2011ko abuztuaren 27a
19:02
Entzun

Irene urakana hasi da AEBetan lehen triskantzak egiten: Ipar Karolinatik sartu da, eta estatu horretan, bi gizonezkoren heriotza eragin du. Ekaitzak eragindako haizeteak botatako adar batek jota hil da bietako bat, bestea, etxea babesteko egurrezko panelak jartzen ari zela bihotzekoak jota. Beste gizonezko bat desagertuta dago estatu berean. Halaber, 200.000 lagun argindarrik gabe daude Ipar Karolinan.

Baina AEBetako ekialdeko kostalde guztira zabaldu da Ireneren beldurra: zazpi estatu daude larrialdi egoeran, hasi Ipar Karolinatik eta Connecticutera, tartean New York eta Washington direla.. Orduko 165 kilometroko haizea eta eurite handiak espero dituzte datozen orduetan.  Gainera, inguru horretan ez dira batere ohikoak urakanak, eta, beraz, ez daude halako ekaitzei aurre egiteko prestatuta. Herritarren artean hondarrez betetako zakuak banatzen, ibai ertzeetatik aldentzeko eskatzen, eta urez eta oinarrizko elikagaiez hornitzeko deia egiten ari dira.

New York hiriburuan, esaterako, Brooklyn, State Island eta Manhattango hainbat eremu jendez hustutzeko agindu du Michael Bloomberg alkateak, uholdeen beldur; 370.000 bizilagun inguru lirateke guztira. Horrez gain, aireportuak ixten, hegaldiak bertan behera uzten eta garraiobide publikoak geldiarazten ari dira. Euskal Herritik New Yorkera doazen Iberiaren hegaldiak ere bertan behera geratzen ari dira.

Euskal Herria arratsaldeko lehen ordua zenean jo du lurra Irene urakanak AEBetan, Ipar Karolina estatuan.

AEBetako agintari eta komunikabideek Irene urakana "historikoa" dela ari dira nabarmentzen; hala egin du Barack Obama presidenteak ere, oporraldia bertan behera utzi, eta herritarrei arretaz ibiltzera deitzeko egindako hitzaldian. Nolanahi ere, azken orduetan ekaitzak indarra galdu duela adierazi dute larrialdietako arduradunek, eta 2 kategoriatik 1 kategoriara jaitsi dutela haren suntsipen ahalmena.  Hala eta guztiz, ordea, New Yorken uholdeak izango direla iragarri du berriro Urakanetarako Zentro Nazionalak; Washington hiriburuan, jada eurite handiak hasi direla izaten zabaldu dute nazioarteko albiste agentziek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.