Islamista moderatuak dira faborito gaur Marokon egingo diren bozetan

Itxura guztien arabera, PJD alderdiak aurrea hartuko die koalizio gobernuan diren sozialista eta nazionalistei

2007ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Alderdi islamista moderatu bat, PJD Justizia eta Garapenaren Alderdia -oposizioan-, da faborito nagusia gaur Marokon egingo dituzten hauteskunde orokorretan garaile ateratzeko. Ia 16 milioi marokoarrek bozkatu ahal izango dute gaur, Legebiltzarreko 325 diputatuak hautatzeko. 33 alderdi politikok aurkeztu dituzte hautagaiak, eta Gobernuak espero du 2002ko bozetako parte-hartzea (%51,6) gainditzea. Halere, alderdi batzuek boikoterako deia egin dute, hauteskundeek deus ez dutela aldatuko nabarmenduta, eta demokrazia gabeziaz kexatuta. PJDko idazkari nagusi Saad Eddin Othmanik esan du espero duela egungo 42 eserlekuetatik 70 lortzera igarotzea. Adituek diote islamista moderatuen igoerak moteldu egingo duela muturreko islamisten indarra.

Lehenbiziko hauteskundeak 1963an egin zituzten, baina 1965ean izandako gizarte matxinada zela-eta orduko errege Hassan II.ak larrialdi egoera ezarri, eta Legebiltzarra bertan behera utzi zuen. 1971n monarkia erorarazteko eta errepublika ezartzeko saioak huts egin zuen. 1983an, krisi politiko eta ekonomikoa zela-eta, egitekoak zituzten bozak bertan behera utzi zituen erregeak.

Azken urteotan Kutla (Blokea) koalizioa egon da boterean, USFP Herri Indarren Batasun Sozialista eta Hizb al Istiklalen (Independentziaren Alderdia) gidaritzapean. Eta betiere monarkiaren agintepean. Nolanahi ere, 2002ko irailaren 27ko bozetan PJDko islamista moderatuak igoera nabarmena izan zuen, lehengo 14 diputatuen aldean 42 izateraino. Hirugarren indarra bilakatu arren, ez du koalizio gobernua parte hartu nahi izan.

Bozak boikotatzeko deia

Adl Ua Ihsan (Justizia eta Karitatea) elkarte islamista, VD Bide Demokratikoa eta talde berbereekere hauteskundeei boikota egiteko deia egin dute, nork bere arrazoiak argudiatuta.

Adl Ua Ihsanen ustez, Marokoko gazteen artean dagoen askatasun eta aukera gabeziak «lehertzear dagoen egoera soziala» eragin du. Hala, Rabateko gobernuari ohartarazi dio bazter utzi behar duela «herritarrek onartzen ez duten politika». Abuztu erdialdean Meknes (Marokoko iparraldeko herri berberea) herrian izandako eraso suizida saioa aipatu, eta hura kasu bakartua ez dela nabarmendu du elkarteko eledun Fatala Arsalanek. Poliziaren arabera, elkarte islamistarekin lotura duen ingeniari batek egin zuen erasoa, eta larri zauritu zen aldean zeraman bonba leherrarazita. Arsalanek, ordea, ukatu egiten du ekintzailearen eta taldearen arteko lotura. Taldea erdi klandestinoa da; ez dago legeztatuta, baina agintariek hein batean onartzen dute.

«Askatasuna falta da, geroa ez dago argi eta erabateko elkarrizketa gabezia dago. Mundu guztiak daki gizartearen sektore batek herriaren aberastasuna bere esku duela», salatu du Arsalanek.

«Marokoko iparraldeko kostaldeko uretara ausartzen diren gazteak daude, eta beste batzuek beren buruaz beste egin nahi dute Legebiltzarraren aurrean; honelako kasu gehiago izango dira». Adl Ua Ihsan elkarteak Gobernuari eskatu dio egungo ildo politikoa aldatzeko, «lehertzear dagoen egoerari» aurre egiteko.

Oraingo bozen haritik, elkarteak dio herritarrek bozak boikotatuko dituztela: «Ez dugu behar bozak boikotatzeko deia egitea, jendeak dagoeneko hori egiten duelako. Egitate bat da. Mundu guztiak daki Marokon jendeak ez duela bozetan parte hartzen». Horrez gain, Marokon Legebiltzarra eta Gobernua soilik itxurazkoak direla nabarmendu du: «Legebiltzarra esparru formala da, Gobernuak ezin du gobernatu; lehen ministroak ez ditu botereak, aitzitik, erregea da botere osoa beretzat hartzen duena. Ez PJDk, ezta beste ezein indar politikok ere, ezin dute inola ere beren programa garatu, boterea ez dutelako».

