Israelen erasoaldia Gazan

Israelek 200 lagun baino gehiago hil ditu dagoeneko Gazan

Atzoko erasoetan 42 lagun hil zituzen. Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua atzo bildu zen, baina ostera ere ez zen gai izan adierazpen bateraturik adosteko, AEBek eragotzita.

Palestinako erreskate taldeak jende hondakinetatik ateratzeko lanean, atzo, Israelek erakina suntsitu ostean. MOHAMMED SABER / EFE
Edu Lartzanguren - Julen Aperribai
2021eko maiatzaren 17a
07:37
Entzun

Astebete igaro da Israelek Gazako setioa hasi zuenetik, eta ez du berehalakoan amaituko den itxurarik. Gazako Osasun Ministerioak berriki eguneratutako datuen arabera, 201 lagun hil dira dagoeneko erasoetan, eta 1.253 zauritu. Atzokoa izan zen orain arteko egunik hilgarriena: 43 lagun hil ziren bonbardaketetan; tartean, hamar haur. Zisjordanian beste 21 zibil palestinar hil ditu Israelgo Armadak azken egunotan, erasoaldia salatzeko egindako protesten kontra jota.

Israelgo Armadaren arabera, atzo eraildakoen artean dago Hasam Abu Hardib Jihad Islamikoaren komandantea. Tankeen aurkako misilen arduradunetako bat da, Tel Aviven arabera. Palestinako Maan berri agentziak ere baieztatu du Abu Hardiben heriotza: esan du goizeko lehen orduetan egindako bonbardaketa batek bere etxea suntsitu duela.

Jopuntuan dituen buruzagi islamisten aurkako operazioekin jarraitzeko asmoa duela berretsi du Israelek asteburuan, eta, argudio hori baliatuta, erasoak egiten jarraitzen du. Armadak ez du adierazpenik egin hildako eta zauritutako zibilen inguruan, baina etengabe ematen du milizien aurkako operazioaren berri. 820 «helburu terrorista» jo eta 130 «terrorista» baino gehiago «neutralizatu» dituela adierazi du. Gainera, armadak jakinarazi du Hamasek Gazan eraikitako tunel baten hamabost kilometro eta Hamaseko komandanteen bizileku ziren bederatzi etxe suntsitu dituztela.

Zuzeneko erasoen ugaritzeak ez ezik, horiek utzitako ondorioek ere larriagotu dute Gazako egoera azken egunetan. Zenbait ospitale eta osasun etxe suntsitu ditu Israelek, eta ukitu ez dituenak gainezka egitear daude. Hala adierazi dio Youmna Al Sayed Gazako kazetariak Al Jazeera telebista kateari: «Ospitaleak baliabiderik gabe geratzen ari dira; korridoreak ohez eta koltxoiez beteta daude». Lurralde okupatuan zirrara eragin du, halaber, bi mediku entzutetsuren erailketak. Atzo goizean, Al-Shipa ospitaleko barne medikuntzako zuzendari Ayman Abu al-Ouf hil zuten, bere senideekin batera, misilekin egindako eraso batean. Beranduago jakin zen Mooein Ahmad al-Aloul neurologoa ere hilda zegoela, bere etxea bonbardatu ostean.

Gainera, zeresana ematen du oraindik Al-Jalaa dorrearen aurkako erasoak. Nazioarteko dozenaka komunikabideren egoitza den eraikina bonbardatu eta erabat suntsitu zuen Israelek larunbatean. Eraikina Hamaseko kideek erabiltzen zutela argudiatu zuen armadak, baina ez zuen inolako frogarik eman horren inguruan. Europako Batasunak gaitzetsi egin du erasoa, baina baztertu egin du Israelen aurkako inolako neurririk hartzea. Peter Stano Atzerri bozeramaileak adierazi du «oso kezkagarria» dela, eta hedabideen lana goratu du, nabarmenduz «are garrantzitsuagoa» dela lan hori gatazken testuinguruan.

NBE, AEBen menpe

Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua atzo bildu zen, baina ez zen gauza izan adierazpen bateratu bat plazaratzeko, Ameriketako Estatu Batuek galarazi zutelako. Edonola ere, NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek ohartarazi du gatazkak eskualde osoa eraman dezakeela «geldiezinezko larrialdira», eta indarkeria berehala gelditzeko eskatu du.

Palestinako Atzerri ministro Riyad al-Malikik salatu egin zuen Israelek larunbatean Satiko errefuxiatu eremua bonbardatu izana. Abu Hatab familako hamar kide hil zituen erasoak, eta bakarrik bost hilabeteko haur bat salbatu zen.

Tel Avivek NBEn duen ordezkari Gilad Erdanek joan zen astearen hasieran Hamasen suziri batek hildako hamar urteko neskato bat ekarri zuen gogora; esan zuen Israel «azpiegitura terrorista desegiteko eta biktima zibilak saihesteko ahalegin heroikoa» egiten ari dela.

Gatazka bigarren astean sartu da. Gazan dauden behatzaileek esan dute Israel zelai hutsak eta Hamasen hustutako baseak bonbardatzen ari dela azken orduetan. Talde palestinarrak, bitartean, irismen motzeko suziriak jaurti ditu, larunbatean Israelen barrurago sartzeko moduko suziriak jaurti ostean.

NBEren erresoluzioa blokeatu ostean, AEBetako presidente Joe Bidenek esan du lanean ari dela israeldarrekin eta palestinarrekin, baina ez du su-etenik edo bakerik jarri helburu gisa, baizik eta «lasaitasun iraunkorra». Grabaturiko mezu batean adierazi duenez, palestinarrek eta israeldarrek «berdin merezi dute bakean eta segurtasunean bizitzea, eta neurri berean gozatzea askatasuna, aberastasuna eta demokrazia».

Euskal Herrian bezala, nazioartean ere protestak egin dituzte asteburuan. Quebecen istiluak gertatu ziren Palestinarren eta Israelen aldekoen artean.

Kanadako Lehen ministro Justin Trudeauk salatu egin zituen istiluak gero. «Edonork dauka era baketsuan biltzeko eta bere burua askatasunez adierazteko eskubidea Kanadan. Baina ezin dugu toleratu eta ez dugu toleratuko antisemitismoa, islamofobia eta edozein motako gorrotoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.