Nakba eguna da gaur Palestinan. Egun horretan, palestinarrek 1948ko beren exodoa eta Israelgo Estatuaren sorrera ekartzen dute gogora. Bada, Israelek, berriro, azken egunetan bezala, gogor jo du Gaza, eta hango iturri ofizialek adierazi dute ehun pertsona inguru hil dituela; gehienak hegoaldean, Khan Yunisen. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak mehatxu egin zuen asteartean, eta ohartarazi «bete-betean» zirela Gazan sartzekoak. Atzo ere 80 pertsona inguru hil zituzten Israelgo indarrek; hortaz, 2023ko urriaren 7an Gazako setioa hasi zutenetik, gutxienez 53.000 pertsona hil dituzte.
Arabieraz hondamendia esan nahi du Nakba hitzak, eta, hain zuzen, 1948ko maiatzaren 15ean hasitako erbestealdia oroitzeko egunean, beste hainbat bonbardaketa egin ditu Israelek Palestinan, azkeneko urte eta erdian ohitura duen moduan. Eta, Hamasen ustez, Israel «gatazka estutuz» ari da erantzuten bitartekariak —AEB, Egipto eta Qatar— beste su eten bat lortzeko egiten ari diren ahaleginei. Horixe nabarmendu du talde islamistak gaur, ohar batean. «Netanyahuri ez zaio axola zer gertatzen zaien bahituei; ez du nahi gerra behin ere amaitzerik». Hamasen ordezkaritza bat Qatarren dago asteartetik.
Israelek Gazako setioa areagotzeko plan bat onartu zuen aurreko astearen hasieran, eta HRW Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera, planteamendu horrek «triskantza baten gero eta antz handiagoa» du. Tel Aviven asmoa zera da, zerrenda okupatzea eta herritarrak hegoalderantz mugiaraztea. «Palestinarrak leku jakin batean pilatzea krimenak koska bat estutzea litzateke», salatu du HRWek.
Sarekadak Zisjordanian
Planaren berri eman zutenean, Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichek adierazi zuen Gaza erabat «txikituko» zutela, eta han dauden palestinarrek «beste herrialde» batzuetara alde egin beharko dutela. Eta zerrendari bezala, Zisjordaniari ere eraso egiten jarraitzen du Tel Avivek. Al Jazeera telebista kateak kontatu duenez, Israelgo indarrek sarekadak egin dituzte hango hainbat errefuxiatu gunetan. Eskuin muturrekoa da Israelgo Gobernua, eta Smotrich kabineteko ultrenetakoa. Horren guztiaren harira, esan izan du Israelek Zisjordania ere «birrindu» beharko lukeela, eta, horregatik, hango etxeak txikitzera deitu du.
Donald Trump AEBetako presidentea bidaia ofizial batean dago Ekialde Hurbilean —ez du Israelera joateko asmorik—, eta, France-Press berri agentziak kaleratu duenez, adierazi du AEBek Gaza «hartu» beharko luketela, eta gero hura «askatasun eremu» bihurtu. Trump Netanyahurekin batzartu zen otsailaren 4an Washingtonen, eta orduan esan zuen Gaza «Ekialde Hurbileko Riviera» bilakatu nahi zuela.