Berbereen salaketak

Era berean, berbere edo amazighak kexu dira Marokoko Gobernuak baztertuta dituela, eta boikoterako deia egin dute hainbat elkartek.

«Konstituzioak eta estatu sistemak ez du inola ere onartzen amazighen kultura, hizkuntza eta zibilizazioa. Estatuaren helburuetatik baztertuta gaude, eta horrexegatik ezin dugu [bozetan] parte hartu», azaldu du Amazighen Munduko Kongresuko ordezkari Mohammed Ajghoughek. Honen iritziz, «alferrikakoa» da bozkatzea.

«Gu pobreak gara, eta hala izango. Hauteskundeek ez digute deus ekartzen, aberatsen interesetarako egiten dituztelako. Jendea, egun, horren jakitun da, eta parte-hartzea ahula izango da». Gainera, jende asko hauteskunde txartela saltzen dabilela nabarmendu du: «Bereziki emakumeen kasuan ematen da salmenta hori; jendeak ez du promesa politikoetan sinesten eta salmenta horretan diru pixka bat irabazteko modua ikusten du».

USFP, Hizb al Istiklal, PPS eta PJD alderdiek, besteak beste, Konstituzioaren erreforma eskatu dute, erregeak horrenbeste botere izan ez dezan. Alabaina, alderdi horiek erregearekin hitzartuta egin nahi dute erreforma. Komunitate berbereak, ordea, kritika zorrotzagoak egiten dizkio egungo sistemari. «Konstituzioaren erreforma exijitzen dugu, Legebiltzarrak benetan legeak egin ditzan eta Gobernuak goberna dezan, erregeak, haren kontseilariek, Munduko Bankuak, Nazioarteko Diru Funtsak, Frantziak edo Ameriketako Estatu Batuek hori egin beharrean».

Horrez gain, berbereak kexu dira Gobernuak ez zituelako iazko abenduan eginiko promesak bete. Izan ere, orduan Atlas mendizerran dagoen Anfgou herrixkan 24 ume eta bi ama nerabe hil ziren hotzak akabatuta. Herri horrek eta beste batzuk bakartuta, errepide txarrekin eta mediku artatzerik gabe segitzen dute gaur egun.

Askatasun gutxi

Marokoko Giza Eskubideen Aldeko Elkarteko presidente Khadia Riadiren iritziz, egungo konstituzioa da Marokon benetako demokrazia egoteko oztopo nagusia. «Konstituzioak botere banaketa finkatu behar du; egun, erregearen esku daude botere horiek».

Parisen egoitza duen eta AEBen diru laguntza jasotzen duen RSF Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak «aldaketa positiboak» ikusi dituen arren, Prentsa Legea erreformatzeko eskatu dio Rabati. Ildo berean, AEBetan egoitza duen HRW Human Rights Watch erakundeak dio Prentsa Legeak «tresna zapaltzaile sorta zabala» eskaintzen diola Monarkiari. Hain justu, Monarkia, ustelkeria eta Mendebaldeko Sahara gai delikatuak dira komunikabideetan jorratzeko, eta zentsura eta zapalkuntza ez dagoenean «autozentsura» dagoela diote giza eskubideen aldeko hainbat taldek. Alderdi batzuek, ezkerrekoak zein eskuinekoak -islamistak barne- salaketa horiekin bat datoz.

Emakumearen egoera

Marokon, hainbat herrialde arabiar eta nagusiki musulmanetan bezala, emakumeak ere joera politiko zein ideologiko ezberdinetan lerratzen dira. Alabaina, haien egoera eta estatusa hobetzeko bide luzea dago oraindik egiteko.

Marokoko agintari nagusia, Mohammed VI.a erregea -inork hautatu gabea- zinismoaren uretara hurbildu zen 1999an eginiko hitzaldi batean, emakumeen egoeraz mintzo: «Nola lor daitezke aurrerapena eta joritasuna, emakumeek -gizartearen erdia- ikusten dutelarik beren interesei irain egiten dietela?».

2002an, orduko bozak egin aurretik, agintariak iragarri zuen emakumeek Legebiltzarraren %10 (30 diputatu) osatuko zutela aurrerantzean. Halere, ordutik ez dute emakumeen kuota handitu.

Bozetara aurkezten diren 33 alderdietatik 28k aurkeztu dute emakumeak hautatuak izateko moduko zerrendarik. Alabaina, tokiko hauteskundeak egiten direnean, zerrendetan %90 dira gizonezkoak.



