Islamismoa, turkiarren erara

Anaia Musulmanek, euren jarrera argitu nahian, herritarren gogoaren menpe ariko direla esan dute, «berdintasunean eta askatasunean», inor baztertu gabe.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Diktaduren osteak asmaezinak diren neurri berean da Egiptoko etorkizuna ziurgabea, baina marrazkiaren irudikapenean susmoak hedatzen dira, horiek egia bezala marraztuta geratzeko arriskuarekin. Mamu horietako bat ez zabaltzeko, Mendebaldearen irudipenak argitzera atera dira Anaia Musulmanak, muturreko islamismoari buruzko beldurra baretzera: Egiptok Irango norabidea ez du hartuko, eta Turkia adibide egokiagoa iruditzen zaie islamaren eta demokraziaren elkarbizitzarako. «Berdintasuna eta askatasuna denontzat izango duen herria eraiki nahi dugu». Mohamed Mursi eledunaren ustez.

Anaia Musulmanentzat, berdintasuna, besteak beste, ez daarlo publikoan emakumearen parte-hartzea bermatzea, haren zeregin garrantzitsuena ama eta emazte izatea baita. Etxetik kanpoko lana zilegi da eurentzat, baldin eta familiari eragiten ez badio. Gaitasun intelektuala aitortzen badiote ere, pentsatzen dute emakumeak ez duela balio edozein arlotako buruzagi izateko.Edozein kasutan, «garrantzitsuena da herriak bere jarrera hartu duela, eta guk hori babestuko dugula, musulmana edo kristaua izan, emakumea edo gizon».

Orain arte herritarren babesaren %30 inguru izan dutela diote adituek. Legez kanpo egon diren arren, estatuak gizarte zerbitzuetan izan dituen hutsuneak bete dituzte behartsuenei hainbat laguntza eskainiz, eta langileen artean ere indarra dute. Horregatik egiptoar askok begi onez ikusten dute taldea. Aberats musulman askoren dirua dute zerbitzu horietarako; haien presioa ere bai, norabide politikoa erabakitzeko.

Datozen hauteskundeetan ez dira aurkeztuko, eta egokienari emango diote babesa, «unea iristen denean». Momentuz, ordea, urrun dakusate une hori, Hosni Mubaraken taldea oztopatzen ari delako. Gobernuarekin oposizioa izaten ari den negoziazioetan parte hartzen ari dira, baina «elkarrizketan ordez, bakarrizketan» ari direla-eta, taldetik ateratzeko aukera ez dute baztertzen.

Legez kanpo askotan

Mubaraken Egipton ez zen zaila haien mitin batera joatea, baina ofizialki ez zuten izenik. Hautagai independenteen bidez diputatuen bostetik bat lortu zituzten 2005ean, baina Mubarakek beharren arabera erabili izan ditu, haien kontra gogor eginez behar izan duenean, bai etxean eta baita kanpoan ere. Nazioarteari begira integristak direlako haien kontra borrokatu dela saldu du, eta nazioarteak hori erosi du.

Anaia Musulmanak herri arabiarretan hedatuena den mugimendua dira, eta tokian tokian hartzen dute jarrera ertsiagoa edo irekiagoa, betiere estatu zibila oinarri islamikoen gainean eraikitzeko xedez, eta lege islamikoak gidaturik. Palestinan (Hamas), Jordanian, Sirian eta Golkoko herrietan indarra dute, eta indarkeria baztertzen dute, atzerritarren eraso batengandik defendatzeko ez bada.

Erresuma Batuaren kolonialismoaren kontra egiteko sortu zen mugimendu nazionalista 1928an, eta hainbat aldiz izan dira ordutik legez kanpo. Gamal Abdel Naserrek ere kanpo utzi zituen 1954an. Naserren ondorengoak, Anuar el Sadatek (1970-1981), aurrekoen eragin komunista herritarrengan gutxitzeko bidean hainbat kontzesio erlijioso egin zizkien.

1971n estatuko erlijio izendatu zuten islama, baina ez bakarra, Anaia Musulmanek nahi zuten bezala, baina 80ko hamarkadan berriz ere urrundu ziren jarrerak. Mubarakek bera botatzeko konspirazioaren bultzatzailetzat izan ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.