Gatazka politikoak eta presoak

Irlanda. Su-etena, aske uztearen berme

1998an Stormonteko Akordioa sinatuz geroztik, Ipar Irlandako 516 preso askatu dituzte; haien erakundeak su-etenean izatea zen baldintza. Itunarekin bat egin ez zuten 50 preso daude kartzelan.

2016ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Otsailaren 26an, irlandarrek gobernua aukeratuko dute 26 konderriko Errepublikan. Uharte osoan hedatua dago Sinn Fein alderdi errepublikanoa, eta, Irlandako Estatuaren historian lehenengo aldiz, litekeena da koalizioko gobernu bat eratzea hegoaldeko lurretan. Sinn Feinek badu dagoeneko nagusitasuna Ipar Irlandako Legebiltzarrean, eta espero da hegoaldeko botoen %16-26 bitarte lortuko dituela. Halako jokaleku bat ezinago gertagaitza litzateke duela hogei urte; orduan, %2,5 ahuldu zen alderdia, eta aulki bakar bat lortu zuen 1997ko hauteskunde orokorretan. Hegoaldeko hauteskundeetako emaitzetan alderdiak halako aldaketa nabarmena izateak zerikusi zuzena du iparraldeko arazoak bertan behera geratu izanarekin, eta hori ez da kasualitate hutsa; Ostiral Santuko Hitzarmenak abiarazi zuen prozesua, 1998ko apirilean, iparraldean eta hegoaldean errefendumak eginez aldi berean. Kritikak ere eraginagatik, itun hark bide eman dio bake eta egonkortasun aldi bati.

Hitzarmen hark iraun zezan ezinbestekoa zen politikoki motibatuak zeuden presoak sartzea azkeneko akordioan, eta halaxe onartu zuten prozesuan parte hartu zuten gehien-gehienek. Irlandako preso paramilitarren ikertzaile aitzindaria da Kieran McEvoy, eta hau nabarmendu du: «Beren presoen babesik gabe, ez errepublikanismoa eta ez loialismoa ez ziren aldendu ahal izango indarkeria politikotik, eta Ostiral Santuko Hitzarmena ere ez zen burutan aterako halako presoak lehenbailehen askatzea jaso ezean». Haren ondorio da emaitza hau: faseka askatzea 428 preso politiko loialista eta errepublikano, hots, 1998-2000 bitartean konpromisoaren alde agertu ziren haiek. Irizpide horietatik kanpo geratu ziren preso talde gutxi batzuk, hala nola Jarraipeneko IRA eta Boluntario Loialisten Indarra, eta ez zituzten sartu askatu beharrekoen artean. Presoak bi urteko aldian faseka askatzen hasi zirenez geroztik, Erresuma Batuko Gobernuaren Sententziak Berrikusteko Batzordeak bere lanean jardun du, eta, 2015eko martxotik, guztira 516 preso askatu ditu, 1998-2015 bitarte guztira jasotako 644 eskarietatik.

BERRIAk Michael Culbert-ekin hitz egin du: IRAko preso izandakoa da, eta aspaldidanik Coiste na n-Iarchimi Irlandako preso errepublikanoen babes sarearen bozeramailea. Hark agerian utzi du presoek zer garrantzi izan duten Ostiral Santuko Hitzarmenean: «Egiaz, mundu guztiak zekien denborarekin presoak ere sartu beharko zituztela azkeneko itunean». Talde zatikatu batzuk sortu dira jarrera horri erronka jotzeko; baina, komunitatearen babes nabarmenik izan gabe. Kalkuluen arabera, gaur egun, 50 disidente dauzkate preso Maghaberry kartzelan Ipar Irlandan eta Portlaoise kartzelan Irlandako Errepublikan. Sinn Feinek gora egin du hauteskundeetan, eta, Culberten ustez, horrek erakusten du zer ibilbide zabala izan duen haren aldeko babesak komunitate errepublikanoen barruan, 1998an ezarritako erakundeei dagokienez, eta zer-nola eragin duen gatazkara ez itzultzeko hesi gisa: «Oraindik ere babesten dugu [ituna], horixe delako egin beharrekoa; labur bildurik, bakea. [Bereizitako taldeak] Ezin dira gerrilla borroketan aritu jendearen babesik gabe». Ez da halako patxadaz mintzatu Erresuma Batuko Gobernuaz eta hark preso ohiekin duen «atzera begirako mendeku jarreraz». 1998an Ostiral Santuko Hitzarmenean adosturikoaren arabera, «gobernu biek oraindik ere onartzen dute sekulako garrantzia duela presoak komunitatean gizarteratzeko neurriak hartzeak, eta askatu aurretik zein ondoren babesa eskaintzeak, enplegua aurkitzen laguntzeko, trebatzen eta prestatzen ahalegintzeko, eta hezkuntzan areago sakontzeko». Hala ere, Culbertek dioenez, Erresuma Batuko legearen pean, preso izandakoak diskriminatu egin izan dituzte, besteak beste, enplegu segurtasunari buruzko baldintzetan.

Egoera hori konpondu nahirik, Coiste na n-Iarchimi erakundeak eta Sinn Fein alderdiak estu hartu dituzte Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuak, beren baliokide loialistekin eta lehenagoko arerioekin batean EPIC Preso Ohien Interpretazio Zentroa eratuta. Konponbide bitxi hori Coiste na n-Iarchimiren konpromiso programaren osagaietako bat baino ez da, zeinak helburutzat baitu gatazkaren eraldatze eta baketze bideak sustatzea, bai iparraldeko probintziako komunitate nazionalisten eta komunisten artean, bai Irlandako itsasotik Britainiarako tartean. Erresuma Batuko armadako soldadu ohien multzo bat, Bakearen Aldeko Beteranoak, ohiko bisitariak dituzte errepublikanoen gotorleku diren eremuetako eskoletan eta komunitateko zentroetan Coiste na n-Iarchimik antolaturiko lantegietan. Halako ekinbideak lagungarriak dira parte diren guztien emozioen muga minberak gainditzen ahalegintzeko, bai eta Erresuma Batuak Irlandan izan duen gailentasun militar eta kolonial horren oroigarri politiko gisa ere; kontakizun horren aurrez aurre dago Erresuma Batuan irlandarren arteko etsaitasun gisa deskribatu izana gehienbat Irlandako gatazka.

Jakina, gatazkaren inguruko interpretazioak eta erruduntasunak bizi-bizi daude halako probintzia txiki batean, non 3.500 pertsona inguru hil baitira —hamarretik batek galdu du hurbileko ahaide bat—, 30.000 pertsonak eman baitute denboraldi bat kartzelan, eta 500.000 baitira biktima «ofizialak» mendearen hasiera aldean —1,5 milioi pertsonako biztanleria talde batean—.

Baina kanpaina militarra amaitua da. Culberten eta Sinn Feineko haren burkideen ustez, bozkalekuan dago orain borroka, eta irabazi egin behar dira hilaren 26ko bozak. «Hauteskunde jokalekua askoz gogorragoa da», dio, txantxetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.