Hiesarekin kutsatutakoen lehen kasuak ezagutarazi zituztenetik 30 urte igaro dira. AEBetan atzeman zuten gaixotasuna, eta aurki hedatu zen mundu osoan. Ezezaguna zen gaitza hasieran, eta ezezagunak GIBaren kutsatze bideak. Ageriko arrazoirik gabe hedatu eta heriotza eragiten zuen gaitzak, eta erabateko izua eragin zuen 80ko hamarkadan.
Homosexualen eta droga hartzaileen gaixotasuna zela uste izan zen hasiera batean, gaixotasunak gogorren jo zituenak izan baitziren horiek. Izurri arrosa izenez bataiatu zuten, gaixoei azalean irteten zitzaizkien arrosa koloreko orbanengatik. Medikuak gaixotasuna zerk eragiten zuen eta nola kutsatzen zen ezin asmatu ibili ziren urteetan. Bitartean, gizakiaren historiako pandemiarik larrienetakoa bilakatu zen hiesa urte gutxitan.
Lehen kasuak atzeman eta 30 urte geroago, 33,3 milioi lagun daude GIB birusarekin kutsatuta. Urte horietan guztietan, gainera, 25 milioitik gora hil dira gaixotasun lazgarri horreneraginez. NBEk hiesaren inguruko txostena kaleratu du urteurrenaren karietara, eta, aurkezpenean, Ban Ki-moon idazkari nagusiak «GIBik gabeko belaunaldia» lortzeko ahalegin berezia egiteko eskatu die munduko agintariei.
Michel Sidibe NBEren hiesaren aurkako programaren zuzendariak GIBa hedatzea saihesteko prebentzio iraultza bat egin behar dela azpimarratu du. Gaur egun jakina baita nola kutsatzen den ihesa: odolaren etaharreman sexualen bidez.
Bazterketa soziala
Ustez homosexualei eta droga hartzaileei eragiten zien gaixotasunak, baina, handik gutxira, ikusi zuten ez zuela bereizketarik egiten. Emakumezkoak eta adin guztietakoak kutsatu ziren. Gaur egun, gaixoen erdia emakumezkoak dira, hain justu. Ezezagunari ohi zaion beldurrak gaixoen bizi-baldintzak zaildu ditu urte askotan. Kontaktu hutsarekin kutsa zitekeela uste baitzuten askok, hasieran. Hiesdunek jasan duten bazterketa bortitzak, gainera, gaixotasunari aurre hartzea zaildu du, askok ezkutuan jasan baitute eritasuna. Gaur egun, gaixotasuna ezagutzen bada ere, bazterketa ez da desagertu.
Heriotzari lotutako gaixotasuna izan da luzaroan. Gaur egun, GIB birusarekin kutsatutakoek bizimodu normala egin dezakete, sendabiderik oraindik topatu ez dioten arren. Dena den, sendagaiak garestiak dira oso, eta gaixo guztiek ezin dituzte eskuratu.
NBEren arabera, kutsatze tasak txikitzen ari dira; gero eta jende gehiagok eskuratu ditzake sendagaiak, eta gero eta haur gutxiago kutsatzen dira amengandik. NBEren txosteneko berri guztiak, ordea, ez dira onak. Tratamenduan hasten den seropositibo bakoitzeko bi lagun kutsatzen baitira. Hori dela eta, gazteen kontzientziazioan jarri du arreta NBEk. Izan ere, 80ko hamarkadan izurrite arrosak utzitako hildakoen eta izuaren ikasgaia urrun geratzen zaie gazteenei.
Afrika gogorren joa
Hiesak Afrika jo du gogorren. Munduko 33,3 milioi hiesdunetatik 22,5 milioi Sahaz hegoaldera bizi dira, NBEren arabera. Iaz, 1,3 milioi lagun hil ziren hiesaren ondorioz, eta 1,8 milioi kutsatu ziren.
Kutsatze gehienak preserbatiboa ez erabiltzeagatik gertatzen dira. Horrexegatik, gazteak gaixotasunaren inguruan hezteko beharra azpimarratu du NBEk, baita preserbatiboak eskuratzea erraztea ere.
Edozein gerratek edo gosetek baino jende gehiago hiltzen du GIBaren birusak Afrikan; egunero 6.000 lagun hiltzen baitira. Horretaz gain, hamar milioi umezurtz utzi ditu hiesaren tragediak kontinente beltzean. Oraindik isilean bizi dute gaixotasuna gehienek; gaixotasuna ezagun egin zenetik 30 urtera, estigma berberak lotzen baitira gaixotasunarekin.
Isilean pairatutako pandemia
Hiesarekin kutsatutako lehen kasuak atzeman zituztenetik 30 urte igaro dira. Urte horietan guztietan, 25 milioi hil dira gaixorik. Gaur egun, 33,3 milioi hiesdun daude munduan; gehienak, Saharaz hegoaldeko Afrikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu