Palestinako gatazka

Israel su etenari buruzko negoziazioetatik atera da, «ez aurrera ez atzera» daudelakoan

Tel Avivek berriz argudiatu du Hamasek ez duela adosturikoa bete. Militarrek 15.000 lagunetik gora hil dituzte Gazan iragan urriaren 7az geroztik.

Israelgo armada
Israelgo armadako tanke batzuk, gaur, herrialdearen hegoaldean, Gazako mugatik gertu. ATEF SAFADI / EFE
ander perez zala
2023ko abenduaren 2a
17:00
Entzun

Gazarako su etena amaitu eta egun batera, horri buruzko negoziazioak ere bukatu dira. Israelek gaur jakinarazi du meniaz eztabaidatzeko elkarrizketetatik atera duela bere ordezkaritza, «ez aurrera ez atzera» daudela argudiatuta; eta Hamasi bota dio errua berriz ere, esan baitu Palestinako organizazio islamistak ez duela «akordioaren bere partea bete». Hau da: «[Bahitutako] Emakume eta haur guztiak askatzea, emandako eta [talde armatuak] onarturiko zerrenda baten arabera». Atzo goizera arte iraun zuen astebeteko menian, Hamasek «84 emakume eta haur» askatu zituen, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren bulegoaren arabera.

Su etena amaitu zen arren, gerrako bi aldeak Qatarren zeuden oraindik ere, menia berriz indarrean jartzeari buruz hizketan. Tel Aviventzat, Gazan erasoei berriz ekiteko arrazoia Hamasen ustezko suziri jaurtiketa bat izan zen, atzo goizeko ordu txikietan esan zuenez, baina gaur arte ez zuen erabili bahituen zerrendaren afera argudio gisa negoziazioak hausteko. Borroken etenaldiak iraun duen bitartean, Palestinako organizazio islamistak 105 bahitu utzi ditu aske denera —81 israeldar eta 24 atzerritar—, eta Israelek, 240 preso palestinar —guztiak  adingabeak eta emakumeak—; eta, tarte horretan, bi aldeek egunez egun partekatu dituzte libre utzi beharrekoen zerrendak.

Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagari ere argudio horretaz aritu zen atzo gauean, eta adierazi zuen Hamasek ez zituela aske utzi emakume bat eta haren bi haur. Organizazio islamistak erantzun zuen militarren bonbardaketa batean hil zirela, eta Israeli hiruen gorpuak eskaini zizkiola; herrialde horretako gobernuak, ordea, ezetz erantzun zuen, Hamasek azaldu zuenez.

Hamasek erantzun du ez dela presoen eta bahituen arteko beste trukerik izango Israelgo armadaren «erasoa amaitzen» den arte.

Orain, ikusteko dago su etenari buruzko negoziazioak geldituta dauden ala erabat amaitu diren. Palestinako organizazio islamistak, behintzat, erantzun du «orain» ez dagoelako elkarrizketarik, eta ez dela bahituen eta presoen arteko beste trukerik izango «erasoa amaitzen» den arte eta «behin betiko su eten bat» dagoen arte. «Okupazioak behin eta berriz dio oraindik ere emakumeak eta haurrak bahituta daudela, baina guk diogu denak eman ditugula. Gazan dauden presoak soldaduak eta gizonezko zibilak dira, okupazioaren armadan aritu direnak», esan dio Al-Jazeera telebista kateari Hamasen adar politikoko buruzagiorde Saleh al-Arurik.

Nazioartea presio egiten aritu da menia lortzeko, eta espero da datozen egunetan ere estrategia horri eustea Gazako gerrako bi aldeek beste su eten bat adostu dezaten. Horren erakusle da Emmanuel Macron Frantziako presidentea, egunotan Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) dena COP28 klimaren goi bileran parte hartzen; gaur adierazi du Qatarrera joatekoa dela, «menia iraunkor bat» lortzeko negoziazioetan parte hartzera. Dohaz gain, Ameriketako Estatu Batuek eta Egiptok ere egin dute bitartekari lana; azken herrialde horretako presidente Abdel Fatah Al-Sisik gaur esan du lanean jarraituko dutela borroken beste etenaldi bat lortu arte.

Bien bitartean, Israelgo armada testuinguru hori baliatzen ari da Gaza berriz ere gogor bonbardatzeko: atzo berrehun lagun hil eta seiehun zauritu zituen, batez ere zerrendaren hegoaldean egindako erasoetan —Yoav Gallant Defentsa ministroak gaur azaldu duenez, zerrendako «beste eremu batzuetara» zabaldu dituzte operazio militarrak—. Denera, joan den urriaren 7az geroztik militarrek 15.207 gazatar hil dituzte, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, eta badirudi militarrak erasoaldia gogortzekotan direla.

Eta, horren ondorioz, are gehiago okertuko da zerrendako herritarren egoera. ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen zuzendari Robert Mardinik zera adierazi dio Reuters albiste agentziari gaur afera horretaz: «Oraindik ez dugu informazio zehatzik, baina esan dezaket borrokak berriz ere bortitzak direla». Mardiniren arabera, zerrendako herritarrak «heriotza biolento baten beldur» bizi dira, eta oso zail dute bizirik irautea, ur eta elikagai eskasiagatik. «Gazan dena lehertzeko zorian dago». Gaur ere ehun kamioi sartu dira zerrendan Rafahko pasabidetik, Gurutze Gorriaren arabera; hori bai, orain arte jasotako laguntza humanitarioa ez da nahikoa izan.

Huthien martxa

Ekialde Hurbilean, Yemengo matxino huthiak dira palestinarren alde agertu diren eragileetako batzuk. Elkartasun horren adierazle, gaur beste martxa bat egin dute Sana hiriburuan, milaka borrokalariz osatua; huthien arabera, duela gutxi errekrutatu dituzte, eta Gazara bidaliko dituzte, Hamasekin batera Israelgo armadaren kontra borrokatzera.

«Gure Gazako, Palestinako eta Libanoko anaiak babesteko, geure burua eta gure dirua sakrifikatuko ditugu Alaren kausaren alde. Haurrei, emakumeei eta ospitaleei egin diete eraso [Israelgo militarrek], ez dute ezer [bakean] utzi», esan dio Efe albiste agentziari martxa horretan parte hartu duen Amiruden Karar gazteak.

Joan den ostegunean, matxino huthiek berriz egin zioten mehatxu Israeli, ohartarazita lehorreko eta itsasoko «operazioak zabalduko» lituzketela «Gazaren kontrako erasoa berriz» hasiko balu. Talde armatu horren bozeramaile Yahya Sare'ek esan zuen oraindik ere Israelen bandera duten edo jabetza israeldarra duten itsasontzien mugimendua eragozten ari dela Itsaso Gorrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.