PALESTINAKO GATAZKA

Israelek Gazako «segurtasunaren ardura» hartu asmo du erasoaldia amaitzean

Netanyahuk adierazi du «epe mugagabe batez» izan beharko luketela zerrendaren «erantzukizuna». Defentsa ministroaren esanetan, gerraren ondorengo arorako helburuetako bat da armadak «mugarik» ez izatea hango operazioetan.

Hainbat palestinar, gaur, Israelek Khan Yunisen bonbardatutako eraikin baten kanpoaldean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko azaroaren 7a
13:27
Entzun

Gaza okupatzea «hutsegitea» litzatekeela ohartarazi izan dio Joe Biden AEBetako presidenteak bere aliatu Israeli. Etxe Zuriaren iritzi horri buruz galdetu diote Benjamin Netanyahuri gaur goizean, AEBetako ABC telebista katean, eta Israelgo lehen ministroak erantzun du uste duela orain hilabete Gazan hasitako erasoaldia amaitzean Tel Avivek hango «segurtasunaren ardura» hartuko duela «epe mugagabe batez».

Netanyahuren arabera, Gazan dagoeneko 10.300 hildako baino gehiago eragin dituen setioa bukatu eta gero, «Hamasen bidea» jarraitu nahi ez duten horiek gobernatu beharko lukete zerrenda. Talde islamistak 2007tik du zerrendaren kontrola. «Segurtasun arloan erantzukizun hori ez dugunean, gertatzen dena zera da, Hamasen terrorea imajinatu ezin genezakeen eskala batean igotzen dela», nabarmendu du Israelgo lehen ministroak. Horren harira, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak Israelgo Parlamentuko batzorde batean gaur plazaratu duenez, erasoaldiaren ondorengo arorako helburuetako bat da armadak «mugarik» ez edukitzea Gazako operazioetan.

Ikusi gehiago:Palestina eta Ukraina: bi gatazka, nazioarteko harien ispilu

Washingtonek ez du begi onez ikusten Israelek Gaza kontrolpean edukitzea, eta Antony Blinken Estatu idazkariak azken egunetan proposatu du PAN Palestinako Aginte Nazionalak izatea ardura hori, baina nabarmenduta «eskualdeko bazkideek» eta nazioarteko erakundeek rol bat jokatu ahal izango luketela zerrendaren gobernabidean. PANek partzialki gobernatzen du Zisjordania okupatuan, eta ez du baztertzen AEBek planteatutakoa. Mahmud Abbas presidentea Blinkenekin batzartu zen aurreko igandean, eta ondoren adierazi zuen «ardurak» hartzeko prest daudela, «irtenbide politiko bateratuak» barnean hartzen baditu Zisjordania osoa, Jerusalem ekialdea eta Gazako zerrenda.

Bien bitartean, Israel Gazari eraso egiten ari da oraindik ere, bereizketarik egin gabe Hamaseko kideen eta zibilen artean, nahiz eta nazioartea, oro har, gero eta tematiago ari zaion «eten humanitarioak» eskatzen. Etxe Zuriak atzo jakinarazi zuenez, Bidenek eta Netanyahuk horri buruz hitz egin zuten telefonoz, eta aurrenekoak errepikatu zion bigarrenari ahal den neurrian gutxitu egin behar dela zibilentzako arriskua. Eta Israelgo ministroak ez du baztertzen «eten taktiko txikiak» egitea, «ordubetekoak», laguntza humanitariora sartzeko modua izateko. Hori adierazi dio ABC telebista kateari.

Hori bai, baztertu egin du «su eten orokor bat», Hamasek ez baldin baditu aske uzten joan den urrian beren miliziek Israeli egin zioten erasoan —1.400 hildako inguru— bahitutakoak; 240tik gora dira, Tel Aviven arabera. Washingtonek bat egiten du jarrera horrekin. Talde islamistak azpimarratu izan du, baina, Israelek erasoa eteten ez baldin badu ez dituela aske utziko.

Eta ikusitakoak ikusita, ez dirudi G7koek su etenerako eskaera bat egingo diotenik Israeli. Munduko herrialde industrializatuenetako —Alemania, AEBak, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Japonia eta Kanada— Atzerri ministroak bilduta daude Japonian, eta aurreikusten da bihar, bilera amaitzean, adierazpen bateratu bat onartuko dutela «menia humanitario bat» eskatzeko edo hori iradokitzeko, behintzat.

Erasoen harira, Al-Jazeera telebista kate arabiarrak kaleratu du gauean hamasei pertsona hil dituela Israelgo armadak Rafahn egindako eraso batean, eta Khan Yunis hirian ere biktimak eragin ditu. Gainera, Zisjordanian egindako sarekada batean, bi palestinar hil dituzte Israelgo soldaduek —urriaren 7tik 163 hil dituzte lurralde okupatuetan—, eta 50 inguru atxilotu, Wafa Palestinako berri agentziaren arabera.

NBEko goi komisarioaren bisita

NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideetarako goi komisario Volker Tuerkek bost bat eguneko bidaia ofizial bat hasi du Ekialde Hurbilean, Israelek Gaza setiatzeari ekin eta hilabetera. Arabiar Ligako eta Egiptoko Gobernuko agintariekin batzartu da gaur; Rafahko pasabidera joatekoa da bihar, Jordaniara etzi, eta Israelera, Zisjordaniara eta Gazara sartzeko eskaera ere egin du. Aintzat hartu behar da duela bi aste Israelgo Gobernuak jakinarazi zuela uko egingo ziola NBEko ordezkariei bisa emateari, Antonio Guterres erakundearen idazkari nagusiak nabarmendu zuelako Gazako miliziek urriaren 7an Israelen kontra egindako erasoak ez zirela «ezerezetik sortu».

Tuerkek ohar batean atzo azpimarratu duenez, «giza eskubideen urraketek» eragin dute Palestinako gatazka koska bat estutzea, eta, hain zuzen, uste du giza eskubideek «rol ezinbestekoa» dutela gatazka konpontzeko orduan.

Bestalde, Rafahko pasabidea zeharkatuta, Gazatik Egiptora sartu dira gaur beste 330 atzerritar inguru, pasabideko iturriek EFE berri agentziari esan diotenez. Pasabidea aurreko asteazkenean zabaldu zuten lehen aldiz zibilak igarotzeko, eta 1.400 lagun inguruk zeharkatu dute orduz geroztik, bi nazionalitate dituzten palestinarrak eta atzerritarrak kontuan hartuta. Egiptok dioenez, Gazan 60 nazionalitate inguruko 7.000 herritar zeuden setioaren hasieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.