AEBetako ekialdeko kostako estatuen gehiengoa mugiarazten ari da Irene urakana. Guztira bi milioi lagun baino gehiago ebakuatu dituzte, eta dagoeneko zazpi estatuk larrialdi egoera ezarri dute. Urakana Ipar Carolinako kostaldera heldu zen atzo, orduko 140 kilometrokohaizeteekin. Gutxienez hiru lagun hil zituen, eta 200.000 lagun inguru argindarrik gabe geratu ziren. Indarra galduta heldu zen Bahametatik, Saffir Simpson eskalako maila baxuenean. Hala ere, kalte ugari eragin zituzten uholdeek.
Urakanak ekialdeko kostalde guztia zeharkatuko duela aurreikusi du Urakanen Zentro Nazionalak,Ipar Carolinatik Massachusetts estaturaino. 65 milioi lagun bizi dira Irene-k egingo duen bidean, eta jadanik prest dituzte segurtasun neurriak. Washingtonen lekualdatutako lagunentzako lau aterpe prestatu dituzte; Gurutze Gorriak beste horrenbeste egin du Ipar Carolinako kaltetuak laguntzeko. FEMA Larrialdien Kudeaketarako Agentzia Federalak elikagaiak, ura, eta bestelako produktuak bidali ditu ekialdeko kostaldeko hainbat hiritara.
New Yorken ezarritako larrialdi egoerak ez du aurrekorik. Uholdeen beldur dira; horregatik, 370.000 laguni baino gehiagori etxetik ateratzeko agindu zien atzo Michael Bloomberg hiriko alkateak, urakana heldu aurreko orduetan. «Ez itxaron azken trenari, oraintxe bertan hustu behar dituzue etxeak», eskatu zien herritarrei. Horrekin batera, 7.000 lagun ebakuatu zituzten inguruko ospitaletatik eta zaharren etxeetatik.
New York, geldirik
Garraio publikoa geldirik dago atzotik, eta hiriko bost aireportu itxi dituzte. Ondorioz, asteburuan ez da hirira heltzeko nahiz hiritik irteteko hegaldirik izango. Antzerki emanaldiak, kontzertuak, partidak, obrak eta bestelako ikuskizunak ere bertan behera utzi dituzte. «Inoiz ez dugu hustualdirik agindu, eta ez genuke inolaz ere egingo ekaitza oso arriskutsua dela pentsatuko ez bagenu», ohartarazi du Bloombergek. «Ezer ez gertatzea espero dugu, baina okerrenerako prest gaude», gaineratu du. Florida hegoaldeko larrialdi zerbitzuetako hamabi aditu New Yorken dira dagoeneko, hiriko zerbitzu taldeari laguntza emateko.
Kaosa eragin dezake uholdeak New York hirian. Metroa ez ezik, hiri osoko sistema elektrikoa ere lur azpitik doa; beraz, uholdeak heltzen badira, argirik gabe gera daiteke New York. Aireportuak itsasotik metro gutxira daude, eta atzerriarekiko harremanak etenda gera daitezke. Dena den, arriskurik handienak ez dira urakanak eragin ditzakeenak, Nicholas Koch urakanetan aditua den soziologoak azaldu duenez: «Hiriak izan dezakeen arrisku handiena newyorktarrak dira. Dena bizi dutela pentsatzen dute, baina inoiz ez dira urakanaren begian egon, eta ez dakite horrek izan dezakeen indarra».
'Irene' urakana indartsu heldu da AEBetara, gutxienez hiru hildako utziz
Ipar Carolinan 200.000 bat lagun argindarrik gabe geratu dira, euri bortitzen eta haize gogorren ondorioz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu