Bi aldeen taldeetako negoziatzaileek ez zioten elkarri bostekoa eman hasieran. Hala ere, mahai baten inguruan zenbait urte eseri gabe eman ostean berriz elkartzea berez ona izan zela argudiatu zuten baikorrenek. Benetako emaitza, baina, eskasa izan zen. Egoerak NBEren Kosovorako negoziatzaile buru Martti Ahtisaarik aurretik esandako hitzak baieztatu zituen. «Ez da aurrerapen nabarmenik espero».
Kosovoko albaniarrek -musulmanak gehien-gehienak- independentzia nahi dute, inolako baldintzarik gabe. Ezta aldez aurretik gutxiengo serbiarren eskubideak babestuko direla dioen konpromisoa hartzea ere. Belgrad, aldiz, «autonomia zabal-zabala» emateko prest dago, baina ez du independentzia hitza aipatu nahi. Vojislav Kostunica Serbiako lehen ministroak argi esan zuen. Serbia ez dago prest lurraldearen %15 uzteko, ezta EBn sartzeko ere. Adierazi zuenez, klubarekin bat egiteko baldintzak jarri zaizkie kide berriei, baina inori ez zaio eskatu lurraldearen zati bati uko egiteko.
Kosovoarrek, aldiz, independentzia eskatu zioten ofizialki Serbiari Vienako elkarrizketa saioan. Serbiaren barruan segitzen badu ere, Kosovok NBE Nazio Batuen Erakundearen babes herri baten moduan funtzionatzen du 1999tik, gerra ofizialki bukatu zenetik.
«Independentzia gure jarreraren hasierako eta bukaerako muga da», adierazi zuen Kosovoko presidente Fatmir Sejdiuk Vienako bileran. Serbiako Gobernuaren ordezkariak Boris Tadic Serbiako presidentearen hitzez erantzun zioten Sejdiuri. «Belgradek ez du ultimatumik onartuko». Veton Surroi kosovoarren negoziatzaileak ez zuen autonomia onartu: «Jasan dugun guztiaren ondoren, irrealista da orain autonomia ereduei buruz eztabaidatzea. Kosovok bere bideari segituko dio».
Kosovo nazio serbiarraren sorterria dela argudiatzen dute serbiarrek; Kosovo hitza berez serbiera dela -eta albanieraz ere horreladeitzen zaiola, ez dagoela beste hitzik-, eta hango herritarrak eslaviar musulmanak direla, Inperio Otomanoaren inbasioan eta ondorengo mendeetako zapalkuntzaren ondorioz nahita edo halabeharrez fedez aldatu zirenak. Hori eskubideak ez galtzeko edota buruzagien klasera igo eta administrazioko kide gisa pribilegioak izateko izan zela. Eslaviar asko musulmanen elitean sartu ahal izateko albaniartu zirela.
Hori hala izanda ere, iraganak ez du errealitatea ukatzen, eta Kosovoko albaniarrek faktore hori dute alde. Egun, bultzada demografikoaren ondorioz eta mendeetako borroka eta desplazamenduen ondoren, Kosovoko albaniarrak gehien-gehienak dira, %90. Horrek indar posizioa ematen die negoziazioen mahaian. Nazio Batuen Erakundean ere ulertu dute hori, eta Belgraden kritikak eragin ditu. Serbiaren arabera, NBE ez da bultzatzen ari independentzia ez den beste alternatibarik.
Vienako bileraren porrotaren ondoren, datozen hilabeteotan eztabaidatzen segitzeko asmoa agertu dute serbiarrek eta kosovoarrek. Asmoa, ez gogoa. Diplomaziaren orain arteko porrotak berebiziko ahalegina egin beharko du irtenbide itxurosoa lortzeko. Ez da erraza izango, baina konbentzitzekobide gozoa izan dezakete: EBren pastela eskaintzea. Eta pastel horibai Belgradek, bai Pristinak dastatu nahi dute.
