Israelek ez die nazioarteko 300 ekintzaileri hegazkinetan igotzen utziko

Tel Avivera iristekoak dira gaur munduko ehunka ekintzaile; Greziak Gazara zihoan ontzia geldiarazi du

Erredakzioa
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Hegazkinetan igo ere ezingo dute egin nazioarteko giza eskubideen hainbat ekintzailek. Israelek Zisjordaniara joatekoak diren 300 lagun identifikatu ditu, eta euren izena eman die hegazkin konpainiei. Zerrenda beltz horretan daudenei airekoetara igotzen ez uzteko eskatu du Israelek. Ynet albiste agentziak eman du ezagutzera informazioa. Orotara nazioarteko 600 eta 800 giza ekintzaile artean dira iristekoak gaur Tel Avivera. Ben Gurion aireportuan, baina, ehunka polizia dituzte zain. Inguruetan, berriz, segurtasun indar bereziak ezarri dituzte, behar izanez gero, operazioan parte hartzeko.

Ongi Etorria Palestinara ekimena gobernuz kanpoko hamabost bat erakundek antolatu dute. Mundu zabaleko ekintzaileei erresistentzia baketsuaren berri ematea da asmoa eta horretarako astebeteko jarduerak antolatu dituzte Zisjordanian. Orain arte lurralde okupatuetara joaten ziren ekintzaileek turista gisa sartzen ziren Israelera. Oraingoan, baina, estrategia aldatzea erabaki dute; «Palestinara» doazela aitortuko baitute ekintzaileek. Horregatik deportatu egingo ote dituztenikusteke badago ere, litekeena da horrela izatea agintariek egin dituzten adierazpenak aintzat hartuta. Benjamin Netanyahu lehen ministroak berak esan du «probokazioen aurrean» edozein neurri hartzeko prest daudela. Yitzhak Aharonovitch Segurtasun Publikorako ministroak, berriz, ekintzaileak «hooligans-ak» direla esan du. Haaretz-ek jakitera eman duenez honez gero bost ekintzaile deportatu dituzte euren jatorrizko herrialdetara. Frantziakoak dira joatekoak direnen erdiak, baina, ordezkaritza zabalagoa da; AEBetatik, Alemaniatik, Belgikatik, Erresuma Batutik, Italiatik, Kanadatik eta Japoniatik ere joatekoak dira.

Gazara bidean zen ontzia, berriz, geldiarazi egin dute. Dignite Al Karama Korsikatik abiatu zen, baina bentzinaz hornitzeko gelditu zen Sitian. Greziak Kreta hegoaldeko uharte horretan blokeatu du ontzia. Gazara joateko debekua saihestu zuen flotillako ontzi bakarra zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.