Duela hemezortzi urte iritsi zen Israelera Oscar Olivier (Kasai, Kongoko Errepublika Demokratikoa, 1967). Ikasle mugimenduetako bozeramailea izaki, Kongotik alde egin zuen mehatxuak eta erasoak jasan ostean. Kairora alde egitea otu zitzaion lehenik, eta handik Israelera sartu zen. Geroztik, asilo politikoa eskatu duten milaka lagunek bezala, gobernuak bere eskaera noiz aztertuko duen zain dago. Hotline for Migrant Workers (Langile Etorkinentzako Linea Zuzena) erakundearen bidez, etorkinen ahotsa gizartera eta hedabideetara irits dadin ari da lanean.
Zer-nolako eragina izan du duela hilabete Israelgo Parlamentuak onartu zuen immigrazio lege berriak?
Astero ehunka etorkin deportatzen dituzte, talde txikitan. Gobernuak dio borondatez itzultzen ari direla beren herrialdeetara, baina ez da egia. Etorkin bakoitzak labana bat dauka eztarri azpian. Etxeko jabeengana joaten dira funtzionarioak, baita kanpotarrekin lan egiten duten israeldarrengana ere, eta mehatxu egiten diete etorkinak kanporatzeko. Gu itotzea da helburua, aukera bakarra alde egitea izan dadin.
Nolakoa da Israelen bizi diren Afrikako etorkinen egoera?
Lehenik eta behin, %99k ez dute hebreeraz hitz egiten. Ez dago sistemarik horiei hizkuntza erakusteko, Israelek ez dituelako inola ere gizartean integratu nahi. Gehienek arazo larriak dituzte nor diren eta zergatik etorri diren azaltzeko.
Bestetik, Israelen bizi diren Afrikako etorkinen %80 Tel Aviveko Xapira eta Ha-Tikyya auzoetan bizi dira. Ez dira beste hirietara joaten, oro har, haien kontrako errezeloa eta bazterketa handiagoak direlako. Edonola ere, auzo horietan oso kaskarra bilakatzen ari da osasun egoera, eta tuberkulosi kasuak handitu egin dira. Afrikatik datozen lagun gehienak beren herrialdetik ihes egin eta asilo politikoa eskatzera datoz, baina agintean daudenek ez dute hala ikusten.
Errefuxiatuak ez ditu hala deitzen Netanyahuren gobernuak. «Infiltratu» gisa definitzen zaituztete.
Israelen aski traumatikoa da infiltratu terminoa, terrorismoari biziki atxikia dagoelako. Israelgo gizarteari infiltratu bat zer den galdetuz gero, bonbekin eta atentatuekin lotuko du ezinbestean. Hitz beldurgarria da haientzat. Guretzat, infiltratu hitza nahita aukeratu du gobernuak; izan ere, ez dute errefuxiatu terminoa erabili nahi.
Herrialde honetako populazioaren %80 iheslarien seme-alabek eta ilobek osatzen dute, baina gure kasuan ez da eredu bera erabiltzen. Bidali nahi duten mezua argia da: Afrikatik datozen etorkinak ez dira gure arbasoak bezalakoak, etsaiak baizik.
Hain zuzen, etorkinen kontrako indarkeriak nabarmen egin du gora azken hilabetean. Gobernuak berak akuilatutakoa dela salatzen dute askok…
Xenofobiaren eta indarkeriaren aldeko zirikadak agerikoak dira gobernuko ministro batzuen partetik. Populazioa zirikatzen dute, eta indarkeriak eztanda egiten duenean onartezina irizten zaie.
Ministro batzuen diskurtsoak entzutean, nazien hitzaldiak datozkit gogora. Afrikako etorkin hitza judu hitzagatik aldatuz gero, haien arrazoibideak oso antzekoak dira. Estereotipoz beteriko bazterketa bultzatzen dute. Egoera lurrunkorra da, eta gorrotoaren zein indarkeriaren aldeko kanpaina antolatu bat sufritzen dugu. Horrela jarraituz gero, ziur naiz etorkinen kontrako hilketak ikusiko ditugula, eta inork ez du egoera serio hartzen.
Israelgo Estatuaren izaera judua babesteko legea dela azaldu du Barne Ministerioak.
Arazoa ez da judua izatea ala ez izatea. Azalaren koloreak markatzen du diferentzia. Paperik gabeko Europa Ekialdeko 200.000 pertsona baino gehiago bizi dira egun Israelen, eta inork ez du ezer esaten. Aldiz, Afrikako etorkinak 60.000 gara, eta gehiengoa izan gaitezkeelakoan jotzen gaituzte etsaitzat. Israelek askoz hobe onartzen ditu zuriak beltzak baino.
Nire alaba Israelen jaio zen, duela bederatzi urte, eta oraindik ez du herritartasuna hartu. Hemen jaiotako batek etorkinen seme-alaba izateagatik eskubiderik ez badu, nola biziko da duela bost urte iritsitako bat! Inork ezin du aukeratu non jaio, bai ordea non bizi nahi duen. Guk hona etortzea erabaki genuen, ezin genuelako gure herrian jarraitu. Morala da horregatik zigortzea?
Netanyahuren koalizio gobernuak, ordea, ez du ezkutatzen bere izaera erlijiosoa eta eskuindarra.
Hori da arazo larriena. Harro aldarrikatzen dute Ekialde Hurbileko demokrazia bakarra direla, baina ez dira ari jokatzen demokrazia baten moduan, sistema teokratiko gisa baizik.
Eli Yishai Barne ministroak erlijioa erabiliz argudiatu du lege berria, juduen herrialdea dela eta juduen gehiengoa babesteko beharra dutela adieraziz. Orain arte, Israelek ez du izan etorkinen gaineko legeria osaturik, eta iragan ekainean ezarritakoak iheslariak arbuiatzea du helburu. Gobernua arduragabe ari da jokatzen.
Oscar Olivier. Afrikako etorkinen bozeramailea
«Israel estatu teokratiko gisa ari da jokatzen»
Etorkinen kontrako «indarkeria instituzionala» salatu du Oscar Olivierrek, eta hilketaren bat izateko beldur dela adierazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu