Israel martxoaren 10ean sartuko da Rafahn, Hamasek bahituak aske utzi ezean

Banny Gantz Israelgo gerra kabineteko kideak eman du dataren berri asteburuan. Erasoek gora egiten jarraituko dute datozen asteetan zerrendaren hegoaldean.

(ID_13618004) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Israelen erasoetatik ihes egin duten errefuxiatuen kanpalekuetako bat Rafahn (Gaza) , atzo. HAITHAM IMAD / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko otsailaren 19a
11:05
Entzun

Zerrendaren iparraldean hasi zen Israelen erasoaldia iazko urriaren 7an. 104 egun igaro dira milizia palestinarrak Israelgo lurretan sartu eta sarraskia egin zutenetik. Tel Aviven erantzuna bortitza izan da oso, operazioak zerrendaren iparraldetik hegoaldera hedatuz joan dira, eta Gazako herritarrek bonba hotsekin batera egin dute ihesi. Gaur egun, Rafahn daude gehienak aterpetuta, Egiptoren mugatik kilometro gutxira, menia bat noiz helduko den zain. Su etena, ordea, ez dirudi gertu dagoenik; are gehiago, Israelgo armadak Rafahn lurreko erasoaldi bat egin dezakeen ideiak indarra hartu du azken egunetan.

Benny Gantz Israelgo Defentsa ministro izana (2020-2022), eta egun gerra kabineteko kidea denak azken egunetan adierazi duenez, Hamasek martxoaren 10era arteko epea du bahituak askatzeko. Jakinarazi duenez, ramadana hasten den egunerako haiek askatzen ez baditu, Rafahren aurkako lurreko operazioa hasiko du Tel Avivek. Agence France-Press berri agentziak jaso duenez, Gantzek plan horren berri eman zuen judu-amerikarren konferentzia batean. Times of Israel egunkariaren arabera, baina, ez da data hori aipatzen den lehen aldia; Gantzek berak ostiralean eman baitzuen data horren berri.

Reuters agentziak kaleratu duenez, Israelgo indarrek hegoaldeko operazioa prestatzen daude, eta datozen asteetan erasoak ugaritzea eta gogortzea egitea espero da.

Espero izatekoa zen Israelek lurreko operazioak zerrendaren hegoaldera hedatuko zituela, azken asteetan nazioarteak eskatu arren halakorik ez egiteko. Baina hipotesia zena errealitate bihurtu du Gantzen mezuak, epemuga bat jartzen baitio bahituen aferari.

Judu-amerikarrekin izan zuen bileran, gerra kabineteko kideak adierazi zuen AEB Ameriketako Estatu Batuekin eta Egiptorekin elkarlanean arituko direla zerrendako herritarrei irtenbide bat bilatu eta ebakuazioa errazteko: «Operazioan hil daitezkeen zibilen kopurua ahal bezain beste murriztu nahi dugu». Baina, nora egin alde? Rafah da zerrendako azken hiria. Gero, Egiptoko muga dago, eta Kairok behin baino gehiagotan esan du ez dituela zerrendaren barruan lekualdatuta dauden 1,5 milioi gazatar inguru bere gain hartuko.

Gazatik harago

Tel Aviven oldarraldia ez da Gazara mugatzen. Palestinako lurralde okupatuetan ere areagotu dira armadaren ekintzak. Gaur, esaterako, Zisjordanian gutxienez zazpi palestinar atxilotu dituztela esan du Wafa Palestinako albiste agentziak. Horietako bi, aita-semeak, Ramallahn —Zisjordaniako hiriburu administratiboa—. Gazatik kanpoko oldarraldia biltzen dihardute Palestinako hainbat elkarte. Palestinako Presoen Elkartea da, besteak beste, Tel Aviven gehiegikerien berri ematen ari den elkarteetako bat.

Israelgo espetxeetan dauden palestinarren alde egiten du lan elkarteak. Al-Jazzera Qatarreko telebista katean salatu dutenez, «giza eskubideen aurkako urraketak beti» pairatu dituzten arren, azken hilabeteetan gora egin dute. Abdullah al-Zaghari elkarteko buruaren esanetan, gehiegikeria horiek «Hamasek urrian egindako erasoaren mendeku» gisa baliatzen dituzte Israelgo espetxe langileek.

Guztira 10.000 palestinar inguru daude Israelgo espetxeetan preso, eta, gutxienez 250 adingabeak dira. Horietako 7.000 azken hilabeteetan Zisjordanian eta Ekialdeko Jerusalemen atxilotu dituzte. «Horietako asko kargurik gabe eraman dituzte preso», adierazi du Al-Zagharik.

Nazioarteak, ezinezko

Azken egunetan, nazioarteak presioa handitu du Israelen aurka, menia bat lortu eta Gazako herritarrengana laguntza humanitarioa helarazteko asmoz. Tel Aviv, baina, entzungor aritu da orain arte. Joe Biden AEBetako presidenteak ere egin izan du saiakera azken asteetan, akordiorik lortu gabe.

Gazarako su eten humanitarioa proposatzea bozkatuko dute bihar NBE Nazio Batuen Erakundeko kideek; hala ere, meniak beste saiakera bat itxaron beharko dela aurreratu du Associated Pressek. Izan ere, berri agentziaren arabera, AEBek beto eskubidea baliatuko dute ekinbidea blokeatzeko.

Hori ez da NBEren saiakera bakarra izango. Gaur erakundearen menpe dagoen Nazioarteko Justizia Auzitegiak gutxienez sei egunez luzatuko den audientziak hasiko ditu, Israelek Palestinako lurretan 1967tik daraman okupazioak izan ditzakeen ondorio judizialak aztertzeko. Duela urte bete NBEren Batzar Orokorrak eskatuta egingo da hausnarketa. Bertan, 50 herrialdetik gorako ordezkariek hartuko dute parte. AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak eta Txinak, besteak beste, aztertuko dute sei eguneko gerraren ostean Palestinako lur okupatuetan Tel Avivek izandako jokabidea.

Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak Israelen aurka egin zuen atzo. Israel Adolf Hitlerrekin alderatu zuen Lulak, eta Gazan «genozidio» bat egitea leporatu zion: «Gazako zerrendan gertatzen ari dena ez da gerra bat, genozidio bat baizik. Ez da soldaduen arteko gatazka bat, ondo prestatutako armada baten eta emakume eta haurren arteko gatazka bat baizik».

Ospitale bat gutxiago

25 eguneko setio baten ostean sartu ziren Israelgo militarrak Al-Nasser ospitalean, Khan Yunis hirian. Hogei palestinar atxilotu zituzten «terroristak» izatea leporatuta. Operazioa kolpe latza izan zen bertan babes hartuta zeuden zibilentzat. Armadak argindarra eta ura moztu zituen, eta, ondorioz, lau gaixo hil ziren setioaren lehen 24 orduetan. Egoerak okerrera egin du asteburuan, baliabiderik gabe daudela salatu du ospitalak, eta Israelen erasoak eragindako kalteak direla medio, atzo jakinarazi zuten lan egiteari utziko ziotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.