Irlanda

Irlanda iparraldeko alderdiek autonomia berrezartzeko errepide mapa onartu dute

Saint Andrewseko akordioa deitu diote. Eskoziako izen bereko hirian hiru egun egin dituzte bilduta Irlanda iparraldeko alderdi guztiek Irlandako eta Erresuma Batuko lehen ministroekin bilduta. Gaur Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak jakinarazi duenez Irlanda iparraldeko autonomia berrezartzeko errepide mapa onartu dute Irlanda iparraldeko alderdiek. Besteak beste, Irlanda iparraldeko herritarrei 2007ko martxoan kontsulta egitea aurreikusten du onartutako errepide mapak.

2006ko urriaren 13a
18:49
Entzun
Blairren arabera, Irlanda iparraldeko alderdien "Saint Andrewseko akordioa" betetzen badute datorren martxoaren 26rako boterea partekatuta izango duen Gobernua osatu daiteke. Izan ere, DUPek Sinn Feinnekin boterea partekatu nahi ez zuelako geratu zen bertan behera Stormonteko Legebiltzarra. Bi alderdiak dira 2003ko azaroan Stormonteko legebiltzarrerako bozetan diputatu gehien lortu zutenak, baita 2005eko maiatzean Westminsterrerako (Ingalaterra) bozetan ere.

Hiru egunetako elkarrizketek gaur eman dute fruitua. Oraingoz ez du Belfast ondoko Stormonteko gazteluan egoitza duen Ipar Irlandako Legebiltzarra martxan jartzeko balioko. Hala ere, gaurtik aurrera eman beharreko zenbait urrats hitzartu dituzte.

Lehenik, Saint Andrewseko elkarrizketetan jarritako oinarriak onartzen dituzten ala ez galdetuko diete Irlanda iparraldeko alderdi guztiek beren oinarrieik. Azaroaren 10a baino lehen egin beharko dute hori. Guztiek orain ezarritakoa onartzen badute azaroaren 17an berriro hasiko dira buruzagien arteko bilerak akordioa erabatekoa izan dadin.

Gainera Irlanda iparraldeko herritarrei 2007ko martxoan kontsulta egitea aurreikusten du onartutako errepide mapak. Azpimarratzekoa da Irlanda iparraldeko alderdi guztiek izenpetzen duten lehen akordioa dela "Saint Andrewseko akordioa" izendatu duten hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.