Irlanda iparraldeko alderdi nagusiak, DUP Alderdi Unionista Demokratikoak, Ipar Irlandako Legebiltzarra berriz abiatzeko interesa duela esan du alderdiko bigarren buru Peter Robinsonek. Bere ahotan, beste ezein alderdik ez du DUPek adina irabazteko funtzionatuko duen parlamentu batetik. Haatik, Londresek etendako instituzioak berriz abiatu aitzin, IRAren borroka armatuaren amaiera «benetakoa eta iraunkorra» dela frogatu beharko dela, eta gero komunitate unionistari iritzia eskatuko diotela azaldu du. Atzo esan zuen hori, Killarneyn (hegoaldea), Parlamentu arteko Batzorde Irlandar-Britainiarraren bileran.
Lehen aldia da DUPek batzordearen bileretan parte hartzen duena, 1990ean sortu zutenetik hura boikotatu baitu. Halere, zehaztu zuen, atzoko agerraldiak ez du boikotaren bukaera adierazten. Dena den, Robinsonen parte hartzeari «oso urrats garrantzitsu» iritzi dio Irlandako lehen ministro Bertie Ahernek. Sinn Feineko bigarren buru Martin McGuinnessek, aldiz, DUPek bere alderdiarekin (iparraldeko bigarrena) boterea partekatzeko prest egon behar duela esan du.Bi gobernuen babesean eratutako IMC Behaketa Batzorde Independenteak bihar kaleratuko du bere laugarren txostena, eta IRA «indarkeriatik urruntzen» doala esatekoa da. Halere, IRAko kide batzuek «arma batzuk atxiki» dituztela ere esatekoa da.
IRLANDA. Autonomia ezartzeko interesa adierazi du DUP alderdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu