Israelgo armadak gaur goizean aire erasoak egin ditu Damaskon, Siriako hiriburuan, presidentearen jauregitik hurbil. Erasoa egin eta berehala, ohar bidezko adierazpen bat egin dute Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eta Israel Katz Defentsa ministroak, eta adierazi dute Ahmed Al-Xaraa buru duen Siriako behin-behineko Gobernuari mezu bat bidaltzeko modua izan dela erasoa, drusoak «bakean» utz ditzaten. «Ez dugu onartuko Siriako indarrek drusoen komunitateari inolako mehatxurik egitea». Aste honetan bigarren aldia da Israelek Siriari erasotzen diona.
Joan den astearteaz geroztik areagotu egin dira Siriako Gobernuaren aldeko indarren eta drusoen arteko liskarrak, eta ehun pertsona baino gehiago hil dira guztira, Giza Eskubideen Siriako Behatokia GKE gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez. Israelek Siriari eraso egiteko aitzakia gisa erabili ditu drusoak, eta gutxiengoa ez babestea leporatu die herrialdeko agintariei.
Orain hamar mende islametik bereizi zen gutxiengo erlijioso bat dira drusoak, eta Israelek horien alde egin du anitzetan. Siriako biztanleen %5 dira, 700.000 pertsona inguru, eta bertze herrialde batzuetan ere bizi dira; Jordanian, Israelen eta Libanon, erraterako.
Xeikh Hikmat buruzagi espiritual drusoak erran du «kanpaina genozida bat» abiatu dutela, eta esku hartzeko eskatu die nazioarteko indarrei, «bakeari eusteko eta halako krimen gehiago egitea eragozteko».
Asteazkenean, Israelgo armadak Axrafieh Sahnaya hiriari egin zion eraso, Damasko hego-mendebaldean. Eraso horren ondotik, atzo, Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak nazioarteari eskatu zion Siriako gutxiengoak —drusoak, batik bat— «babesteko eginkizuna» bete dezala. Asaad al Xaibani Siriako Atzerri ministroak, berriz, «batasun nazionala» eskatu zuen: «Nazioarteak esku har dezala eskatzeko edozein deik zatiketa handiagoa bertzerik ez du ekarriko», idatzi zuen X sare sozialean.
Katzek ere erantzun zien atzo, eta Al-Xaraari ohartarazi zion Israelek «zorroztasun handiz» erantzungo zuela «Siriako drusoen aurkako erasoak gelditzen ez badira».
2000. urtetik joan den urteko abenduaren 8ra arte, Baxar al-Assad zen Siriako Gobernuko presidentea, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea koalizioak agintetik erorarazi zuen arte. HTS musulman sunitek osatzen dute, eta presidente ohia musulman alauia da, xiiten adarrekoa. Sunitek azaroaren amaieran hasi zuten Al-Assaden gobernuaren aurkako erasoaldia, eta Damasko hiria hartu zuten 11 egunean.
lAGUNTZA huMANITARIOA, KOLAPSATUA GAZAN
Bi hilabete bete dira gaur Israelek Gazara laguntza humanitarioa sartzea galarazi zuenetik, eta, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak ohar bidez jakinarazi duenez, erantzun humanitarioa «kolapsatzeko zorian» dago Gazan. «Sei astez eraso gogorrak bizi izan ditugu, eta, blokeoaren ondorioz, bizirik irauteko behar dituzten oinarrizko hornigairik gabe gelditu gara zibilak».
Pascal Hundt Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko zuzendariordeak erran du zibilak egunero ari direla liskarren aurka borrokatzen, eta «erabat premiazkoa» dela haientzat laguntza humanitarioa. «Ezin da onartu egoera hau are gehiago zailtzea». Orain arte bezala jarraitzen badute, aste gutxi batzuk bertzerik ez dute iraunen, eta sukalde komunitarioek itxi egin beharko dute, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak X sare sozialean herenegun jakinarazi zuenez.
Jantokietan ez ezik, ospitalean ere «larrialdi egoeran» daude, amaitzen ari baitzaizkie arta emateko oinarrizko materialak; hala erran du Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak. Joan den hilabetean hamabost langile humanitario hil zituzten Gazan, eta zuzendariordeak laguntzarako deia egin du: «Gazan ezinbestekoa da laguntza humanitarioa, eta baimena eman behar da hori sar dadin; bestela, ezin dira zibilak babestu. Hori berehala egiten ez bada, zerrenda hondoratu eginen da, eta ahalegin humanitarioak alferrik izango dira».