Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak atzo gauean esandakoa aintzat harturik, bazirudien Israel bat zetorrela Gazarako aurkezturiko azken su-eten proposamenarekin. Are, Bidenen arabera, herrialde horretako gobernuarena berarena da plan hori, hark diseinatua. Baina Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gaur goizean adierazitakoek bestelako itxura bat eman diote aferari; Netanyahuk erantzun baitu, komunikatu baten bitartez, Israelen baldintzak ez direla aldatu, eta, beraz, bere helburuak betetzen dituen arte ez dela su eten iraunkorrik izango zerrendan.
Honako hauek dira baldintza horiek, Israelgo lehen ministroaren bulegoak X sare sozialean idatzi duenez: «Hamasen gobernatzeko gaitasuna eta gaitasun militarra suntsitzea, bahitu guztiak aske uztea, eta bermatzea Gaza ez dela mehatxu bat izango Israelentzat». Eta su etenerako proposamenaren parte litzateke, hortaz, Israelek baldintza horiek betetzen dituela ziurtatzea; betiere, zerrendarako menia bat indarrean jarri baino lehen. «Ezinezkoa da Israelek baldintza horiek bete arte su eten iraunkor bat adostea».
The Prime Minister's Office:
— Prime Minister of Israel (@IsraeliPM) June 1, 2024
Israel's conditions for ending the war have not changed: The destruction of Hamas military and governing capabilities, the freeing of all hostages and ensuring that Gaza no longer poses a threat to Israel.
Netanyahuren adierazpenak ikusirik, ez dirudi Israelgo lehen ministroa Bidenek jakinarazitako su eten planarekin ados dagoenik. Nahiz eta AEBetako presidentearen atzoko agerraldiaren ondoren Israelgo gobernuburuaren bulegoak mezu bat kaleratu zuen, eta horretan baieztatu egin zuen Tel Avivek bidalitako negoziatzaileek bazutela meniari buruzko plan bat aurkezteko baimena.
Eta horixe bera egin zuen talde horrek, AEBetako estatuburuak atzo gauean jakinarazi zuenez. Plan horrek hiru fase lituzke. Lehenengoa sei astekoa litzateke, eta «erabateko su eten oso bat» sartuko litzateke indarrean Gazan; gainera, Israelgo armada «jendegune guztietatik» joango litzateke eta Hamasek zenbait bahitu askatuko lituzke, «ehunka» preso palestinarren truke. Aldi berean, zibilak haien hirietara eta herrietara itzuli ahalko lirateke, eta haientzako laguntza humanitarioa handituko lukete, zerrendan egunero 600 kamioi sartzeko —iragan hilabetean 216 sartu ziren, Nazio Batuen Erakundearen arabera—.
Bigarren fasean, Bidenen arabera, «borrokak behin betiko» amaituko lirateke, eta Palestinako organizazio islamistak faltako liratekeen bahitu guztiak askatuko lituzke; Israelgo armadaren kasuan, Gazatik aterako litzateke. AEBetako presidenteak ez zuen zehaztu zenbat iraungo lukeen epe horrek, negoziatzeko legokeelako. Eta behin hori guztia gauzatuta, hirugarren eta azken fasea hasiko lukete: Gaza berreraikitzeko plan bat abiatuko lukete, eta hildako bahituen gorpuak Israelen esku utziko lituzke Hamasek.
Palestinako organizazio islamistak, atzo gauean bertan, «erantzun positiboa» eman zion Israelen negoziazio taldeak egindako proposamenari, nahiz eta zehaztu zuen Tel Aviven konpromisoa eta bermeak nahiko lituzkeela hori guztia errespetatzearen inguruan. AEBetako presidentea ere agertu zen planaren alde, atzo, eta, gaur, Europako Batasunak eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sostengua helarazi diote; Israelgo oposizioburu eta lehen ministro ohi (2021-2022) Yair Lapidek ere eskatu dio Netanyahuri onar dezala.
Rafahko pasabideari buruzko bilkura bihar
AEBetako, Egiptoko eta Israelgo gobernuetako funtzionarioak bihar biltzekoak dira, Kairon, Rafahko pasabidea irekitzearen inguruan eztabaidatzeko, Egiptoko Al-Qahera telebista kateak gaur jakinarazi duenez.
Asteotako erasoaldiaren ondorioz, Israelgo armadak Egiptoren eta Gazaren arteko mugaren kontrola hartu du, eta Egiptok nahi du militarrak Rafahko pasabidetik erretira daitezela, laguntza humanitario gehiago sartzeko.