Israelek Gazaren aurkako eraso militarra hasi du

Tel Avivek Hamasen buru militarraren aurkako «hilketa selektiboa» egin, Gaza airez jo eta infanteria prestatu duArabiar Ligak, Abbasen eskariari erantzunez, berehalako bilerara deitu du

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Duela lau urteko gidoiaren atarikoa dakar gogora egungo egoerak Gazan. Presidentetzarako hauteskundeen danbor hotsak gero eta ozenago entzuten diren honetan, Hamaseko buru militarra airetik jaurtitako misil batekin hil du Israelek, «hilketa selektiboen» zerrendari beste izen bat erantsiz; Gazako hogei gune hegazkin militarren bitartez jo ditu; eta infanteria eta erreserbako tropak mobilizatu ditu. «Hamasek eta beste erakunde terroristek erasoak areagotzea erabaki dute azken egunetan. Israelek mezu garbia bidali dio Hamasi», esan du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk. «Hamasen erregimena Irango terrorismoaren ordezkaria da, eta Gaza armak karriatzeko lur azpiko tunelen autobide bihurtu da», Israelgo armadaren eledun Roni Kaplanek.

Duela lau urte ere, antzeko esaldiak entzun zitzaizkien Israelgo orduko agintariei, Berun urtua deitu zioten operazioa abiarazterakoan. Egun bezala, Netanyahu hauteskundeetarako lehia betean zen orduan; egungo Defentsa ministro Ehud Barak aurkari nagusia zuen. «Hamasen guneen aurka», airez hasi zuten 2008ko eraso militarra, abenduaren 28an. Airez hasi ziren atzo ere, Gazako 20 gune joz. Joaldi gogorrena, zalantzarik gabe, Gaza hiriko erdigunean barna zihoan auto baten aurkakoa: Hamasen buru militar Ahmed Jabari zihoan bertan, beste pertsona batekin. Kotxea txiki-txiki eginda geratu zen, eta barruko biak hilda. Hilketa horrekin, bezperan zabaldutakoa egia bihurtu zuen Israelek: «hilketa selektiboak» berriz egiteko asmotan zegoela. Baita egin ere. Baieztatuta geratu zen Netanyahu palestinarrei aurre gogor egiteko presioak jasotzen ari zela. «Odol asko zuen eskuetan», esan zuen atzo Avital Leibovitz teniente koronel israeldarrak, Jabari hil berriari buruz.

«Infernuko ateak»

Jabariren hilketaren albistea zabaldu eta berehala, Gazatik misilak jaurti zituzten Israel aldera, baina ez zuten kalterik eragin. Hamasen adar militarraren esanetan, Israelek «infernuko ateak» ireki ditu atzoko erasoarekin.

Babeserako oinarria izena jarri diote israeldarrek operazio berriari. Hamasen Gazako Osasun Ministerioak, hitzok idazterakoan, zortzi palestinar hil eta 50 zaurituren berri ematen zuen. Hildakoen erdiak eta zaurituetako asko zibilak zirela jakinarazi zuen iturri berak.

Palestinarren negoziatzaile nagusi Saeb Erekatek gogor gaitzetsi zuen operazio militarra: «Eraso honek eremura ekar ditzakeen ondorioen arduradun oso egiten dugu Israelgo Gobernua». PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek, berriz, Arabiar Ligako kideak «berehala» bilera egitera deitu zituen. Egiptoko presidente Mohamed Mursik bat egin zuen eskaerarekin eta Arabiar Ligak larrialdiko bilerara deitu du bart gauean.

Aliatu izandako Egiptoren eta Israelen arteko harremanak ere gaiztotu ditu atzoko erasoak. Israelen duen enbaxadoreari deitu zion Egiptok, egoeraren berri eman ziezaion, eta oso larritzat jo zuen Israelen ekimena.

Operazioa «hedatzeko prest»

Duela lau urte, airez hasitako operazioa lurrez eta itsasoz jotako erasoekin osatu zuten israeldarrek. Atzo, Aire armadako hegazkinez gain, tankeak erakutsi zituen. Eta infanteriako tropak prest dituela jakinarazi; eta erreserbako tropen multzo bat mobilizatu, balizko esku hartze batean parte hartzeko prest egon daitezen. «Beharrezkoa balitz, operazioa zabaltzeko prest gaude», adierazi zuen Netanyahuk. Ehud Barak Defentsa ministroak, berriz, «egoera berezia» ezarri zuen Gazarekiko mugatik 40 kilometrotarako tartean dauden Israelgo herrietan.

Hauteskunde atariko giroaz gain, egun bada beste gai bat Tel Aviveko estrategen mahai gainetan: NBE Nazio Batuen Erakundeak hilaren 29an Palestina bertako kide izendatzeko aukera. Atzo bertan Israelgo Yediot Ahronot egunkariak argitaratu zuenez, Atzerri Ministerioaren barne agiri batean Abbas «eraistea» beste aukerarik ez dute ikusten israeldarrek, Palestina NBEko kide izendatuko balute.

Israelek 2009ko urtarrilaren 19an eman zuen amaitutzat duela lau urteko operazioa, 1.400 hildako inguru —Israelgo armadak 1.166 zenbatu zituen— eragin ostean. Zibilak izan ziren gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.