Irlanda

Irlandan koalizio gobernua osatzeko akordioa sinatu dute Fianna Failek, Fine Gaelek eta Berdeek

Alderdien oinarriek onartu beharko dute ituna, gobernua osatu aurretik. Koronabirusaren krisiari erantzutea izango dute lehen eginkizun.

Micheal Martin Fiann Faileko burua eta Leo Varadkar Fine Gaelekoa, hauteskunde kanpainako eztabaida batean, joan den otsailean. NIALL CARSON, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 15a
11:10
Entzun

Irlandan koalizio gobernua eratzeko akordioa lortu dute Fianna Failek, Fine Gaelek eta Berdeek. Hala, Fianna Failek eta Fine Gaelek, bien arteko lehia historikoa alde batera utzi, gobernukide izatera egingo dute jauzi, koronabirusaren krisiak eta Irlandako Parlamentuko indar harremanak behartuta. Akordioa indarrean jarriko dela ez dago ziurtatuta oraindik, alderdi bakoitzeko oinarriek onartu beharko baitute lehenik. Berdeen alderdian, oinarrien bi herenen baiezkoa beharko da onespena lortzeko.

Oinarriek itunari balekoa emango baliote, Michael Martin Nianna Faileko burua lehen ministro bilakatzea espero da, haren alderdiak lortu baitzituen ordezkari gehien joan den otsailaren 8ko hauteskundeetan. Hala ere, kargua Fine Gaeleko buru eta jarduneko lehen ministro Leo Varadkarrekin txandakatuko duela iragarri dute hainbat hedabidek.

Fianna Failek 38 eserleku lortu zituen azken bozetan. Fine Gael, berriz, hirugarren indarra izan zen, 35 eserlekurekin. Babes gehien jasotakoen artean bigarrena izan zen Sinn Fein. Bere inoizko emaitzarik onena lortu zuen: 37 ordezkari. Eskuineko bi indarrek elkarren arteko akordioa hobetsi zuten gobernua eratzen ahalegintzeko, eta ados jartzea lortu zuten apirilaren 14an. Hala ere, beste indar baten babesa beharrezkoa zuten 81 ordezkariren gehiengo osoko langara iristeko. Hala, negoziazioak hasi zituzten Berdeekin apirilaren 16an. Bi hilabeteko elkarrizketen ostean, ituna sinatu dute.

Itunak jasotzen duenez, gobernuak 6.500 milioi euroren balioko diru sailak proposatuko ditu krisi ekonomikoari aurre egiteko. Horrez gain, enplegua sortzeko planak, garraio publikoa eta bizikletaren erabilera sustatzeko neurriak, eta gas isuriak murrizteko politikak adostu dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.