Israel, erailtzeko baimena duen estatu bat

Israel nazioarteko zuzenbidearen kontrako krimenak egiteaz akusatu dute, Gazaren kontrako ofentsibarengatik. Eztabaida piztu da horren inguruan; zibilei kalte egitea noiz den zilegi, «hori besterik ez du arautzen» zuzenbide horrek, «zoritxarrez».

(ID_13427039) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Israelgo armadako soldadu batzuk, Gazako mugatik gertu, hilaren 14an. ATEF SAFADI / EFE
Jerusalem
2023ko abenduaren 23a
05:00
Entzun

Denborak argi utzi du Joe Biden AEBetako presidentea ez zitzaiola mundu guztiari mintzatu bere mezuan. Joan den urriaren 10ean, Gazako milizia palestinarrek Israel hegoaldean sarraskia egin zutenetik hiru egun eskas pasatuak zirela eta Israelek enklabearen kontrako mendekua hasi berria zuela, Bidenek ohartarazpen bat egin zuen: «Egoera honi etekina ateratzeko asmoa dutenei zerbait esan behar diet: ez saiatu horretan». Uste izatekoa da Zisjordanian hedatzen ari ziren milizia palestinarrei egin ziela oharra, edo Libanoko Hezbollahko buruei, mugaren beste aldean baitzeuden zain, mehatxuzko jarrera hartuta. Are, agian gogoan izango zituen lurralde okupatu horretako kolono biolentoak ere; izan ere, gero eta ekintza gehiago egiten ari ziren tokiko indigenen kontrako garbiketa etnikoa bizkortzeko. Baina orain jakina da ezetz, ez zitzaiela Israelgo buruzagiei ari hizketan.

Gazako zerrendaren kontra Israelgo armada egiten ari den erasoaldiak ez du etenik, eta, itxuraz, AEBek ere, Israelen babesle izanik, ez dute hango gobernua estu hartuko erasoaldia eten dezan. AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken Israelera joan da hainbatetan, eta, hasieran aitortu zuenez, bere helburua zen Israelgo buruak estu hartu eta «eten humanitario» bat ezartzea. Blinkenen misioak porrot egin zuen. Eta ez hori bakarrik: hura Lur Santuan egoteak ez zuen eragotzi Benjamin Netanyahuren agintepeko autoritateek katua sakatzea eta misil doiak jaurtitzea ospitaleen eta behar bezala akreditatutako anbulantzien kontra. Blinken Israelen zegoela.

Al-Xifa ospitaleko —Gaza hiriko ospitalerik handieneko— sarreran izandako bonbardaketek bezala, Jabaliako —zerrendako iparraldean dago— iheslari esparruaren kontra orain egiten ari diren bonbardaketek ere ezustean harrapatzen dute jende guztia, baita duela bost astetik misil artean nola edo hala bizirik iraun nahian dabiltzanak ere. «Ez dugu inoiz ikusi gorpurik hain erreta eta zatikatuta», esan du Ahmed Kahlutek, Jabaliatik. Eremu horretako erreskate taldeen burua da, zenbait gerratan ibilitakoa: «Hezurrak ere kiskalita daude».

Horren agerikoa da Israelgo agintarien ikuspuntuaren eta nazioarteko zuzenbidearenaren arteko talka, ezen armadako bozeramaileek aho betean eta lasai aitortu baitute adituek nazioarteko zuzenbidearen urraketatzat jotzen duten zerbait egin dutela: «Orduan, bazenekiten zibil errugabeak zeudela Jabalian, eta hala ere tiro egin zenuten, ezta?», galdetu zion CNNko Wolf Blitzer kazetariak Richard Hechti, Israelgo armadaren bozeramaileari, iragan urriaren 31n. «Horixe da gerraren tragedia», erantzun zion militarrak: «Esana genien hegoalderantz joan behar zutela».

«Ez dugu inoiz ikusi gorpurik hain erreta eta zatikatuta. Hezurrak ere kiskalita daude».

AHMED KAHLUTJabaliako herritarra

Orduan, Israelek sei tona lehergailu jaurti zituen Jabaliako errefuxiatu esparruan, eta berrehun zibil hil, baita Hamaseko komandante bat ere. Israelgo buruek adierazi dute operazio haren emaitzak justifikatu egiten duela erasoa; hain zuzen, adierazpen gogor horiek argi erakusten dute nolakoa den Israelek urriaren 7an hasitako kanpaina militarra, eta gero etorri den guztiaren atari makabroa ere badira. Ekintza batzuk nekez bateratu daitezke nazioarteko zuzenbidearekin, hala nola iheslari esparruak bereizi gabe bonbardatzea eta Al-Xifa eta beste ospitale batzuk setiatuta edukitzea; are, ospitale horretan, munizioak leihoak zeharkatu dituelako ere hil dira zenbait paziente eta osasun langile. Baina AEBen babesak bizitu egin du eztabaida. «Ez diogu marra gorririk jarri Israeli», esan dute behin eta berriz AEBetako zenbait buruzagik, tartean John Kirby, AEBetako Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren bozeramaileak.