«Askatasuna falta da, geroa ez dago argieta erabateko elkarrizketa gabezia dago»

fatala arsalan
adl ua ihsan elkarte islamistako eleduna




«Konstituzioak botere banaketa finkatu behar du; egun, erregearen esku daude botere horiek»

khadia riadi
Marokoko giza eskubideen aldeko ekintzailea




«Ezkerrak gaizki negoziatu zuen trantsizioan parte hartzearena»

abdelatif laabi Idazle eta pentsalari marokoar ezkertiarra
«Islamismo atzerakoiari eta ilunaren indarrei» aurre egiteko manifestua bultzatu du Laabiidazle ezkertiarrak.
ALLANDE SOKARROS

Abdelatif Laabi (Fez, 1942), Frantzian bizi den idazle, olerkari eta pentsalari marokoarra da. Garesti ordaindu ditu Hassan II.a erregea zenaren agintaldian demokraziaren aldeko jarrerak, 1972 eta 1980 bitartean preso atxiki baitzuten. Ezkerreko asmoen bultzatzaileetatik da aspalditik, eta islamismo atzerakoiari aurre egiteko «Itun Demokratiko bat» hitzartzeko deia egin die Marokoko demokratei.

Plazaratu duzun Itun Demokratiko baterako deiak hauteskunde hauen esparruagainditzen duela zehaztu berri duzu. Zer esan nahi duzu horrekin ?

Nire asmoan, testu hau, boz hauetako abagunea baino haratago joan behar den ekimen baten abiapuntua da. Demokraziaren indarrak berreraikitzeko dei bat da, eta hau epe luzerako prozesu bat da. Hortaz, dei hau ez da jarrera aldarrikatze huts bat, hots alderdi demokratikoen alde boto egitearena.Hori baino urrunago joan nahi du.

Ezkerreko pentsalaria izan arren, behin eta berriro adierazi izan duzu Marokon azken urteetan demokraziak aurrera egin duela. Badirudi, haatik, prozesu hau nahikoa mugatuta geratu dela. Zer dela-eta, zure ustez?

Uste dut Marokon gauzak astiro baino ez daitezkeela egin. Arkaismoa ez daiteke agintarien edo botere egituren aldean bakarrik antzeman. Arkaismoa gizartean sakon sustraituta dago. Hortaz, mentalitateek beraiek aldatu behar dute. Esaterako, ustelkeriaren aurkako kanpainak bideratuta daude, gaitz hau guztiz hedatua baita Marokoko instituzioetan. Baina, era berean, ikusi behar da herritarrek berak nola jokatzen duten... Izan ere, gestio bat egin beharrean, marokoar bat administrazio batean sartzen delarik, diruaren truke, funtzionari baten laguntza lortzen saiatuko da lehenbizi, eta ez eskubide duena eman diezaioten eskatzen. Beraz, mentalitateetan benetako iraultza da gertatu beharrekoa; eta hori da, besteak beste, alderdi politikoen, gizarte egituren, intelektualen zereginetako bat.

Ezkerreko jarrera izan duzu betidanik. Hainbat iritzi artikulutan Marokoko ezkerreko indarren sakabanaketa deitoratu egin duzu. Nondik dator egoera hau ?

Lehenbizi, ohartu behar da ez dela horrelakorik Marokon soilik gertatu. Ezkerreko indarrek jasaten duten ahulaldi edo ezintasun egoera hori beste herrialde askotan nabaritu daiteke. Marokon, ezkerreko indarrek, eta hauetatik haratago mugimendu demokratikoak bizi duen egoera nekezkoa urrundik dator. Lehenik eta behin gogoan eduki behar da 30 bat urte iraun duen Hassan II.aren aginteko jazarkunde itzela, aurka agertze guztien zapalkuntza, alderdi politikoen, gizarte egituren, zein pentsalarien menpe atxikitze zorrotza. Itzelezko iragan honetatik dator, zati batean, gaur egungo egoera. Baina ez da hori bakarrik. Argi dago ere, Marokoko ezkerraren aldetik, badagoela erreferentzia puntuen galera bat, nortasun krisi bat, ezkerreko pentsaeraren berreraikitzean atzerapen bat.

Hain zuzen, zenbaiten iritzian, Marokoko ezkerreko indar batzuk desbideratu egin dira boterean parte hartuta azken urteetan, demokratizazioaren bidea oraindik bukatu gabea delarik.