Hori dela eta, bitartekariek konpromiso eta malgutasun handiagoarekin jokatzeko eskatu diete bi aldeei, batez ere datozen hilabeteotan izango den prozesuari begira. Prozesu horretan erabaki beharko bailitzateke Kosovoren estatusa zein izango den, geldialdi juridikotik behingoaz irten dadin.
Geroari begira, EBn sartzeko prozesua nahaspila daiteke bi aldeetan. Belgradek eta Pristinak EBn sartu nahi dute geroan, eta, horretarako, europazale jokatu beharko dute.
SERBIA, PRESIOPEAN. Serbia ez dago independentziari kontra egiteko modurik onenean. Nazioarteko presioa handi daiteke EBn sartzeko negoziazio prozesuan. Serbiak taldean egon nahi du, baina zein prezioren truke? Oztopo asko ditu bidean: Balkanetako gerren itzala, non gaizto ofizial bakarrak serbiarrak izan diren, jarrera nazionalisten pisua Europaren kontrako sentimenduak pizteko, Ratko Mladic ustezko gerra kriminala Hagako Auzitegiaren eskuetan utzi ez izana eta, orain, Kosovoko auzia. Kostunicak etengabe esan du, bai Vienako bileraren aurretik baitaondoren ere, Kosovoren independentziak ezegonkortasun garaia ekarriko duela, berriro ere.
Kosovoarren egoera ez da hain zaila, baina argi jokatu beharko dute eta gutxiengo serbiarraren eskubideak babesteko konpromisoa hartu. Eskualdea ezagutzenduten aditu askok diotenez, lehen kosovoarren aurkako genozidioa zena serbiarren aurkakoa bihurtu da orain, eta nazioarteko indarrak ez dira gai izan herritarrak defendatzeko.
Kosovo independentea izateko prozesuak aurrera segituko du. Bada herrialdea urte amaierarako guztiz burujabe izango dela dioenik. Ordura arteko bidea latza izan daiteke. Vienako bilera egin zen egunean bertan kosovoar independentistek manifestazioa egin zuten Pristinako kaleetan. Vetevendosje taldea (Autodeterminazioa) serbiar produktuen kontrako boikota bultzatzeagatik egin da ezagun. Manifestazioan argi utzi zuten Kosovoko independentzia zer den haien ustez: NBEn eserleku bat, armada propioa, atzerri ministerioa izatea eta Kosovoren barruan inolako muga etnikorik ez jartzea, iparraldean serbiarrak eta erdi-hegoaldean albaniarrak jarriz, alegia. Pristinako protesta Albin Kurti ikasleen buruzagia izandakoak zuzendu zuen.
Bitartekariek konpromiso eta malgutasun handiagoarekin jokatzeko eskatu diete bi aldeei
Belgradek eta Pristinak EBnsartu nahi dute geroan, eta, horretarako, europazale jokatu beharkodute
marek antoni nowickiNBEren Kosovorako Arartekoa izandakoa
«Arazoaren funtsa Balkanetan bizi diren albaniarren auzia da, oro har»
jose mari pastorDonostia
Marek Antoni Nowickik NBE Nazio Batuen Erakundeak Kosovorako duen arartekoa izan da bost urtean. 2000ko uztailetik 2005eko abendua arte jardun du horretan.
Vienako bilera akordiorik gabe bukatu zen. Zergatik?
Vienako bileraren amaiera esanguratsua da Kosovoko auzia eta prozesua nola doazen ulertzeko. Vienako bileraren aurretik inork ez zuen gauza handirik espero, edo prozesua erraza izango zenik. Hori dela eta, prozesua nola doan ikusita, ez da baztertu beharko azkenean nazioarteko komunitateak NBEko Segurtasun Kontseiluaren bidez irtenbide bat agintzea, inposatzea. Irtenbide hori ahalik eta onena izango litzateke, alde guztiei ahalik eta kalte txikiena egingo liekeena, eta arrisku gutxiena ekarriko lukeena.
Zein arrisku dira horiek?
