Israelen eta Hezbollahren arteko gatazka 60 egunez gelditzea adostu dute Israelek eta Libanok. Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak gaur gauean eman du berria, Etxe Zuriaren kanpoaldean egin dituen adierazpenetan. Jakinarazi duenez, ordu gutxi barru, bihar, goizeko lauretan sartuko da indarrean menia —Euskal Herrian, goizeko hirurak direnean—. Gaineratu duenez, datozen 60 egunetan Libanoko armadak tropak bidaliko ditu herrialdearen hegoaldera, eta AEBen, Frantziaren eta beste aliatu batzuen laguntzarekin bermatuko dute su etena betetzen dela.
Bidenek hitz egin aurretik, AEBk proposatutako su eten akordioari onespena eman dio Israelgo Gobernuko Segurtasun Kabineteak. Kabinetearekin batzartu ostean, telebista bidez egin ditu adierazpenak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta argi utzi du, menia adostuta ere, Tel Avivek Libanon esku hartzeko aukera mantenduko duela Hezbollah Israeli eraso egiten saiatzen bada. Eta gehitu du su etenaren iraupena Libanon zer gertatzen den horren araberakoa izango dela.
Netanyahuk ez du akordioaren inguruko xehetasun gehiagorik eman; baina eman ditu su etena adosteko argudioak. Esan duenez, Libanoko gatazka aldi baterako geldituta, Israelgo armadako soldaduek atseden hartu ahal izango dute, arreta handiagoa jarriko dute Iranen «mehatxuan», eta Hamas bakartuko dute.
Hezbollah Israel iparraldeari eraso gehiago egiten hasi zen iazko urrian, Israelek Gazako oldarraldia areagotu zuenean. Eta Israelgo armadak eraso horiei erantzun zien, eta, aurtengo urrian, Libanori lurrez eraso egiten ere hasi zen. Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, iazko urritik, gutxienez 3.823 pertsona hil ditu Israelgo armadak herrialde horretan.
Orain, Israel iparraldeko biztanleak nor bere etxera itzuli ahal izango direla agindu du Netanyahuk. Eta gogorarazi du gerra ez dela amaituko gainerako helburu guztiak lortu arte. Su etena onartzearen aurka daudenei mintzatu zaie, esanez Hezbollah ez dela inoiz itzuliko «izan zena izatera»: talde xiitako buruzagi nagusiak zein milaka miliziano hil dituztela jakinarazi du, baita armak eta azpiegitura militarrak suntsitu dituztela ere.
Iritzi kontrajarriak
Su etena onartzearen aurkakoak ere baziren Netanyahuren gobernuan; hala nola Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro eta ultraeskuindar Itamar Ben-Gvir. Gaur goizean, Kan Radio irrati katean egindako elkarrizketa batean esan du Hezbollahrekin menia bat adostea «aukera historiko bat» galtzea litzatekeela. Hain zuzen, Netanyahuren kabineteko kideetatik Ben-Gvirrek bakrrik bozkatu du meniaren aurka; beste hamar kideek alde bozkatu dute.
Israel iparraldeko hainbat herritako alkateak ere ez dira akordioaren aldekoak. Libanoko mugatik kilometro gutxira dago Metula herria, eta hango alkate David Azulayk eskatu dio gobernuari ez dezala su etenik adostu, eta esan du behin-behineko menia batek ez duela ziurtatzen Israel iparraldea «eremu segurua» izango denik. Iragan urriaren 7az geroztik, 60.000 herritarrek egin dute alde Israel iparraldetik.
Erasoen gorakada
Su etena onartu aurreko orduetan, Israelgo armadak areagotu egin ditu Beirut hegoaldearen aurkako erasoak. Zehazki, Dahieh auzoa bonbardatu du, beste behin, Libanoko NNA berri agentzi ofizialak jakinarazi duenez. Bonbardaketa horietan, gutxienez hamar pertsona hil dituztela jakinarazi du Libanoko Osasun Ministerioak.
Libanoko hiriburuaren aurka ez ezik, herrialdearen hegoaldearen aurka ere jarraitzen du Israelgo armadak. Azken egunetan areagotu egin dituzte kostaldeko Tiro herriaren aurkako bonbardaketak; bada, Israelgo armadak esan du han hil duela, gaur, Hezbollahren kostaldeko operazioen burua. Talde xiitak ez du, oraingoz, informazio hori baieztatu.
Gazari ere egin dio eraso Tel Avivek azken orduetan. Zerrenda iparraldeko Al-Hurriya eskola bonbardatu du Israelgo armadak, eta gutxienez 11 pertsona hil dira eraso horren ondorioz, Palestinako Wafa berri agentziaren arabera. Iragan irailaren 21ean ere bonbardatu zuten eskola hori, eta eraso hartan 44 pertsona hil zituzten. Gazako Osasun Ministerioaren azken datuen arabera, iragan urriaren 7tik hona, 44.250 palestinar baino gehiago hil ditu Israelgo armadak.
GAZA HIRIKO ANBULANTZIEK ETA SUHILTZAILEEK LAN EGITEARI UTZIKO DIOTE, EZ DUTELAKO NAHIKOA ERREGAIRIK
Gazako Babes Zibilerako Defentsak gaur goizean jakinarazi dutenez, Gaza hiriko anbulantziek eta suhiltzaileek lan egiteari utzi beharko diote, argudiatuta Israelek uko egiten diola beharrezkoa duten erregaia emateari. Gazako Babes Zibilerako Defentsak Israelgo Gobernuaren jokabidea salatu du, eta ohartarazi erregairik izan ezean ezin izango dietela laguntzarik eman zaurituta dauden herritarrei. Antzerako motiboak tarteko, organismo horrek 35 egun daramatza Gaza iparraldeko hainbat eremutan laguntza ezin emanda, hala nola Beit Lahian, Beit Hanunen eta Jabalian.