Harresi tankera edo banaketa hesi itxura hartzen du herri palestinarrak inguratzeko edo okupatutako lurraldean sigi saga nahasteko duen joeraren arabera. Eraikuntzak polemika sortzen jarraitzen du palestinarrentzat ondorio kaltegarriak berebizikoak direlako. Apartheid hesia da horientzat, erasoak ekiditeko tresna besteentzat. Dena den, aurreikusitako ibilbidearen %60 bete du Israelek. Orotara, 723 kilometro betetzea du helburu, eta 200 kilometro Nazioarteko Auzitegiaren ebazpenaren ondoren eraiki ditu.
Komunitateen banatzailea
Eraikuntza lanak amaitzen direnean, murruaren %87 Zisjordania barruan geldituko da, eta %13 Lerro Berdetik igaroko da, Israelen eta herrialde arabiarren arteko gerraren ondorenean 1949an onartutako nazioarteko irudizko mugan. OCHA Giza Laguntza Koordinatzeko Nazio Batuen Erakundeak salatu du palestinarren 52 komunitate beren lurrik gabe geldituko direla harresiak eginiko banaketagatik. Kalkilia barrutiko Jajus herria da horren adierazgarrietako bat, Zisjordania iparrean. «Murruak bizitza zoriontsua oinaze bihurtu du», adierazi du etsipenez Mohamed Taher Jaber alkateak. Behinola herritarren %80k lurra ereiten ateratzen zuen bizimodua, eta orain herritarren hiru laurden lanik gabe daude. Oinazeari entzungor egiten jarraitzen du Israelek, ordea.