MunDUA

Israelek Gazako hegoaldea bonbardatu du goizean

"Hamasen gune bat" izan du xede, Tel Aviveko iturriek azaldu dutenez, eta inor ez da hil erasoan. Israelgo Knesset Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak jakinarazi eta biharamunera egin du erasoa, erresistentzia palestinarrak koheteak jaurti dituztela argudiatuta.

2009ko otsailaren 12a
20:17
Entzun
Israel eta Hamas Palestinako erakundea behin-behineko su-etenean dauden arren, Israelgo armadak Gazako (Palestina) hegoaldea bonbardatu du gaur goizean, Israelgo Knesset Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak jakinarazi eta biharamunera. Haren arabera, Hamasen gune bat izan du helburu, talde horrek Israelera koheteak bota dituelakoan azkenaldian. Erasoak ez du hildakorik eragin. Erresistentzia palestinarrak koheteak jaurti dituztela argudiatu du Tel Aviveko jarduneko gobernuak.

Bitartean, gobernu berria osatzeko elkarrizketak hasi dituzte alderdi nagusietako ordezkariek.

Urtarrilaren 18tik daude su-etenean Israel eta Hamas. Abenduaren 27tik Israelgo armadak Gazan 1.400 lagun inguru hil zituen, gehienak zibilak (tartean ume eta zaharrak), eta beste 5.550 zauritu, eta milaka etxebizitza eta azpiegitura suntsitu zituen. Hamasen adar armatuak eta erresistentzia palestinarreko beste talde batzuek, berriz, hamahairu israeldar hil zituzten, horietako hamar soldaduak.

Horren ildotik, gaur Hamasen kontrolpeko PAN Palestinako Aginte Nazionaleko kabineteak (bozetatik ateratako zilegizko gobernutzat du bere burua) jakinarazi du 1,1 milioi euro banatuko dituela Israelgo armadaren erasoaldian zauritutakoentzat. Ez dira zauritu guziak onuratuko, erdiak baizik; hauetako bakoitzari 500 euro emango dizkie Gizarte Auzietarako Ministerioak, As-Salamah (Salbu) izeneko karitate erakundearen bidez.

"Fronte bateratua"

Bestalde, gaur FDLP Palestina Askatzeko Fronte Demokratikoak talde politiko-militar guztien "brigada edo fronte bateratua" eratzeko proposatu die erresistentziako beste taldeei. "Erresistentziako ekintzaileek lezioak ikasi dituzte Israelgo armadak Gazaren kontra hiru astetan eginiko erasoaldiaren kontrako borroketan", dio FDLPko adar armatu NRB Erresistentziaren Brigada Nazionalak Maan News berri agentzian zabaldutako komunikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.