Israelek eta Hamasek su-etena adostu dute azken egunetako erasoen ondoren

Hamasek «miliziano talde palestinar txikiagoei su-etena betearazteko ardura hartu du»; menia indarrean dago jadaIsraelek dio ez duela Hamasekin negoziatu, soilik «ezarritako su-etena» betetzen duela

Maite Alustiza.
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Azken bost egunetan Gazan izandako etengabeko erasoen ondoren, Israelek eta Hamasek su-etena hitzartu dute. Egipto izan da menia indarrean jartzeko bitartekaria, eta Hamasek su-etena aldarrikatzeko zuen prestasunari baiezkoarekin erantzun dio Israelek. Arduradun palestinar batek adierazi duenez, Hamasek ardura hartuko du «miliziano talde palestinar txikiagoek su-etena bete dezaten».

Su-etena indarrean zela, eskuz egindako bi misil jaurti zituzten atzo gaueanGazatik Ashkelon hirira, baina inork ez du oraingoz ekintza bere gain hartu. PRC Herri Erresistentziaren Batzordeek —Hamasen alboko taldeek—, su-etenarekiko konpromisoa adierazi dute ohar batean. «Eskuz egindako misilen jaurtiketa behin-behinean geldituko dugu, herri palestinarraren interes nazionalarengatik». Dena den, «etsai sionistarekin ez dela su-eten iraunkorrik egongo» gogorarazi du Abu Atia PRCko bozeramaileak.

Herri Erresistentziako Batzordeak izan dira azken egunetan Israelgo armadaren helburu nagusiak, Israelek haiei egozten baitizkie ostegunean Eliat hirian izandako atentatuak. Geroztik eraso ugari izan dira Gazan, eta batzordeek ez dute orain arte kontraerasoa gelditzeko asmorik azaldu. Ezta Hamasek igande gauean su-etena iragarri zuenean ere. PRCko kideek hamabost suziri jaurti zituzten gau hartan israeldarren aurka, eta Hamasek Egiptorekin adostu zuen menia «inolaz ere beteko ez zutela» jakinarazi zuten. Jihad Islamikoak ere bat egin zuen Herri Erresistentziako Batzordeen erabakiarekin: «Ez dugu su-etena babestuko Gazaren aurkako eraso sionista gelditu arte».

Erasoek jarraitzen zutela ikusita, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak premiazko bilerara deitu zituen gobernuko ministro eta indar armatuetako buruzagiak. Palestinarren erasoek jarraituz gero armadak erantzun egingo zuela ohartarazi zuen. Horrekin batera, «palestinarren su-etenaren aldebakartasuna» azpimarratu zuten, eta argi utzi zuen Israelek ez duela Hamasekin negoziatu. «Guk ez dugu Hamasekin akordiorik sinatzen, ez zuzenean ezta zeharka ere. Israel ezarritako su-etena betetzen ari da».

Hamasen «garaipena»

Hamasen mugimenduei adi zegoen Israelgo armada atzo goizean. «Hamas benetan ari den eta su-etena gainerako talde terroristei betearazten dien ikusiko dugu; hori horrela ez bada eta erasoak badaude, erantzun egingo dugu».

Hamasek, bestalde, «garaipena» ikusten du meniaren iragarpenaren aurrean Israelek egindako atxikitzean. «Israelek bakarrik mehatxatu egiten du, eta gukatzera eragiteko ahalmena dugula erakutsi dugu». Iturri palestinarren arabera, israeldarren erasoetan hil diren lagun gehienak PCRko kideak eta buruzagiak dira; beraz, «Hamas osorik gelditu da erasoen ostean».

Arabiar Liga igandean bildu zen PAN Palestinako Aginte Nazionalaren eskaera aintzat hartuta. Israelek Gazan eta Egiptoko Sinai penintsulan egindako erasoak gaitzesteaz gain, NBE Nazio Batuen Erakundeari esku har dezan eskatu zion, gatazkarekin amaitzeko. Israelgo Parlamentuko presidente Reuven Rivlinek ohiz kanpoko bilerara deituko ditu gaur ganberako kideak, Gazako segurtasun egoera aztertzeko.

Israelgo Gobernuak Hamas, PRC eta Jihad Islamikoa eraso nahi ditu. Bistakoa da Netanyahuren adierazpenetan, baina badira nahi lukeen guztia ez egitera bultzatzen duten bi arrazoi. Batetik, erasoen goraldiak Egiptorekin duen harreman tirabiratsua guztiz hautsiko luke; horrez gain, Jordaniarekin dituen harremanak ere arriskuan jarriko lituzke. Azken horrek Israelgo hegazkinen ostiraleko erasoak gaitzetsi zituen, eta gatazka «eskualde osoaren egonkortasunaren mehatxu» gisa ikusten du. Bestetik, palestinarrek nazioartearekin irailean izango duten elkartzearen aurrean arduraz jokatu nahi du gobernuak. Abu Mazen palestinarren presidentea NBE Nazio Batuen Erakundera joango da estatu palestinar independente baten aldeko babesa eskatzeko.

Egiptorekin krisian

Bitartean, Egiptorekin bizi duen krisi egoerak bereziki kezkatzen du Israel. Israeldarren eta palestinarren arteko gatazkan hiru egipziarren hilketak piztu zuen sua. Egipziarrek israeldarrekiko «jarrera irmoagoa» eskatzen diote gobernuari. Igandean Egiptok Israelen duen enbaxadorea kentzeko mehatxua egin zuen, baita diplomazia-harremanak gutxitzeko ere. Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroaren «aitzakiak» ez dira nahikoak Egiptorentzat, eta idatzizko adierazpen bat espero du, baita mugan gertatutakoa argituko duen ikerketa ere.

Asteburuan ehunka lagun bildu da Kairon Israelgo enbaxadaren aurrean protesta egiteko. Hauteskundeak izango dituzte aurten Egipton, eta, bitartean, bi sareen artean harrapatuta dago gobernua. Batetik, 1979an Israelekin hitzartu zuen bake itunari eusteko presioak jasotzen ditu; bestetik, herritarrek Israelenaurka duten jarrerari aurre egin behar dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.