Israelek berriz abordatu du Askatasunaren Flotilla

Irrati bidez eman die Israelek aurrera ez jarraitzeko abisua; Gazatik 35 miliatara zeudela abordatu, eta portura eraman dituIsraelen kontrako neurriak hartzeko eskatu die flotillak ekintzaileen jatorrizko estatuei

Askatasunaren Flotillako Tahrir Kanadako ontzia, Gazarako bidea hasi aurretik. ASKATASUNAREN FLOTILLA.
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Bigarrenez, Askatasunaren Flotillak ez du helburua lortu. Gazako kostaldetik 35 miliatara zeudela, nazioarteko uretan, Israelgo armadak abordatu egin ditu flotilla osatzen zuten bi itsasontziak, eta Israelgo Ashdod portura eraman. Ekintzaileek sendagaiak eta laguntza humanitarioa zeramatzaten, eta Gazako milioi eta erdi biztanleek 2006az geroztik duten blokeo egoera behin betiko hausteko asmoa zuten. Izan ere, orotara, nazioarteko ekintzaileek 11 saio egin dituzte; horien artean nagusiena 2010eko maiatzekoa, lehenengo Askatasunaren Flotillarena. Orduan, Israelgo armadak, eraso gogorra egin, eta Turkiako bederatzi pertsona hil zituen. Indarkeriaren beldur, ekintzaileen jatorrizko estatuei neurriak hartzeko eskatu die flotillak, Israelek «legez kanpoko» pirateria ekintza egin duelako.

Flotillako iturrien arabera, Israelgo armada eguerdi aldera jarri zen haiekin harremanetan irrati bidez, eta beren helburua zein zen galdegin zienean, «gizateria hobeago bat lortzea» erantzun zuten Tahrir Kanadako itsasontzikoek. Une horretan, Israelek bi ontzien komunikazio baliabideak eten zituen, eta hiru ordu geroago (15:20ean), barkuak abordatu eta portura eraman zituen armadak. Israelgo Gobernuaren arabera, aldez aurretik emaniko abisuari uko egiteagatik erabaki dute ontziak gelditzea, eta soldaduek ez dute indarkeriarik erabili.

Askatasunaren Flotilla berria asteazkenean irten zen Turkiatik. Guztira 27 pertsonak egin dute bidea, bi itsasontzitan: Tahrir izeneko Kanadako ontzian sei ekintzaile, kapitaina eta bost kazetari; eta Saoirse izenekoan, berriz, hamabost irlandar. Bederatzi nazionalitatetako pertsonak bildu dira; besteak beste, kanadarrak, estatu batuarrak, britainiarrak, egiptoarrak, irandarrak, palestinar bat eta australiarrak. Hasiera batean, dena den, bidaia 50 pertsonak egiteko prestatu zuten, baina, Turkiako itsas agintaritzak jarritako debekuaren ondorioz, kopurua murriztu dute.

Bigarren flotilla honek zailtasun ugariri aurre egin behar izan die. Batetik, Grezian itsasoratzeko asmoari uko egin dio, iragan ekainerako prestatu zuten bidaia legez kanpokotzat jo baitzuen Greziak. Ontzi bakoitza portu batetik irten da, eta nazioarteko uretan elkartu dira. Ibilbide osoan zehar ez dira Israelgo uretan sartu, eta, horregatik, Israelen erasoa «delitua» dela adierazi dio Alejandro Fernandez Askatasunaren Flotillako kideak BERRIAri. «Estatu baten ur eremutik kanpo beste itsasontzi bati kontra egitea pirateria da, abordatzea; guk nazioarteko uretan bidaiatzeko eskubidea dugu». Gainera, ekintzaile eta ontziak askatzeko eskatu dute.

Lehen flotillaren ondorioak

Askatasunaren Flotilla —lehenengoa— 2010eko maiatzaren 31n abiatu zen Gazarantz. 37 herrialdetako 663 pertsona, zortzi itsasontzitan bildurik, Txipren elkartu, eta handik atera ziren 10.000 tona laguntza eramatera Israelek blokeaturik zuen Gazako eremura. Hain zuzen ere, 2006an Hamasek Gazako hauteskundeak irabazi zituenean hasi zuen Israelek blokeoa, eta errepide bidez egoki hornitzen zuela baieztatu bazuen ere, gobernuz kanpoko hainbaterakundek salatu zuten Tel Avivek ez zituela herritarren oinarrizko beharrak ase.

Israelgo tropek, ostera, itsasontziei eraso egin zieten, eta borroketanTurkiako bederatzi ekintzaile hil ziren, eta 30 pertsona inguru zauritu. Nazioarteko gobernu eta erakundeek gogor kritikatu zuten Israelen jarrera, eta herrialdeak inguruko estatuekin zituen harremanek okerrera egin dute; bereziki, Turkiarekin. Bi herrialdeen eskaerari jarraituz, Nazio Batuen Erakundeak ikerketa bat egin zuen jazoerei argia emateko asmoz.

Txostenak, baina, Israelen jokaera babestu zuen, «benetako mehatxu» baten aurrean zegoelako eta ezarrita zeukan itsasoko blokeoak nazioarteko legedia errespetatzen zuelako. Hori bai, soldaduek erabili zuten indarkeria «gehiegizkotzat eta onartezintzat» jo zuen. Emaitza horiek Turkiaren haserrea piztu zuten, eta Israeli jendaurrean barkamena eskatzea galdegin zion. Ondorioz, bi estatuen arteko defentsa arloko harreman komertzialak eten egin ziren joan zen irailaren 7an, eta Turkiak Egiptorekin hasi.

Askatasunaren Flotillako kideen aburuz, oraingoan Israelek ez du dudarik izan abordatzea egiteko, aldez aurretik nazioarteak «legezkotasuna» eman baitio NBEko txostenaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.