Etxe Zuriak uste du baduela zilegitasuna bere aliatuei oniritzia emateko giza eskubideak urratu ditzaten, baina, berez, nazioarteko zuzenbideak argi zehaztuak ditu «marra gorriak». Eta, hain zuzen, zera eskatzen dute mundu osoan giza eskubideen defendatzaileek: marra horiek errespetatzea, gerra garaian ere indarrean baitaude. Zerrendan bizi direnak ere bat datoz, hala nola Raji Surani, abokatu eta aktibista gazatar ospetsua. Bere buruari galdetzen dio ea Karim Khan Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak, zeinak Vladimir Putin Errusiako presidentea atxilotzeko agindu bat bidali baitzuen Ukraina okupatzeagatik, zergatik ez duen beste hainbeste egiten Gazaren kontrako erasoari dagokionez.

Gazako herriak berrogei egun eta berrogei gau daramatza etengabeko bonbardaketak jasaten, setiatuta, gose eta egarri, eta Khan fiskalak oraindik ez du agindu inor atxilotzeko. Baina arrasto batzuk eman ditu jakiteko zer krimen egiten ari den Israelgo gerra exekutiboa. «Ezerk ez du eragotzi behar laguntza humanitarioa iristea umeengana eta zibilengana», esan du fiskalak. «Errugabeak dira, nazioarteko lege humanitarioen babespean daude, eta lege horiek urratzeak erantzukizun penala ekar dezake».

«Jendeak jakin behar du legeak baduela eraginik bere bizitzan», esan zuen Khanek prentsaurreko batean, Kairon: «Inork ezin du nahi duen guztia egin helburu militar jakin batzuk betetzeko. Legearen aplikazioa ez da teorikoa, eta jendeak denbora luzeegia darama promesak entzuten».

Helburuak ez du zilegi egiten bidea

Munduko armada guztiek bezala, Israelgo indarrek ere badituzte aholkulari militarrak, eta haiek gidatzen dituzte tropen ekintzak, nazioarteko legeekin bat etor daitezen saiatzeko. Asteotan 18.000 zibil palestinar baino gehiago hil izanak erakusten du katua sakatzea erabakitzen duten buruzagiek ez dutela aintzat hartu proportzionaltasun printzipioa, eta ez dituztela bereizi zibilak eta soldaduak.

Nazioarteko zuzenbidearen ustez, ordea, helburuak ez du zilegi egiten bidea. «Gerra krimen bat da Israelek zibil palestinarrei aplikatutako zigor kolektiboa», salatu du berriki Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak, Volker Tuerkek. «Eta zibilak ebakuatzera behartzea ere legez kanpokoa da», gehitu du Tuerkek, Rafahko pasabidetik. Hain zuzen, atsekabez adierazi du pasabide horretako ateak «egiazko amesgaizto baterako sarbide» bilakatu direla, eta beste aldean milioika lagun bizi direla «itota, eta ura, jana, argindarra eta erregaia eskuratzeko borrokan, etengabe bonbardatzen dituzten bitartean».

Tuerken hitzak gogorrak dira, baina are gogorrago mintzatu zen Nazio Batuen Erakundeko arlo humanitarioko beste goi kargudun bat; hain zuzen, dimisioa eman du, instituzio horretan ezin batzuen nahi bezain irmo hitz egin. Craig Mokhiber da, Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren New Yorkeko bulegoko zuzendari ohia, eta, ziurtatu duenez, Gazako zerrendan «erabateko genozidioa» egiten ari dira. «AEBek eta Mendebaldeko beste gobernu batzuek inpunitate osoa eman diote Israeli hamarkadaz hamarkada, eta orain ikusten ari garen genozidio hau horren emaitza da», esan zuen Mokhiberrek sare sozialetan, dimisioa eman eta gero. Mokhiberren ustez, Mendebaldeko hedabideek Palestinako herritarrak deshumanizatu dituzte urteetan, eta horren ondorio ere bada orain gertatzen ari dena. «Bi estaturen konponbidea ke laino gisa erabili da», salatu zuen Mokhiberrek. «Eta ke laino horrek estali egin du palestinarren kontrako desjabetzea, baita jazarpena eta [giza eskubideen] urraketa larriak ere».

«Nazioarteko zuzenbideak ez du galarazten gerra, eta ez du debekatzen zibilei kalte egitea».

