Israel babestu arren, Obamak diplomazia nahi du Iranen

Tel Aviveko lehen ministroak bere burua defendatzeko eskubidea duela berretsi du, baita bere geroaren jabe dela ereIAEAk «lehenbailehen» Partxingo base militarra ikusten uzteko eskatu dio Irani

Jon Fernandez.
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Bezperan AIPAC lobby juduaren konferentzian egindako hitzaldian Israelentzako mezua argi utzi ostean hartu du Barack Obamak Benjamin Netanyahu Etxe Zurian. Hiru hitzetan laburbil daiteke Washingtonek Tel Avivi helarazitako mezua: bai, baina ez. Alegia, Israel babesteko aukera guztiak zabalik daudela baina oraingoz hobe dela Iranen kontrako eraso militarra alboratu eta diplomazia lehenestea. «AEBek beti babestuko dute Israel», berretsi dio Obamak Israelgo buruari, eta Iranen kontrako «aukera guztiak» mahai gainean dituela esan arren «gerraz gehiegi hitz egiten ari direla» ohartarazi du Obamak. Haren esanetan, horrek soilik Teherani egin dio mesede azken asteetan. «Petrolioaren prezioak gora egin du, eta hain zuzen ere petrolioarekin finantzatzen dute programa nuklearra».

Israelen aliatu estuena dela nabarmendu du Obamak, Iranen programa nuklearraren kontra dagoela erabat, baina argi utzi nahi izan du ez diela berehalakoan men egingo Netanyahuren eskariei. Izan ere, eraso militar baten aldeko defentsa publikoa eskatzeko asmoz joan da Netanyahu Washingtonera.

Presio ugari daude tarteko, eta bi gobernuburuen harremana ez da erraza —Ekialde Hurbileko hainbat auzitan egin dute talka azken hiru urteotan: palestinarren auzian, udaberri arabiarren inguruan...—. Netanyahuk errepublikanoen aldeko erabateko apustua egin du datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetarako, eta juduen botoa oso garrantzitsua da AEBetako hauteskundeetan. Joan den igandean, esaterako, Mitt Romney errepublikanoen hautagaiak Iran erabili zuen berriro egungo presidenteari eraso egiteko: «Datorren legealdirako berriz ere Obama hautatuz gero, Iranek arma nuklearrak izango ditu, eta horrek mundua aldatuko du». Romneyk esan du presidente balitz eraso militarra defendatuko lukeela.

Errepublikanoen eta lobby juduaren presioaz gain, senatuarena ere gainean du Obamak: 32 senatarik Iranen kontrako eraso militarra egiteko babesa erakutsi zioten presidenteari agiri bidez, senatari demokratak ere tartean. Dena dela, Netanyahu konbentzitzen ahalegindu da AEBetako presidentea, Iranen eraikin nuklearren kontrako eraso prebentiborik egin ez dezan. Netanyahuk, ordea, hau esan dio: Israel bere geroaren jabe dela eta defentsarako eskubidea duela. «Biok», argitu du Obamak halere, «nahiago dugu auzia diplomaziaren bidetik konpondu».

IAEAren mesfidantza

AEBetako eta Israelgo buruak elkartu diren egun berean egin du bilera IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendaritzak Vienan. Iranen programa nuklearrak «oso arduratuta» daukala esan du Yukiya Amano zuzendariak, eta Teherani eskatu dio behatzaileei Partxingo base militarra ikuskatzen laga diezaien «lehenbailehen».

Mahmud Ahmadinejaden gobernuak behin eta berriz ukatu badu ere, Mendebaldeko potentziek eta IAEAk uste dute Irango programa nuklearrak helburu militarrak dituela. Hau da, Teheran arma nuklearrak prestatzen ari dela. IAEAko behatzaileak bi aldiz egon dira Iranen aurten, baina gobernuak ez die utzi Partxingo base militarrean sartzen. Horregatik, nazioarteko erakundeak dio ez daukala «berme sinesgarririk» ziurtatzeko Irango jardun nuklearra ez dela militarra.

Gainera, Teheranek uranioaren aberaste prozesua bizkortu duela ere jakinarazi du IAEAk, uranioa %20ra aberastera iritsi dela. Errepublika islamikoaren arabera, isotopo medikoak sortzen dituen Teherango zentral nuklear baten erregai gisa erabiliko dute uranio aberastu hori. Behin uranioa %20ra aberastuta, ordea, errazagoa da %90eraino aberastea, eta maila horretan arma atomikoak sor daitezke.

Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek, bestalde, hilaren 28an Teheranen izango dela jakinarazi du. Ahmadinejadekin bilduko da Erdogan, hilaren 26an eta 27an Segurtasun Nuklearraren goi bileran parte hartu ostean, Hego Korean. Bilerako gorabeheren berri emango dio Ahmadinejadi. Iranen auzi nuklearrean bitartekari izan nahi du Ankarak.

Khameneiren indarra

Hauteskundeen osteko adierazpen eta balorazioak dira nagusi Teheranen. «Herritarren parte hartze handiak [%64koa izan da] etsaia adoregabetu dute», Ahmadinejaden ustetan, eta Iraultza Islamikoaren ideiak sendotu. Hala ere, emaitzek zailtasunez beteko diote presidentetza amaitzeko geratzen zaion urte eta erdia Ahmadinejadi.

Parlamentuko 290 eserlekuetatik 225 hautatu dituzte lehen itzulian —gainontzekoak bigarren itzulian erabakiko dituzte—, eta horien %75 Ali Khamenei aiatola nagusiaren jarraitzaileen esku daude. Muturreko kontserbadoreen gehiengoak Iranen diskurtsoa gogortu dezake, bai barne politikan zein atzerrikoan. Balizko eraso militarrei erantzuteko baliabide guztiak erabiliko dituela ohartarazi du Irango armadak. Auzitegi Gorenak, berriz, agindu du epaiketa berriz egiteko CIAko espioi izateagatik iragan urtarrilean heriotza zigorra jasotako estatubatuarrari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.