Nik neuk zalantzak neuzkan trantsizioaren hasieratik. Garai hartan, Mohammed VI.a erregeak berak bultzatutako prozesu bat abian jarri zen eta hor ezkerraren alderat partaide izateko eskaria egiten aritu zen. Iritzi diodana da ezkerrak ez duela, beharko zuen bezala, aldaketarako partaidetasun hori negoziatu. Nire irudiko, garai hartan, ezkerreko indarrak eta, oro har, alderdi demokratikoak posizio indartsu batean zeuden, eta aldaketarako partaidetzarako exijentzia gehiago beharko zuten izan. Negoziazioan exijentzia irmoak agertzean egon den huts egite horretatik dator egungo egoera, hots, erabakiak hartzeko ahal oso mugatuak dauzkan gobernu batekin eta zinezko zereginik ez daukan legebiltzar batekin egotea. Egiten ahal den kritika da, beraz,ezkerreko indarrek eta alderdi demokratikoek gaizki negoziatu zutela trantsizioa.

Zergatik bada ? Zein izan ziren, zure ustez, motelegi jokatze horren zioak ?

Arrazoi bat baino gehiago egon zen. Haien artean nagusiak ziren ezkerreko alderdiek huts egin zutela ikuspegi faltagatik, estrategia zehatz bat gabe egoteagatik, garai haietan zeuden indar harremanen azterketa sakonbat ez egiteagatik.

Egungo boz hauetan, alderdi islamiko bat arrakasta lortzeko aukeran da. Zuk, baina, ez duzu ia sekula islamismo hitza erabiltzen, bai ordea itzaleko indarrak edo indar atzerakoiak. islamismo hitza --kontzeptu politiko gisa hartuta-- ez erabiltzea nahitarazkoa da zure aldetik?

Bai, nahita egiten dut. Izan ere, Marokon, itzaleko indarren arriskua aipatzen dudalarik, bozetan aurkezten den alderdiaren inguruak baino nabarmen haratago doan fenomeno bat dut hizpide. Alderdi hori agerian geratzen den izozmendi baten zatia besterik ez da. Mundu horrek badauzka beste osagai ugari, alor politiko mugatutik at. Beraz, nire ikuspuntutik, Marokon demokrazia arriskuan jartzen duena ez da PJD alderdia soilik, bai, ordea, islamismo atzerakoiaren legeen izenean gure herrialdean jaun eta jabe jarri nahi duen itzaleko indarren mundu askoz ere zabalago bat.

Zuri argi deritzaizu kultura dela gizarte aske, aurrerakoi eta zuzenbidezko baten euskarria. Zergatik arduradun eta agintari politikoek ez diote horrenbestekogarrantzirik ematen kulturari ?

Politikariek, oro har, ez dute ikusten gizarte garapenik ezin dela izan kulturaren dimentsio hori gabe. Gizarte aske, aurreratu eta bidezkorik ezin dela zinez izan, iritzi kritikoa eta giza-nortasuna hazten dituen ezagutzak jaso dituzten eta pentsatzeko eta ekiteko autonomia izango duten herritarrik egon gabe. Horretarako, ahalegin guztiak egiten ari naiz aspaldian, kultura --bere zentzu zabalean harturik, jakina-- eztabaida politikoan funtsezko kontua bihur dadin. Marokon, azken urteotan, aurrerakuntzak izan dituzten gai guztiak eztabaida politikoaren erdimuinean jarritakoak izan dira, hala nola emakumeen eskubideen garapena, giza-eskubideen errespetua, amazigh edo berbereen kulturaren ezagutza ofiziala gauzatzea. Hortaz, nahiko nuke kultura jartzea eztabaida nazionalaren erdigunean, hots, zelako gizarte xedea, zelako demokrazia, zelako garapena gurako ditugun. Ororen buru, kontua da jakitea zelako herritarrak nahi garen izan, demokrazia ez dadin izan lelo hutsa, baizik eta geure egunerokoan gauzatu egiten dugun errealitatea.

Berbereen kultura eskubideen alorrean aurrerakuntzak izan direla diozu. Marokon bizi den beste gatazka politiko nagusiaz, Mendebaldeko Sahararen auziaz alegia, zein da zure ikusmoldea?

Orain dela bi urte baino gehiago, Marokoko hedabideetan argitara eman nuen artikuluan, azaltzen nuen Mendebaldeko Saharak autonomia jasotzearen alde nengoela. Horretan nago beti. Nire ustez, hori da --Marokok duen dinamika demokratikoa nahiz sahararren interesak eta nortasun gurariak ere kontutan edukita-- gaur egun izan daitekeen planteamendu zentzuduna eta bideragarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.