Irlandako aurreko gobernuaren ildoei eutsi diete Fine Gaelek eta laboristek

Eskuinak eta zentro ezkerrak adostutako koalizioak murrizketa plana urte bat luzatzea aurreikusten du

Amaia Alvarez.
Dublin
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Otsailaren 25ean iraultza demokratikoa egin zen Irlandan». Fine Gael eskuindarrak laboristekin gobernua osatzeko sinatu duen testua esaldi horrekin hasten da. Irlandan ia hegemonikoa izan den alderdia zigortu zuten herritarrek otsaileko hauteskundeetan —Fianna Failek 77 aulki zituen, eta 20 ditu orain—; Fine Gael lehen alderdi bilakatu zen (76), eta laboristak bigarren (37).

Fine Gaelek lehen momentutik esan zuen independenteen botoak «garestiegiak» zirela eta koalizioa egiteko nahiago zituztela laboristak, beraz, denbora kontua zen bien arteko akordioa. Laboristen artean baziren koalizioa egitearen kontra azaldutakoak (baita sindikatu nagusia ere), baina, azkenik, alderdiko %95 kidek oniritzia eman diote akordioari.

Lanpostuen murrizketa

Nahiz eta «iraultza demokratiko» hots egin, gobernu berria osatutako programa eta aurreko gobernuarena ez dira horren ezberdinak. Lerro berak dituzte; Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Batasunak finantza erreskatearen inguruan jarri zituen baldintza berak betetzen ditu programak. Aldaketa nagusia defizita murrizteko epean dago, urte bat gehiago iraunen baitu. Hala, 2014an defizita barne produktu gordinaren %3ra jaitsi beharrean, 2015ean egin nahi du gobernu berriak —egun zuloa %32koa da—. Hala ere, Brian Cowen lehen ministro ohiak heldu den urterako onartu zuen plangintza ez dute ukituko; guztira hiru bilioi euro murriztuko dituzte.

Helburu horiek betetzeko anitz murriztuko dute gastua. Sektore publikoan 25.000 lanpostu kenduko dituzte langileek beren borondatez utzita. Fine Gaelek 30.000 lanpostu murriztu nahi zituela kontuan hartuta, hori izan da laboristek negoziazioetan lortu duten gauza bakarrenetarikoa. Fiskalitateari dagokionez, sozietateen gaineko zerga %12,5an mantenduko dute, BEZa gehienez %23ra igo eta bidaiatzeko zerga kenduko dute. Halaber, uraren gaineko zerga berria sortuko dute, eta gizarte zerga berrikusi.

Senatua desagerrarazteko eta parlamentari kopurua murrizteko neurriak ere hartuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.