Hezbollahk gaur baieztatu du talde xiitako egungo lider Haxim Safi al-Din hilik dagoela. Hezbollahko erabaki politikoetarako organo goreneko burua zen Safi al-Din, eta iragan irailean hil zuten Hassan Nasrallahren lekukoa hartzeko hautagai nagusietako bat zen. Israelgo armadak atzo gauean jakinarazi zuen hilaren hasieran hil zutela Safi al-Din, Beiruten hegoaldean egindako aire erasoetan. Gaur arratsaldean ohar baten bidez baieztatu du talde xiitak Safi al-Dinen heriotza.
Israelek dio urriaren 4an Beirut hegoaldean egindako bonbardaketa batean hil zuela Safi al-Din. Hiriburuko Dahieh auzoa bonbardatu zuen Tel Avivek orduan, eta horren ondorioz zendu zen talde xiitaren buruzagia. Israelgo agintariek aurrez ere aditzera eman izan dute Safi al-Din hil zutela. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ere baieztatu zuen haren heriotza: «Milaka terrorista desagerrarazi ditugu; horien artean, Nasrallah, Nasrallahren ordezkoa eta ordezkoaren ordezkoa», adierazi zuen X sare sozialean urriaren 8an zabaldutako bideo batean.
Israelgo armadak bart zabaldutako oharraren arabera, Hezbollahko beste hainbat goi kargudun ere hil zituen Safi-al Dinekin batera. Ez alferrik, Israelgo armadak adierazi du Hezbollahren 70 miliziano eta hiru buruzagi hil dituela azken bi egunetan.
Urrian, Al-Jazeera hedabideak, Libanoko iturri ofizialak aipatuz, jakinarazi zuen Hezbollahk ez zuela Safi al-Dinen berririk eraso haien ondotik. Baina talde xiitak ez du beste ezer esan oraingoz. Tel Aviven aurkako erasoekin jarraitu du Hezbollahk, eta azken orduetan Israelgo zerbitzu sekretuen base bati eraso diola adierazi du.
Libanoko oldarraldiak, hilabete
Gaur hilabete da Israelek Libanoren aurkako azken oldarraldia hasi zuela, eta, gaur bertan, aire erasoak egin ditu, besteak beste Libano hegoaldeko Tiro hirian. Israelgo armadako bozeramaile batek X sare sozialean zabaldu du Tiro hiriko biztanleei zuzenduriko mezua: hiriaren mapa bat ageri da mezuan, eta erdigunea gorriz margotuta dago. Gune horretan bizi direnei «berehala» alde egiteko agindu die bozeramaileak, eta azpimarratu du Israelek ez duela kalterik eragin nahi, baina Hezbollahk «indarrez» jardutera behartzen duela. Mezua zabaldu eta ordu gutxira, Libanoko Albiste Agentzia Nazionalak jakinarazi du Tiro bonbardatu duela Tel Avivek.
%25
Libanoko lurren zer zati daukan Israelek ebakuazio agindupean. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, Libanoko lurraldearen laurdena baino gehiago husteko agindu du Israelgo armadak.
Atzo Israelgo hiririk handienetan bigarrena bonbardatu zuen talde xiitak, iazko urrian Hezbollahren eta Israelen arteko ika-mikak areagotu zirenetik lehen aldiz irismen ertaineko misilak erabilita. Tel Avivi eraso egiteaz gain, Haifa hiriari eta Israel iparraldeko beste zenbait eremuri ere eraso zien atzo.
Berri agentzien arabera, Israelen eta Libanoren arteko gerran 2.500 pertsona baino gehiago hil dira azken urtean, eta 11.000 pertsona baino gehiago zauritu. Gainera, Libanoko Gobernuak jakinarazi du 1,2 milioi biztanlek baino gehiagok egin behar izan dutela etxetik ihes.
Gazako gerraren «kostua»
Atzotik, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Antony Blinken Ekialde Hurbilean dabil, hango zenbait herrialdetako agintariekin bilerak eginez. Atzo Netanyahurekin, Isaac Herzog Israelgo presidentearekin eta Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroarekin batzartu zen. Elkarrizketa horien harira, prentsaurrekoa eman du gaur, Saudi Arabiara bidaiatu aurretik.
Blinkenek jakinarazi du iazko urritik Israelek Gazan zituen helburu gehienak bete dituela; besteak beste, Hamasen gaitasun militarra ahuldu duela, haren armen parte handi bat suntsitu duela eta Yahya Sinwar taldeko buruzagi nagusia hil duela. Halere, AEBetako Estatu idazkariak nabarmendu du Tel Aviven «arrakasta» horiek «kostu handia» eragin dietela Gazako palestinarrei. Orain, Blinkenen ustez, bi gauza geratzen dira egiteko: Hamasek iazko urriaren 7an bahitutakoak askatzea eta Gazako gerra amaitzea.
Gatazka amaitu ostean Hamas Gazatik kanpo mantendu behar dela azpimarratu du Blinkenek, eta gaineratu du Israel ere ezin dela zerrendan geratu. «Erabat arbuiatzen dugu Israelek Gaza berriz okupatzea», esan du kazetariek aukera horren inguruan galdetu diotenean. Gainera, jakinarazi du Tel Aviven asmoa ez dela Gazan geratzea, baina beharrezkoa dela gerra amaitzen denerako «plan zehatzak» diseinatzea. Gehitu du Gazako biztanleen «bizitzak berreraikitzeko» lanean ari dela.
Iranek urriaren 1ean 200 misil inguru jaurti zituen Israelera, eta, ordutik, Tel Aviv Teheranen erasoari erantzungo diola iragartzen aritu da. Bada, mendeku hori ere izan du mintzagai Blinkenek. AEBek Israelen defentsarako eskubidea babesten dutela adierazi du Blinkenek; baina esan du gatazka areagotzea eragingo ez lukeen moduren batean erantzun beharko liokeela Tel Avivek Teherani. Gallant ez da iritzi berekoa. Atzo arratsaldean, Israelgo defentsa ministroak aireko armadako pilotuei egindako adierazpenak jaso zituen The Times of Israel egunkariak: «Irani eraso egin ostean, denek ulertuko dute zertarako prestatzen aritu zareten».