Israelek eta Hezbolak bi asteren buruan abiatuko dute soldaduak eta presoak elkar trukatzeko prozesua. Israelgo Gobernuak herenegun onartu zuen, eztabaida luze baten ostean, trukatzea, eta hiru epetan jarriko dute indarrean. Aurrenekoan hainbat informazio trukatuko dute elkarrekin Israelek eta Hezbolak. Ron Arad Israelgo armadako pilotuaren inguruko txosten bat helarazi du hamalau eguneko epean Hezbolak. 1982. urtetik dago desagertuta Arad; Libanoko aire eremuan zegoela suntsitu zuten haren hegazkina. Libanoko bigarren gerran hildako soldadu israeldarren inguruko informazio ere emango du talde xiitak. Tel Avivek, bien bitartean, lau diplomazialari irandarren inguruko txostena helaraziko dio NBE Nazio Batuen Erakundeari. Libanon desagertu ziren horiek 1982. urtean ere.
Bigarren fasea izango da inportantena. Eldad Regev eta Ehud Goldwasser Hezbolak 2006ko uztailean bahitutako soldaduak entregatuko baititu orduan. Israelek hiltzat ematen ditu bi soldaduak eta, hartara, beren gorpuak jasoko dituzte. Trukean ekintzaile xiita historiko bat eta beste lau gerrillari askatu ditu Israelek. Samir Kuntar Hezbolako ekintzaileak sendi bateko hiru kide eta polizia bat hil zituen 1979an Naharian (Israel). Israelgo kartzeletan denbora gehien preso daraman libanoarra da Kuntar. Libanon milizia xiitaren garaipen baten moduan ospatuko dute haren askatasuna. Kuntarren senideek jada iragarri dute harrera beroa egingo diotela Beiruten.
Israelgo muga azken urteotan legez kanpo zeharkatu duten hainbat ekintzaile xiiten eta pertsonaren gorpuak ere entregatuko ditu Tel Avivek.
Hilabete bateko epean hasiko da, berriz, hirugarren fasea. Israelek hainbat preso palestinar askatzeko konpromisoa bete beharko du orduan.
Eztabaida Israelen.
Israelek garesti ordaindu behar izan du talde xiitak duela bi urte bahitutako bi soldaduen gorpuak, hilda daudela uste baitu, berreskuratzeko. Gobernuak luze eztabaidatu zuen auzia, eta azkenean, aldeko 22 boto eta kontrako hiru jaso zituen trukatzea onartzeko proposamenak. Armadak ohartarazi zuenez, etorkizunean ekintzaile xiitek soldadu gehiago bahitzeko arriskua ekar zezakeen trukatzea babesteak. Gizartean ere eztabaida sortu du auziak. Gobernuari soldaduen gorpuen truke gehiegi ematea leporatu diote. Israelen, baina, soldaduak estatus berezi bat dute. Hiru urteko soldadutza egin behar dute herritar guztiek, eta 40 urte bete artean erreserban behar dute egon. Herriaren zerbitzura daude, eta, tradizio juduaren arabera, eginkizun moral bat da bahitutako soldaduak askatzeko gizartearen eskuetan dagoen guztia egitea.
Israelek trukatzea onartu izana erresistentziaren garaipentzat jo du Hezbolak. Hashem Saheddin Hezbolako Kontseilu Eragileko presidentearen arabera beste inork munduan ez luke horrelako garaipena lortuko. «Israelek bere soldaduak berreskuratzeko erresistentziaren baldintzak onartu izana gure garaipena da; erresistentziaren hitza egiazkoagoa eta sendoagoa da».
Alemaniak egin ditu bi aldeen arteko bitartekaritza lana, eta hainbat hilabetetako negoziazioen ostean etorri da akordioa. Aurreko astean adostu ziren esparru hitzarmenean.
Israel eta Hezbola bi asteren buruan hasiko dira presoak eta soldaduak trukatzen
Hezbolak 2006an bahitutako bi soldaduak entregatuko ditu, eta, trukean, bost ekintzaile askatuko ditu Israelek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu