Open Arms GKEaren ontzia Gazako kostara heldu da, eta elikagaiak deskargatzen hasi dira

Netanyahuk errefusatu egin du Hamasen su-eten plana, ez delakoan «oso errealista». Israelgo lehen ministroak Rafahrako «ekintza plan» militarrak onartu ditu.

'Open Arms' ontzia, Gazako kostaldean. MOHAMMED SABER / EFE
Open Arms GKEaren ontzia, Gazako kostaren parean, gaur. MOHAMMED SABER / EFE
ander perez zala
2024ko martxoaren 15a
16:50
Entzun

Egoera humanitarioa are gehiago okertzen ari da Gazan. NBE Nazio Batuen Erakundeak esana du zerrendako 576.000 lagun inguru gosetea jasateko zorian daudela, eta ezinbestekoa dela laguntza zerrendara bidaltzea. Jokaleku horretan, Open Arms GKE gobernuz kanpoko erakundearen ontzia joan den asteartean atera zen Zipretik, eta gaur goizean Gazako kostaren parera iritsi da. Are gehiago, duela minutu gutxi hurbildu da zerrendara, eta elikagaiak deskargatzen hasi da —ia berrehun tona eraman ditu—.

Hamasek beste proposamen bat aurkeztu du Gazako gerrarako bigarren su etena adosteko. Palestinako organizazio islamistak eutsi egin dio gatazka militar hori amaitzeko eskariari, baina aldaketa batzuk egin ditu Israelgo bahituen eta Palestinako presoen trukearen aferan; bai kopuruan, bai ituna nola eta noiz indarrean jarri, Reuters albiste agentziak gaur jakinarazi duenez. Israelgo gerra kabinetea biltzekoa da plan hori aztertzeko; ikusteko dago zer erabakiko duen, baina Benjamin Netanyahu lehen ministroak gaur esan du plan hori ez dela «oso errealista». Hori bai, ordezkaritza bat bidali du Qatarko hiriburura, meniari buruzko negoziazioei berriz ekiteko.

Su-eten proposamen eguneratuak bi fase aurreikusten ditu «okupazioa Gazako zerrendan egiten ari den genozidio gerra amaitzeko». Lehen fasean, Palestinako organizazio islamistak joan den urriaren 7an bahitu zituen Israelgo «emakume, haur, eri eta adinekoak» askatuko lituzke, eta, trukean, Israelgo espetxeetan dauden 700 eta mila preso palestinar artean askatuko lituzkete. Gainera, bahituriko «emakumezko soldadu guztiak» aske utziko lituzke Hamasek, eta, horiekin batera, bizi guztirako kartzela zigorra jaso zuten ehun preso palestinar libre geratuko lirateke.

Horren guztiaren ondoren, su eten iraunkor bat indarren jartzeko eguna finkatuko lukete, eta Israelgo tropak Gazatik ateratzekoa; orduan amaituko litzateke lehen fasea. Eta, bigarrenari dagokionez, «bi aldeetako preso guztiak» aske utziko lituzkete; adierazpen horrekin, Palestinako organizazio islamistak erreferentzia egin die bai espetxeratuei, bai bahituei. Aldiz, Hamasek epeez ez du ezer esan testuan, eta hor ere badirudi jarrera malguagoa duela; hori bai, gaur AFP France-Presse albiste agentziak esan du su eten posible hori sei hilabetekoa litzatekeela.

«Bost hilabete gehiegi da hainbeste indarkeriarako. Egiazko saiakera oro egiten ari gara su eten bat lortzeko eta zibil errugabeak babestu eta salbatzeko».

Abdel Fatah al-SisiEgiptoko presidentea

Proposamena negoziazioetako bitartekarien —AEB Ameriketako Estatu Batuak, Egipto eta Qatar— esku ere badago, eta Israel konbentzitzen saiatuko dira, berriz ere. Eta elkarrizketa horien arrakastaz Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidenteak gaur adierazi du espero duela «gehienez egun gutxiren buruan» lortuko dutela ados jartzea. «Bost hilabete gehiegi da hainbeste indarkeriarako. Egiazko saiakera oro egiten ari gara su eten bat lortzeko eta zibil errugabeak babestu eta salbatzeko», esan du Al-Sisik. Israelek uko egin zion Hamasek joan den hilabetean egindako su-eten proposamenari, argudiatuta ez duela Gazako erasoaldia amaituko Palestinako organizazio islamista hori «suntsitzen» duen arte, eta badirudi orain ere ideia horri eustekoa dela.

Hortaz, zerrendaren lurreko inbasioak bere horretan jarraitu du. Gainera, Netanyahuk gaur jakinarazi duenez, Rafahrako «ekintza plan» militarrak onartu ditu, eta azaldu du Israelgo armada eraso posible horren «parte operatiboa» prestatzen ari dela, baita herritarrak ebakuatzeko modua ere; hiri hori Egiptoko mugatik oso gertu dago, eta han daude Gazako errefuxiatu gehienak.

Mustafa, PANeko lehen ministro

Arlo politikoan, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Gobernuaren iragan otsaileko dimisioaren ostean, Mahmud Abbas PANeko presidenteak atzo gauean jakinarazi zuen Mohammad Mustafa izendatu duela gobernuburu, eta erakunde hori erreformatzea eta Gaza berreraikitzeko lanak antolatzea agindu diola.

Mustafa ekonomialaria da, eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeko zuzendaritzako kide independentea. Aurrez, PANeko Ekonomia ministro (2013-2015) izan zen, eta PIF Palestinarako Inbertsio Funtsaren presidentea ere bai. Hau da, PANeko presidenteak gertuko politikari bat hautatu du gobernuburu kargurako.

Eta, hain justu, erabaki hori alde bakarrez hartu izana kritikatu dute gaur Palestinako lau taldek: Hamasek, Palestinako Jihad Islamikoak, PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteak eta Ekimen Nazional Palestinarrak. Ohar bateratu baten bitartez, argudiatu dute «kontsentsurik gabeko gobernu nazional bat» osatzeak «zatiketan sakontzen» duela eta «esklusibotasunaren politika indartzen» duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.