Auzia korapilatsua da, ez da erraza. Esan liteke arazoaren funtsa ez dela soilik Kosovo, oro har Balkanetan bizi diren albaniarren auzia baizik. Horixe hartu behar da kontuan. Izan ere, zenbait estatutan gutxiengo albaniarrak dituzu: Serbiako hegoaldean albaniarrak bizi dira, Montenegroko udalerri batzuetan ere albaniarrak daude, Mazedonian ere alde batean albaniarrak bizi dira, Greziako iparraldean ere albaniarrak bizi izan dira beti. Gainera, albaniar horiek gutxiengoa dira estatu horietan, baina bizi diren eskualdeetan gehiengoak dira, oso alde homogeneoetan bizi dira. Beraz, irtenbidea bilatu behar zaio arazoari, baina etorkizunean arazo gehiago ekarriko ez dituena.
Albania Handiaren beldurra da hori?
Politikatik begiratuta, agiri edo aldarrikapen ofizial batean zuk ezin duzu halako helbururik jarri mahaiaren gainean. Baina, aldi berean, jende hori guztia kontuan hartu beharko litzateke. Arlo horretan Europako Batasunak rol berezia jokatuko du.
Beraz, EBk baldintzatuko du eskualdearen etorkizuna.
Neurri handi batean. Argi jokatu beharko da Balkanetako integrazio prozesua Europako Batasuneanez dela tranpaz betetako prozesua izango. Perspektiba errealistarekin negoziatu beharko dute. EBn sartzeko prozesua eta negoziazioak urte gutxian egiten dira, ez dira dozenaka urterako zehazten, eta horrek errealismoa ekarrikodu.
Serbiarrek independentzia ez den beste alternatibarik ez onartzea leporatu diote NBEri.
Nik uste dut pozik egongo nintzatekeela independentziaren aldeko aukerak beste arazorik sortuko ez balu, eskualde horretan segurtasuna eta oreka arriskuan jarriko ez balitu. Gainera, kontuan izan behar dugu independentziaren aldeko aukera hori aurrekaria litzatekeela eta munduko beste hainbat lekutan, non halako gatazkakdauden, eragina izan dezakeela gerora. Kontuz ibili beharra dago, beraz.
Aurrekariak aipatzen dituzunean Europako Batasunaren barruan independentziaren aldeko aldarrikapenak dituzu gogoan?
Ez dut esan nahi zehatz-mehatz zein lekutan Kosovoren independentziak izan dezakeen eragina. Soilik esan nahi dut kontuz ibili beharra dagoela. Arazoa ez da bakarrik EBren barruan,munduko beste hainbat lekutan baizik: Kaukason, Asian... Bereziki alde horietan, eta gerta daiteke arazoa nolabait lo egotea eta Kosovoren eraginez berriro esnatzea.
1999an, gerra bukatu ostea,milaka iheslari serbiar sorterrira itzuliko zirela esan zuen nazioarteko komunitateak. Zazpi urteren ondoren, esku batekin konta daitezke Kosovora itzuli diren familia serbiarrak.
Bai, nazioarteko komunitateak iheslariak itzultzeko aukera hain harro aipatu zuen garai hartan nik ez nuen aukera hori hain erraz ikusten, zuhurragoa izan nintzen. Esannuen, gainera, jende asko ez litzatekeela sorterrira itzuliko. Segurtasun arazoak zeuden serbiarrentzat, eta gero egoera ekonomikoa. Ez hori bakarrik. Kosovoren estatus berria ez zegoen batere argi, eta horrek ez du egonkortasun edo bake itxura transmititzen. Serbiarrek nahiago dute Serbia erdialdean bizi, beharbada pobre, baina seguru, Kosovora inolako segurtasunik gabe joan baino. Diru publikoa, inbertsioak eta laguntzak eman ditzakezu, baina horrela ere ez dituzu konbentzituko, bost urte barru Kosovon zer gertatuko den ez badakite. Horretan 2004ko martxoan gertatu zenak, serbiarren kontrako erasoak, berebiziko garrantzia izan zuen.
«Vienako bileraren aurretik inork ez zuen gauza handirik espero, edo prozesua erraza izango zenik»
«Kontuan izan behar dugu independentziaren aukera aurrekaria litzatekeela munduko hainbat lekutan»