ELTAY MACK Israelgo abokatu eta ekintzailea

Badirudi mundu osoko judu asko iritzi berekoak direla, Frantziakoak tartean. Hala dirudi, behintzat, Libération egunkarian argitaratu duten gutun bateratua irakurriz gero. Gazagatik minduta: ez duzue lortuko Frantziako juduak isilik geratzea izena du testuak, eta 85 judu ospetsuk sinatu dute: «NBEk salatu du litekeena dela garbiketa etnikoa egiten aritzea Gazako zerrendan. Juduak garen aldetik, ikaragarria iruditzen zaigu ikustea nola Israelek nazioarteko zuzenbidea urratzen duen Gazan inpunitate osoz, eta ez dugu inola ere onartuko halako sarraskiak egitea gure izenean».

Edonola ere, aditu batzuek zuhurrak izateko deia egin dute, hala nola Eltay Mack abokatu israeldar ospetsuak. «Israelek frogatu behar du zibilei egin dizkieten erasoak bat datozela nazioarteko zuzenbideak dioenarekin eta bereizte, zuhurtasun eta proportzionaltasun printzipioekin», adierazi du Mackek. «Eta, oraingoz, ematen du armadak informazio gehiago ematen duela orain bere jomugen inguruan, Gazan aurrez izandako gerretan baino». Abokatu horren arabera, gogoan izan behar da gauza bat: «Nazioarteko zuzenbideak ez du galarazten gerra, eta ez du debekatzen zibilei kalte egitea; zibilei kalte egitea noiz den zilegi, hori arautu besterik ez du egiten, zoritxarrez». Tuerkek, Craig Mukhiberek eta beste aditu batzuek Israel azkarregi akusatu ote duten galdetuta, Mackek honela erantzun du: «Ez dakit gertaerak zorrotz aztertu ote dituzten iritzia eman baino lehen, baina sare sozialen garai honetako fenomenoaren parte da hori».

Lurralde okupatuetan bizi diren palestinarren giza eskubideen alde gehien borrokatu diren aktibistetako bat da Mack; haren arabera, «jendeak berehala egiten ditu zehaztapenak Twitterreko auzitegian», eta horrekin dago lotuta NBEko goi kargudun batzuen jarrera, Israel nazioarteko zuzenbidearen kontrako krimenak egiteaz akusatu dutenena, hain justu. Ohartarazi du hori guztia arazo larria dela; izan ere, gertakariak aztertu behar dituzten iturriek berek jada emana dute iritzia sare sozialetan, eta horrek kalte egingo dio haien lanaren sinesgarritasunari. «Alde handia dago: gauza bat da egoeraren gaineko kezka azaltzea eta Israeli ohartaraztea zer ondorio izan ditzaketen bere ekintzek —Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal Karim Khanek, esaterako, horixe egin zuen, oso modu egokian—, eta beste gauza bat da sententzia ematea Twitterren».

Historiak galdua du gerra

Amnesty Internationaleko ikertzaileek frogatu dute Israelgo armadak fosforo zuria jaurti duela Libano hegoaldean, biztanle dentsitate handiko zenbait herritan. Substantzia horrek azala erretzen du, baita suteak piztu ere, eta debekatuta dago eremu populatuetan erabiltzea. «Urriaren 16an Libanoko Dharya hirian eginiko erasoa gerra krimen gisa ikertu beharra dago», esan dute erakundekoek. «Bereizi gabe egin zuten erasoa, eta gutxienez bederatzi zibil libanoar zauritu zituzten».

Azken asteetan, Israelek ustez substantzia hori bera jaurti du hainbat aldiz Gazan, munduan biztanle dentsitaterik handiena duen tokian. Baina, Libano hegoaldean ez bezala, Gazan zaila da Israelek egindako krimenak frogatzea, ez baitago behatzailerik han bertan eta hainbat kazetari hil baitituzte. Informatzaile gazatarrak, nazioarteko komunitatearen begiak, bata bestearen atzetik hiltzen dituzte; horrek kalte egingo dio palestinarren ikuspuntuari, eta, ondorioz, aukera gutxiago izango dira auzitegi batek asteotan Gazako zerrendan gertatutakoak iker ditzan noizbait.

Hilabete baino gehiago da gerra hasi zela eta Israelek mendeku hartu zuela Hamasen erasoaren ondoren. Hildakoen eta krimen posibleen zerrenda luzea da, eta Netanyahuk eta Israelgo gainerako buruek ziurtatu dute hau hasi baino ez dela egin. Informazioa gero eta nahasgarriagoa da, eta, ez dagoenez nahikoa testigantzarik eta frogarik, ez da posible izango kontuak emateko inolako prozesurik abiatzea. Ez dirudi Israelek bere helburu militarrak beteko dituenik eta Hamas desagerraraziko duenik. Baina badirudi Historiak, letra larriz idazten den horrek, galdua duela gerra hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.