Italia. Berlusconiren etorkizuna

Irlanda iparraldean polizia bat eta bi protestante zauritu dira

Unionistek eta errepublikanoek elkarri leporatu diote istiluak hasi izanaren erantzukizuna

Erredakzioa
2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Astelehen gauean istiluak izan ziren Belfasteko kaleetan, eta polizia bat eta bi gazte protestante zauritu ziren. Irlanda iparraldeko hiriburuko Short Strand auzoan izan ziren liskarrak, gehiengo protestantea duen eremuan kokatutako auzo katolikoan. Bi aldeek harriak, adreiluak, bonba su-eragileak eta kezko bonbak jaurti zizkioten elkarri, baita arma tiroak ere.

Polizia begian zauritu zuten, eta ospitalera eraman behar izan zuten. «Gauerdiaren ostean bi tiro entzun ziren. Eremu protestanteko bi gazte zauritu ziren, bala bana zuten hanketan. Oso larria izan zen borrokaldia. Eremu honetan ez dut gisa honetako liskarrik ikusi azken hamar urteetan», azaldu dio Mervyn Gibson apaiz protestanteak BBC telebista kateari.

Sinn Feinek UVF Ulsterko Boluntarioen Indarra talde paramilitar unionista egin du liskarren erantzule. Sinn Feinnen iritziz, unionistek hasi zituzten Short Strandeko auzotarren kontrako erasoak. «Garbi dago egituratutako erasoa izan zela», adierazi du Niall O Donnghaile Belfasteko alkateak, Sinn Fein alderdikoak.UUP Ulsterko Alderdi Unionistak, berriz, errepublikanoei bota die istiluak hasi izanaren errua.

Martxa protestanteen denboraldia hastear dela sortu dira liskarrak, eta bi alderdiek liskarrak bertan behera uzteko eskatu diete beraien jarraitzaileei.

1976ko hilketen auzia

Poliziaren Ikerketa Historikoetarako Taldeak, berriz, IRAri leporatu dizkio Irlanda iparraldeko Kingsmill herriko 1976ko hamar hilketak.

Urte horretako urtarrilean, gizon talde batek oihal lantegi batera zihoan autobus txiki bat geldiarazi, langile protestanteak errepidera atera eta tiroz hil zituen. Beste gertakari batzuetan bost katoliko hil osteko egunean izan zen hilketa. IRAk beti ukatu izan du hilketa horien erantzukizuna.

1998ko bake akordioaren parte da Poliziaren Ikerketa Historikoetarako Taldea, eta 1968 eta 1998 arteko hilketak ikertu behar ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.