Israelek esan du beste 22 kokagune ezarriko dituela Zisjordanian

Tel Aviven arabera, «Palestinako estatuaren sorkuntza eragoztea» du xede. PANek eta Hamasek esku hartzeko eskatu diote Mendebaldeari. Osloko Akordioez geroztik inoiz ez dute erabaki hainbeste kokagune kolpean ezartzea.

Israelgo armadako soldadu bat palestinar batzuei begira, Tulkaremen, Zisjordanian, gaur. ALAA BADARNEH / EFE
Israelgo armadako soldadu bat palestinar batzuei begira, Tulkaremen, Zisjordanian, gaur. ALAA BADARNEH / EFE
Igor Susaeta.
2025eko maiatzaren 29a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Israelek segitzen du nazioarteko legedia urratzen eta kolonizazio politikei bide ematen. Izan ere, iragarri du kolonoentzako beste 22 kokagune ezarriko dituela Zisjordania okupatuan. Israelgo Gobernuko bi ministrok plazaratu dute gaur berria. Israel Katz Defentsa ministroaren esanetan, erabakia «estrategikoa» da, eta helburu du Israelgo herritarren «segurtasuna» bermatzea, «Palestinako estatuaren sorkuntza eragoztea» eta estatu juduaren «ekialdeko ardatza indartzea». Bezalel Smotrich Finantza ministroaren arabera, ez dira ari «besteren lurrak» hartzen. Izan ere, Israelek esaten du «herri juduaren aberri historikoaren parte direla» Zisjordaniako lurrak. Katzen hitzetan, modu horretan «Judea eta Samaria-ko [hala deitzen diote israeldarrek Zisjordaniari] kontrola» indartuko dute.

Erabakia iritsi eta gutxira, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buru Mahmud Abbasen bozeramaile batek esan du «arriskutsua» dela. «Gobernu israeldar estremista honek helburu du estatu palestinar independente baten sorrera ahal bezala eragoztea», salatu du Nabil Abu Rudeinehk, Reuters berri agentziak jaso duenez. Bai AEBak, bai EB Europako Batasuna esku hartzera deitu ditu. Hamasek «berehalako neurriak» eskatu dizkie NBE Nazio Batuen Erakundeari eta Mendebaldeari. «Gaitzespen adierazpen hutsetatik haratago joan behar dute, eta praktikoak izan», adierazi du ohar batean. Talde islamistaren ustez, Israelgo Gobernuak «palestinarren kausa akabatu» nahi du; bide batez, oroitarazi du Tel Avivek horretarako «nabarmen» urratzen duela nazioarteko legedia.

Kokagune horiek debekatuta daude, nahiz eta Israel horretan ari den 1967tik, eremu horren okupazioa hasi zuenetik. «Gaurkoa egun handia da kokaguneentzat, baita Israelgo Estatuarentzat ere», nabarmendu du Smotrichek sare sozialetan. Finantza ministroa izateaz gain, kargu bat du Defentsa Ministerioan, eta horrek lotura du okupatutako lurraldeetako auzi zibilekin. Eta modu horretan aurkeztu du erabakia, zeren, Peace Now Israelgo GKE gobernuz kanpoko erakundeak gaur komunikatu batean azpimarratu duenez, Osloko Akordioez (1993) geroztik inoiz ez dute erabaki hainbeste kokagune kolpean ezartzea.

GKE horrek kokaguneen ezartzeen jarraipena egiten du, hain zuzen, eta horren ondorioak aztertzen ditu. «Lurralde okupatuak anexionatzea eta kokaguneak hedatzea da Benjamin Netanyahuren gobernuaren helburu nagusia», adierazi du Peace Nowk. Oharrean ohartarazi du, bide batez, erabaki horrek «goitik behera itxuraldatuko» duela Zisjordania, eta «are gehiago» sendotuko duela okupazioa.

60

Zenbat lagun atxilotu dituen Tel Avivek Israelgo Gobernuaren aurkako protestan. Hamasek bahitutakoak askatzeko modua emango duen akordio bat egiteko eskatuz, milaka pertsonak, gatibuen senideek deituta, protesta egin zuten atzo Tel Aviven. Likud alderdiaren egoitzaren parera iritsi ziren —Benjamin Netanyahu herrialdeko lehen ministroa du buru—, eta istiluak izan ziren. 62 pertsona atxilotu zituen Poliziak, eta, iturri ofizialen arabera, gaur 60k segitzen dute atxilotuta.

Horren guztiaren harira, aintzat hartu behar da Nazioarteko Justizia Auzitegiak iazko uztailean ebatzitakoa: Israelen kolonizazio politikek nazioarteko legea urratzen dutela. NBEren Batzar Nagusiak okupazioaren ondorio juridikoez ikertzeko eskatu zion 2022ko abenduan, eta, urte eta erdi geroago, hori izan zen ebazpena. Bide batez, «okupazioa zabaltzeko» jarduera guztiak bertan behar uzteko eskatu zion NBEren organo judizial gorenak. Dena den, erabakia ez da loteslea; gainera, horren harira, Israelek hamarkadak daramatza are NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak ez betetzen.

Kokaguneei dagokienez, nazioarteko legediak kontrakoa dioen arren, Israelgo legediak kokagune horiek baimentzen ditu. 1967az geroztik ehundik gora kokagune ezarri ditu Zisjordanian, eta horietan 500.000 kolono inguru bizi dira. Azken urteetan azkartu egin du kokaguneen ezartzea; Israel horretan hasi zen 2023ko urrian Gazako setioa hasi aurretik. Nazioarteko Justizia Auzitegiak iaz gogorarazi zuen kolonizazio prozesu hori nabarmen azkartu duela 2022ko abendutik.

Gutxienez beste 64 lagun hil ditu Israelek

Israelgo armadak segitzen du Gaza egunero bonbardatzen, eta gaur gutxienez beste 64 pertsona hil ditu, hango iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Bureij errefuxiatuen esparruan hil du jende gehien, zerrendaren erdialdean: gutxienez 23 pertsona hil ditu han. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7an Gazako setioa hasi zuenetik, Israelek 54.250 pertsona hil ditu.

Bestalde, Gazan laguntza humanitarioa banatzeaz arduratzen den GKE gobernuz kanpoko erakundeak —Israelen eta AEBen babesa du— ukatu egin du aurreko bi egunetan Israelgo armadak bederatzi palestinar hil zituela tiroz, gazatarrak laguntza jasotzera zihoazela. Gaza Humanitarian Foundation

ek gaur ohar batean esan duenez, Hamas «berri faltsuak» hedatzen ari da. Oraingoz, bi gunetan banatu du laguntza humanitarioa, baina Israelgo armadaren irratiak jakinarazi du gaur GKE hori beste bat irekitzekoa zela zerrendaren erdialdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.