Israelek Gaza bonbardatu eta zortzi lagun hil ditu, horietatik bi adingabeak

NBEk ohartarazi du indarkeria boladak zaildu egiten duela Ekialde Hurbilean bake prozesua berriz abiatzea

Erredakzioa
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Zortzi lagun hil ditu Israelgo armadak Gazan. Hiriko Shajaie auzoan futbolean zebiltzan bi adingabe eta beste hiru lagun harrapatu zituen atzo arratsaldean Israelgo tanke baten bonbardaketak. Zibilak ziren denak. Gaza hiriburuan gehien populatutako auzoa da Shajahie, eta erasoak beste bost lagun ere zauritu ditu, tartean adingabe batzuk. Geroago, Jihad Islamikoko ustezko hiru ekintzaile hil zituen Israelek beste bonbardaketa batean.

Lehen erasoaldian gutxienez lau misil jaurti zituzten israeldarrek, lekukoen arabera. Gazako Shifa ospitalera eroan zituzten gorpuak eta baita zaurituak ere. Israelgo armadak baieztatu egin du erasoa. Euren esanetan, Gazatik Israelera eskuz egindako hainbat misil jaurti zituzten, eta horri erantzun zioten. «Gazako eraikin batetik jaurti zituzten misilak Shaar Hanegeveko Eskualde Kontseilura, eta morteroz egin diogu eraso eraikin horri», azaldu du Israelek.

«Israelgo armadari min ematen dio errugabeak hiltzea, baina Hamasek ezkutu gisa erabiltzen ditu bere biztanleak, eta, beraz, berea da erantzukizuna», dio Israelgo armadak. Atzoko beste hiru hildakoak Al Quds Batailoietako kideak direla baieztatu du Jihad Islamikoak, eta, Israelek azaldu duenez, eskuz eginiko misilak jaurtitzen ari ziren bonbardatu zituztenean.

Beste hemeretzi zauritu

Atzo zortzi heriotza eragin zuten erasoak ez dira azken egunetan Gazan izan diren bakarrak izan. Astelehenetik asteartera bitarteko gauean hainbat aldiz bonbardatu zuen Israelek Gaza, hemeretzi lagun zaurituz.

Joan den asteazkenean Israelgo soldaduek bi lagun hil zituzten, eta larunbatean eskuz eginiko ehun misil inguru jaurti zituzten Gazatik. Larunbatean, beste bi adingabe hil zituen Israelek.

NBEk dio indarkeria handitzeak zaildu egiten duela Ekialde Hurbilean bake prozesuari berriz ekitea, eta nazioarteari «ahalegin berezia» egitea eskatu die, bi aldeak bi estatuen konponbidea negoziatzen jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.