Su etena iragarri bai, betetzeko konpromisoa hartu ere bai, baina Siria hegoaldeko milizia drusoen eta komunitate beduinoen artean ez dago tregoarik. Siriako gobernuburu Ahmed al-Xaraak komunikatu batean jakinarazi du Israelekin su eten akordio bat egin duela Al-Suwayda hiriaren —herritarren gehiengoa drusoa da— inguruko liskarrak gelditzeko. SANA Siriako berri agentzia nazionalak kaleratu duenez, beduinoen zein drusoen hainbat ordezkarik ziurtatu dute prest daudela Tel Avivek eta Damaskok adostutako menia hori bete eta erasoak eteteko. Baina, ordu gutxiren buruan, Siria hegoaldean berriz ere istiluak piztu direla jakinarazi du Giza Eskubideen Siriako Behatokiak.
Al-Xaraak eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak menia adostu zutela aurreratu zuen atzo gauean sare sozialetan AEBen Siriarako ordezkari Tom Barrackek; «Turkiaren, Jordaniaren eta beren bizilagunen onespenaz». Gaur Siriako gobernuburuak berretsi du, eta iragarri armada bidali duela herrialdearen hegoaldera, «su etena betetzen dela bermatzeko». Armada iritsi denean, baina, berriz ere istiluak piztu dira Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera. Erresuma Batuan egoitza duen erakunde horrek zabaldu duenez, azken astean, As-Suwayda hiriaren inguruko liskarretan bederatziehun pertsona baino gehiago hil dira.
Aurreko igandean piztu ziren istiluak bi komunitate horien artean. Aste hasieran, Siriako Gobernuak tropak bidali zituen «segurtasuna bermatzeko», baina liskarrak izan ziren tropen eta milizia drusoen artean; Israelek, berriz, beduinoen eta Siriako hainbat eremuren aurkako zenbait eraso egin ditu, argudiatuta drusoen komunitatea babesteko asmoa duela. Atzo, Damaskok tropak atera zituen eremu horretatik, milizia drusoekin menia bat adostu ostean. Baina orduan ere gutxi iraun zuen tregoak. Israelek bonbardaketak egiten jarraitu zuen, eta tribu beduinoetako kideek beste ofentsiba bat hasi zuten drusoen aurka.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, liskar horien ondorioz 60.000 herritar baino gehiagok utzi behar izan dituzte beren bizitokiak.
Aste hasieran, Netanyahuk «onartezintzat» jo zuen Siriak tropak As-Suwayda inguruan zabaltzea, eta Siriako Defentsa Ministerioaren egoitzari egin zion eraso, asteazkenean. Gaur, Al-Xaraak eskatu du utz diezaiotela Siriari menia ezartzen eta egonkortasuna bermatzen.
Herrialdeko gutxiengo guztiak babesteko konpromisoa duela ere adierazi du Siriako gobernuburuak, eta eraso guztiak gaitzesten dituela. Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroa ez dator bat: «Al-Xaraaren Sirian oso arriskutsua da gutxiengo baten parte izatea —kurdua, drusoa, alauia edo kristaua—. Behin eta berriz frogatu du hori azken sei hilabeteetan», adierazi du sare sozialetan.
Al-Xaraa abendutik dago agintean. Ordutik, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak gidatzen du gobernua, Baxar al-Assad Siriako presidente ohiaren (2000-2024) gobernua erorarazi zuenetik.
Gazan ehun hildakotik gora
Israelek azken egunetan Sirian egin ditu bonbardaketak, baina Gazako erasoak ez ditu behin ere eten. Gaur, gutxienez, beste 116 palestinar hil ditu Israelgo armadak zerrendan, Al-Jazeera hedabideak Gazako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez. Horien artean 38 laguntza humanitarioa jasotzeko gune batetik hurbil zeuden, Rafahn, zerrendaren hegoaldean.